Gorputz txiki, sakonera handi

Asteartean beteko da mende laurden Joxe Migel Iztueta 'Lazkao Txiki' hil zela. 66 urte zituen. Haren pasadizo, ateraldi eta zirtoak bertsozale askoren gogoan geratu dira. Baita haren samurtasuna eta sentiberatasuna, galdera egokiak egiteko eta gai sakonei heltzeko zeukan erraztasuna ere.

Ezkerretik bigarrena, Lazkao Txiki, 1960an Ordizian egindako saioan. BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Egutegiak apirilaren 3a markatzen zuen. 1993koa. Berehala zabaldu zen Joxe Migel Iztueta Kortajarena, Lazkao Txiki, Donostiako poliklinikan hil zelako albistea. Bi hilabete lehenago, urtarrilaren 28an, bihotzeko ebakuntza egina zioten. «Zuk lo jarriko nauzu, baina nork jarriko du despertadorea» esan omen zion anestesistari. Ez zen gehiago iratzarri. 66 urte zituen.

Biografia hotzak ez du balio 66 urte horietan Iztuetak lortu zuen itzalaren neurririk, zitzaion maitasunaren ertzik, azaltzeko. 1926ko irailaren 15ean jaio zen, Lazkaomendiko (Lazkao, Gipuzkoa) Abaliñe baserrian. 1936ko maiatzean entzun zituen lehendabiziko aldiz bertsolariak, Lazkaon bertan: Uztapide eta Zepai.9 urte zituen. Legorretan (Gipuzkoa) kantatu zuen jendaurrean estreinakoz, 1942an, balkoi batetik. 1950ean, Tolosan, bertsolari gazteentzako txapelketa batean, lehenengo saria irabazi zuen. 1962an, Euskal Herriko txapelketan parte hartu eta laugarren egin zuen, Uztapide, Basarri eta Xalbadorren atzetik. Hurrengo txapelketa nagusian, bigarren egin zuen, Uztapideren ondotik. 1964an, Gipuzkoako txapela jantzi zuen. 1976an eskaini zioten lehen omenaldia, Donostian. Elurra gogotik egin zuen egun hartan, baina horrek ez zuen eragotzilau mila bat pertsonak Lazkao Txikiri miresmena agertzea.

Elur pixka bat egin du ordutik. Omenaldi gehiago egin zizkioten atzetik. Mende laurden ere joan da ia-ia hil zenetik. Eta umoretan bildua segitzen du bertsolariaren itzalak. Hango eta hemengo pasadizoen, ateraldien, bertso irrigarrien memoria du jendeak, izan ere, batez ere. Eta dena ez zuen poz, barre eta uju, Iztuetak berak behin edo behin esan zuenez: «Ni alaia? Etzazula pentsa. Hori ez da izaten kanpotik ageri den bezala. Azaletik ez da ikusten pertsona baten izaera. Barruan izan litezke kezkak. Erdaraz esaten da negar ez egiteagatik barre asko egiten dela».

Estereotipoa

Umoretik kantatzen, pasadizoak kontatzen segitu zuen, hala ere, Lazkao Txikik. Harekin eguna pasatu zuenak egunetarako kontuak izaten zituen. Zergatik eutsi, ordea, estereotipo horri? «Behin hola, zera, txiste eta zelebre hasi, eta gero jendeak hala hartzen zaitu, behatza eman eta besoa hartzen du-eta askotan. Niri drama gustatzen zait. Serioa nahiago dut kasi. Esate baterako, ba, gauza ilun bat. Baina nik holakorik botako banu, herriak esango luke: 'Ez, Lazkao-Txiki ez duk hori'». Hortxe bertsolariaren bertsioa, horri buruz. Hortxe bertsolaria, estereotipoaren itxituran itxita.

Iztuetaren bi aldeak nabarmendu ditu Laxaro Azkune (Azpeitia, Gipuzkoa, 1950) kazetari eta bertsozaleak. Hamaika aldiz egin zuten topo bertso afari, bazkari, plazetan. Haren inguruko hamaika kontu bildu zituen Irriz eta malkoz (Sendoa, 1994) libururako, bertsolari eta bertsozale askorekin hitz eginda. «Lazkao Txikik bazuen irudi bat, barregura edo irribarrea sortzen zuena, bere gestutik hasita. Berak ere, jakinda jendeak hori eskatzen ziola, hori ematen ahalegintzen zen buru-belarri. Atsedenik gabe erabiltzen zuen bere burua zer barregarri, ironiko bilatuko». Hala, bere txikitasuna eta ezkongabe izaera ohiko txantxa gai izan zituen. «Bazekien jendeari horrekin barrea eragingo ziola, eta errekurtso bezala erabiltzen zuen. Bestetik, baina, bazuen sentimental punttu bat, eta hori nabari zitzaion zenbait bertsoaldi eta gaitan». Euskal Telebistan arrakasta itzela lortu zuen Lazkao Txiki(Juanba Berasategi, 1997) marrazki bizidun sailak, hain zuzen ere, horretantxe asmatu zuen, Azkuneren ustez: «Telesail horretan, Lazkao Txiki maitagarri bihurtzen duen samurtasun irudi bat lortu zuten, bere ironia eta gauza guztiei punta aurkitu behar horretan». Hala, bertsolariaren bertso, ibilera eta pasadizo ugari ezagutarazi zuen telesailak, samurtasuna lagun.

«Ikaragarri estimatzen zuen sentimenduetan eta afektibitatean sakontzeko aukera ematen zuten gaiak izatea, bai. Oso ona zen, gainera, gai horietan bere iritzia ematen. Orduan gelditzen zen gustura, eta orduan egiten zuen ekarpena umorean ere bere onena emanez». Halaxe gogoratu du Iztueta Iñaki Murua bertsolariak (Gabiria, Gipuzkoa, 1956).

Eta halaxe oroitu du Imanol Lazkanok (Azpeitia, Gipuzkoa, 1936) ere: sakontasun handiko bertsolari. «Bertsolari handia zen Joxemiel. Naturari begiratzeko modu berezia zuen. Xalbadorrekin batera, gai sakonetan gehien ematen zuena zen, nire ustez. Pena da, Xalbadorrek ez bezala, bertsoak liburuan jartzeko lanik hartu ez izana». Minduta ere gogoratu du Lazkano bertsolariak. «Petraldu egiten zen. Berez bihotz onekoa, umila eta polita zen, baina ez zen lasai bizi bere buruarekin». Ba omen zuen gazte denborako halako erremin bat, txiki izatetik-eta. «Min handiak zituen barruan. Konplejua ere bai».

Lazkanok ondo gordea du gogoan Iztuetak eta berak elkarrekin negar egin zuten eguna. Bilbon izan omen zen, Xabier Amurizarekin eta Jon Lopategirekin kantatu ostean, autoa utzia zuten tokian. «Hau bukatu duk», esan omen zion Iztuetak, ez zuela bertsotan inora gehiago joan nahi. «Denek arlotetzat hartzen zutela, burla bakarrik egiten ziotela eta beste esaten hasi zitzaidan. Nik esan nion Euskal Herrian ez zela bera baino bertsolari maitatuagorik. 'Barre egiteko bakarrik erabiltzen naik ni jendea', esan zidan». Bere bizitzako hainbat kontu ere kontatu omen zizkion saio-ondoko hartan adiskideak: «Biok negarrez bukatu genuen. Horiek denak entzun ondoren, esan nion berriz hots egiten bazidaten harekin kantatzeko neuk jasoko nuela baserrian kantura eramateko». Eta Lazkao Txikik kantuan segitu zuen. Bere gorabehera guztiekin. «Hark ondo jotzen zuen kolpea zen beste inork berdintzen ez zuena. Horregatik geratu da herri memorian».

Sorginkeria hitzarekin definitzen ditu kolpeok Iñaki Muruak. Plaza berean elkarrekin kantatzen hasi aurretik, gai jartzen aritu zitzaion Murua behin baino gehiagotan Iztuetari, eta berehalaxe konturatu omen zen: «Umoreko gaiak-eta berak ateratzen bazituen, berari sorginkeria horrek irteten bazion, orduan zuen gustuko umorea. Batzuetan, baina, mindu egiten zen».

Finetik petral

Iztuetak berak ere onartzen zuen bere minberatasuna puntua. Halaxe erantzun zuen behin elkarrizketa batean: «Nik, behin frenoak askatzen baditut, edozeini edozer gauza esango diot, bestela igual egongo naiz beldurrez atrebitu arte baina. Gainera, haserretu egiten naiz». Finetik asko zuelako zeukan petraletik Lazkao Txikik, Muruaren ustez. «Euskararen gaian, esaterako. Berak sinesten zuen hartan egurra ematen aritzen zen». Lan handia egiten zuen, izan ere, hizkuntza zuzena, landua, buruan asko pentsatutakoa erabiltzen. «Gu denoi, hasi berri ginenean, lehenengo baldintza jarri zigun: bertsotan jarduteko hizkuntza ondo menperatu eta ikasi behar dela».

Euskara eta Euskal Herria gai kuttun zituen kantatzeko Lazkao Txikik. Eta politikak dezente minberatzen zuen, Muruaren esanetan. Zerbait nabarmentzekotan, baina, galderak egiteko zeukan gaitasuna nabarmendu nahi izan du: «Ikaragarri ona zen galdetzen. Umeak galderak egin zaleak dira berez, eta, guk, gure bizitza azeleratu honetan ari garela, moztu egiten ditugu horretan. Hark segitu egin zuen galdetzen. Zentzu horretan, oso zentzu positiboan esanda, ez zion sekula ume izateari utzi». Ulertu arte, Lazkao Txikik segi egingo zion beti galdetzen. Eta pentsatzea maite zuen. Eta irakurtzea, Laxaro Azkunek azpimarratuduen bezala: «Irakurzalea zen, eta kezka asko zituen pertsona. Buruari buelta asko ematen zion; pentsamendua asko lantzen zuen. Ez zen jende askok uste zuen arlote hori». Ados daharekin Murua: «Pentsalaria zen; eta pentsalari handia, bere txikian».

Manuel Lasarte bertsolariak zioenez, Lazkao Txikik Nikolas Ormaetxea Orixe-ren eta Joxe Mari Agirre Lizardi-ren lan guztiak irakurriak zituen 17 urterekin. Ez zen sekula jakintsu sentitu, baina. «Ez, jakintsu behin ere ez. Bertsolari ere, ez dut nik, galdetuta, bertsolaria naizenik oraindik esan. 'Aritzen naiz'. Lotsatu egiten naiz», esan zuen elkarrizketa batean. Ez da iritzi berekoa Imanol Lazkano. Aspaldi idatzi zizkion bertsoak dira horren adierazle: «Handi zerala ez jakitea/ da zure handitasuna».

Jakintsua izatea zer den galdetu zion behin Muruak berak. «Joandako lekuan egoten jakitea», erantzun zion. «Eta Albert Einstein aitatu zidan, gauza batean munduko onena izanik ere, beste gauzetan inutila izan zaitezkeela esateko. Halakoxea zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.