Artea

Gorputz izateko formak

Hodei Herrerosen erakusketa Montehermoson. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Hodei Herrerosen erakusketa Montehermoson. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2024ko apirilaren 30a
05:15
Entzun

'KOSMETAI'

Egilea: Hodei Herreros. Non: Montehermoso kulturgunea, Gasteiz. Noiz arte: Maiatzaren 19ra arte.

Antzinako Grezian, kosmetai-ak ziren edertzearen tekhnea garatzeko arduradunak, ordena eta edertasun publikoaren zaindariak. Haietako batzuek greziar gimnasioak atondu eta bertaratutakoak garbitu eta perfumatzeko ardura zuten; beste batzuek, ordea, tenplu eta eskultura publikoak zaintzekoa eta koloreztatzekoa. Hala, gaur egungo kosmetika kosmeo greziar berbatik datorren hitza da, edertzeari erreferentzia egiten diona. Halaber, kosmeokosmos hitzarekin lotzen da, erro greko berarekin, unibertsoaren ordena egokiari eta formen orekari lotzen zaiena. Gorputzen edertzearen eta formen zaintzaren eta higienearen ulerkera arkaiko hori da Herrerosek berreskuratu duena Kosmetai izenburupean antolatutako mostran.

Montehermoso kulturguneko Jovellanos areto kubikoan aurkituko ditugu oso era harmoniatsuan antolatuta Herrerosen eskultura lanak, zeinak azken urteetan artistak egindako bidearen adibide diren. Lehenengo ikustaldian, espazioa bitan banatzen delako sentsazioa izan dezakegu, batez ere albo bateko zein besteko egur piezen tonuen arteko kontrasteei erreparatzen badiegu. Horrekin batera, deigarria da paretan eta lurrean kokatutako piezen arteko elkarrizketa, zeinak areto osoan zehar hedatzen diren bertikalki zein horizontalki. Halaber, mostrak nahiko giro etxekoia iradokitzen du, hein handi batean argiztapen epelagatik eta eskultura piezen izaeragatik. Izan ere, azken horiek arkitektura elementu zein dekorazio formetatik hain gertu kokatzen dira, ezen, ezinbestean, erakusketa aretoari espazio domestiko kutsua eskaintzen dioten.

Espazio txikira sartu bezain pronto, formen ingeraden nagusitasunaz jabetuko gara, bolumetria nagusia lautasuna izaki. Halatan, lautasuna, edo, zehatzago, lautasunetik formak, figurak eta eskulturak garatzeko nahi berezia da pieza ia gehienek partekatzen duten ezaugarria. Ezkerraldeko hainbat eskulturatan coquette estetika gogorarazten diguten begizta arrosa argiak ikusiko ditugu, egurraren edo kartoiaren moduko materialetan txirikordatuta, kontrastea sortu eta apaingarri zein egiturazko elementu gisa funtzionatzen dutenak.

Halaber, ezkerraldeko pareta zurian ikusiko dugun eskultura pieza bakarra Gestos para 1 besito seriea izango da, zeinetan kokapenaren arabera forma bat edo beste antzemango dugun. Bestalde, egurrezko hiru tenplete ikusiko ditugu, aretoko pilare zurien arabera egokituta. Horiek arretaz inguratzea ezinbesteko mugimendua izango da, bisitariak tenplete bakoitzak gordetzen dituen elementu ornamentalak ikusi nahi baldin baditu.

Aretoaren eskumaldean, egurrezko oinarria duen beirazko mahai bat topatuko dugu, horren gainean zeramikazko kopa bat eta oinarriaren alboan makillajea aurpegitik sakabanatzeko arrautza formako esponja erabiliak. Bestalde, mahaiaren aurreko paretan egurrezko bi pieza egongo dira, makillajez leundutako azalerekin.

Azalaren lanketa garaikidearekin eta apaintzearekin lotutako elementuak ez ditugu soilik bi konposizio horietan topatuko. Izan ere, Herrerosek baliatzen dituen materialetako askok dermisaren zaintzarekin eta gorputzaren modelatzearekin harreman zuzena dute (xaboia, olio naturalak, depilaziorako argizaria edo buztina), zeinak femeninotasunaren iruditeria zehatz batekin ere lotu daitezkeen.

Ingerada formaren eta materiaren arteko muga bada, azala gorputzaren eta munduaren arteko mugatzat ere uler dezakegu. Zentzu horretan, giza azalaren lanketa era zuzenean lotzen da piezen azaleraren lanketarekin. Harreman hau nahiko modu agerikoan ikus dezakegu Kosmeo piezan. Pieza hori lurreko zati bat estaltzen duen egur xafladun konposizioa da eta skincare-a egiteko maskaren formak gogorarazten dizkiguten aurpegi forma hustuak agertzen ditu xafla ertzetan.

Giza azalaren lanketa era zuzenean lotzen da piezen azaleraren lanketarekin. Harreman hau nahiko modu agerikoan ikus dezakegu 'Kosmeo' piezan

Orain dela urtebete ikusi nituen lehengo aldiz Herrerosen bionboak eta beste lan batzuk Bilboko Rekalde aretoan. Une hartan, Herrerosen pieza fin eta leunki landuak iruditeria oso pertsonal baten emaitza iruditu zitzaizkidan, eta estetikoki bereizgarriak ere bai. Mostra honetan, artista gai izan da azalezkotasunaren konnotazioari buelta emateko, lautasuna, azala edo edertasuna bestelako balio batzuekin betez eta gorputzak eraikitzeko forma eta konposizio berriak proposatuz.

Herrerosek bere mundus edo bitxi-kutxa erakusketa espazioan zabaldu eta eskaini digu, eta iruditzen zait gordailu horretako material, forma eta ideiak lantzen eta zaintzen jarraitu beharreko arkitektura puskak direla, batez ere gorputz izateko beste modu batzuk irudikatze aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.