Ipes fundazioaren emakumeei buruzko liburutegiak eta dokumentazio zentroak berrogei urte bete dituzte aurten, eta aste honetan ekin diote urteurrena ospatzeari: Liburuaren anatomia: Irakurtzea, idaztea, editatzea eta beste pasio batzuk solasaldia antolatu dute Iruñeko Alde Zaharreko Pinaquy aretoan. Mari Luz Esteban, Katixa Agirre eta Garazi Arrula gonbidatu dituzte mahaiaren ingurura, eta, Amaia Zufia Ipeseko langileak gidaturik, hiru idazleek elkarrekin arakatu dituzte literatur jardunaren barrenetako hamaika zirrikitu, ikuspegi feministatik betiere. Ezinbestean, sarri ekarri dituzte solasera, adibidez, barne gatazkak, zenbait etiketarekiko dauzkaten dudak, eta kanpo begiradek haien lan eta gorputzak irakurtzeko manerak eragiten dien ezinegona. Hori bai: kontrastean, gozamenari loturiko aipamenak are gehiago izan dira. Pasioa, konplexuez libratu izana, aita pontekoen premiarik eza...; horiek ere ezpainetaratu dituzte, literalki.
Ikusi gehiago
Batik bat, euskal idazle eta feminista direlako gonbidatu dituzte Esteban, Agirre eta Arrula Iruñeko solasaldira. Eta, hara non, beren buruei idazle titulua noiz jarri zieten galdetzeak ere bistara utzi du idazketa jardunean generoak zenbateraino eta nondik hasita izan dezakeen eragina. «Eta, lehenbizi, zera argitu beharko da, gauza bat dela noiz argitaratzen duzun zure lehenengo liburua, eta beste bat noiz hasten zaren zeure burua idazletzat hartzen», hasi du bere esperientziaren kontaketa Agirrek. Berari dagokionez, onartu duenez, urrats baten eta bestearen artean zortzi bat urte pasatu ziren. «2007an Sua falta zaigu atera nuenean, ni nintzen pertsona bat halako batean liburu bat argitaratu zuena, baina ez neukan neure burua idazletzat; horrela aurkezten nindutenean sekulako lotsa ematen zidan».
Berea bezalako kasu asko ezagutzen dituela iradoki du Agirrek, baina ohartarazi du oso bestelakoak ere ikusi dituela inoiz. «Beste batzuetan, kontrakoa gertatzen da: lehenengo kontsideratzen dute bere burua idazle, eta gero argitaratzen dute zerbait. Edo, are gehiago, inoiz ezer argitaratu gabe ere beren buruak idazletzat dauzkatenak ere ezagutu ditut; batez ere gizonez ari naiz», aitortu du. Esaldia leunago bihurtzeko imintzioa egin du segidan: «Gizon batzuei buruz ari naiz». Baina halako irribarre bihurri batekin esan ditu hitzok, eta argudiatu egin du gero: «Gizonena ez diot doako irain gisa, baizik eta emakumeoi askotan irakatsi digutelako umil izan behar dugula, anbizio handirik gabekoak».
«Modu gatazkatsuan bizi izan dut etiketarena; idazlearena nire jantzia ez balitz bezala, oso zure neurrikoa ez den jertse bat daramazunean bezala, edo norberak aukeratua ez dena, alde batera eta bestera erortzen zaizuna eta ez dakizuna oso ongi nola lotu gorputzera»GARAZI ARRULAIdazlea
Arrulak eta Estebanek ere bizi izan dituzte antzekoak, eta antzekoak ikusi ere bai. Anekdota bat freskatu du Estebanek: «Uxue Alberdik Lasarteko [Gipuzkoa] irakurle taldera eraman ninduen nire lehenengo poema bildumagatik, eta galdetu zidan ea idazle sentitzen nintzen. Ez nekiela erantzun nionean, esan zidan hori oso emakumezkoena zela». Eta, ildo beretik, erreparoa nabarmendu du Arrulak: «Modu gatazkatsuan bizi izan dut etiketarena; idazlearena nire jantzia ez balitz bezala, oso zure neurrikoa ez den jertse bat daramazunean bezala, edo norberak aukeratua ez dena, alde batera eta bestera erortzen zaizuna eta ez dakizuna oso ongi nola lotu gorputzera».
Gorputzari lotuta
Mintzagaiak literatura eta feminismoa izanik, gorputzaren aipamena kasik saihestu ezinezkoa dela iradoki du Zufiak solasaldian. Arrulak irmo egin du bat harekin: «Uste dut ez dagoela bereizterik: gorputz batetik aritzen gara —gure kasuan, agerikoena denari begira, gorputz zuri eta emakumezko batetik—, eta horrek eraginik ez duela esatea faltsua da». Dioenez, hori dago oinarrian, baina beste geruza bat ere gehituko lioke auziari: kontzientziarena. Honako duda hau plazaratu du Arrulak, zeharka izanik ere: ea zer subjektu den kontzienteago daukan gorputzaz, eta zergatik.
Aipatu zalantza horren zuzeneko erantzuna izan nahi gabe ere, Agirrek segidan eman du hura argitzeko moduko azalpena. Tradizioari egin dio so. «Tradizioak dio idazleak ez duela gorputzik, burua baino ez duela. Gizonak ez baitu bere gorputzaz arduratu behar, beste bat arduratzen da eta horretaz». Eta, atzera ere, zorrotz mahai gaineratu du gizon kategoriak dakarren ahalmena. Dioenez, «gorputz markaturik» ez izateko aukera du gizonak, «berea unibertsala delako».
Aitorpena ere egin du Agirrek: tradizioak izan du eraginik berarengan. «Nik ere uste izan nuen gorputzik gabeko idazlea nintzela», onartu du. Denborarekin, baina, hori irauli egin du idazleak, bai nahita, bai eta halabeharrez ere. Derrigor, bizitzako zenbait egoera «biolentotan» oroitarazi egin baitiote berea emakume gorputza dela, «eta, itxuraz, ez idazle gorputza»; argazkilariekin izandako hartu-emanak jarri ditu adibide.
«Amatasunaz idazten hasi nintzen batere konplexurik gabe, eta, lehenago, gorputzari bizkar emanda nengoen garaian, igual ez nuen inolaz ere idatziko emakume bati edo umetoki bati hain lotutako gai batez»KATIXA AGIRREIdazlea
Edonola ere, kontatu duenez, dagoeneko urteak dira «onartu» zuela idazle den emakumea dela, «bere behar eta irrikak dituen gorputz bat», eta ohartu da mesede ere egin diola horrek. «Adibidez, amatasunaz idazten hasi nintzen batere konplexurik gabe, eta, lehenago, gorputzari bizkar emanda nengoen garaian, igual ez nuen inolaz ere idatziko emakume bati edo umetoki bati hain lotutako gai batez».
Ausart eta gordin
Idazketan ez ezik, literatur lanek daukaten harreran gorputzak zertan eragiten duen ere izan dute hizpide hiru idazleek. Amaren heriotzak libreago egin ninduen estreinako poema liburua eman ondokoak oroitu ditu Estebanek: batik bat, «ausarta» izatea nabarmendu zioten orduko hartan. «Horrelakoekin bai nagoela deseroso. Pentsatzen baitut gizon bati ez lioketela hori inoiz esango. Pentsatu izan nuen ausarta naizela esaten zidatenean emakume bihurtzen nindutela», kontatu du. Eta, hari entzun ondoan, idazle emakumezkoei jartzen zaien beste izenondo bat aipatu du Arrulak: gordina. «Hori ere askotan erabiltzen da emakumeen liburuak eta idazkerak deskribatzeko».
Urteotan eta «batez ere feminismoari esker» izandako lorpen eta emandako aurrerapauso ugari aipatu dituzte hizlariek, esperantzatsu. Hirurek egin dute azpimarra emakumezkoen literatur lanen kalitatean, eta emakume idazleen arteko saretzea ere nabarmendu dute.
«Duela urte batzuk oso presente izaten genuen ea gizonek irakurtzen zituzten gure lanak. Eta uneren batean zera pentsatu nuen: horrekin tematzen baginen, zera esaten ari ginela, gure lana hobea dela gizonek irakurtzen baldin badute. Hori, zorionez, aldatu da»MARI LUZ ESTEBANIdazlea
Bestalde, esate baterako, irakurleengandik jasotzea espero den horretan ere sumatu ditu aldaketak Estebanek. «Duela urte batzuk oso presente izaten genuen ea gizonek irakurtzen zituzten gure lanak. Kritika ere egiten genien, esanez gizonek ez gintuztela irakurtzen. Eta uneren batean zera pentsatu nuen: horrekin tematzen baginen, zera esaten ari ginela, gure lana hobea dela gizonek irakurtzen baldin badute. Hori, zorionez, aldatu da. Ahalduntzea izango da faktoreetako bat, segur aski».
Hain zuzen ere, antzeko zantzuak ikusi ditu Arrulak inguruan. «Gazte jendearengan sumatzen dut ja ez dagoela halako hainbesteko zamarik. Ez dago aita pontekorik; zuzenean, kideak daude, sareak, baita zenbait belaunalditako emakumeen artean ere. Ez da bilatzen gizonezko baten edo batzuen aitortzarik, ezta haiek zu irakurtzerik ere. Nolabait, sentipena hau da: irakurtzen bagaituzte, ongi; eta, bestela, bost axola».