Ainara Lasaren (Oiartzun, Gipuzkoa, 1975) sortze prozesuek luze jotzen dute beti. Batetik, ez duelako toki egokirik zikintzen duten materialekin aritzeko. Bestetik, eguneroko zereginek ez diotelako aukera handirik ematen horretarako. Baina, batez ere, astia hartu nahi izaten duelako ideiak ondo mamitzeko. Horixe du lan moldea: kontzeptu bati heldu, eta jira eta bira eman, esperimentatu, asebeteko duen emaitza lortu arte, aurrez irudikatutakoa izango ez bada ere.
Azalera erakusketaren oinarrian dagoen kontzeptuak ere aspaldidanik kitzikatzen ditu Lasaren neuronak, eta maiatzean ekin zion egikaritzeari, Idoia Beratarbide artistak Metrokoadrokak antolatzen duen 21 aulki zikloaren barruan erakusketa bat jartzea proposatu zionean. Lasak bi hilabeteko egonaldia egin du hari esker, eta tarte horretan sortutakoa Azalera izenburupean paratu du Oiartzungo (Gipuzkoa) Ehuntze espazioan. Oharra egin du Lasak: «Erakusketan dagoena prozesuaren hasiera da». Ez da, beraz, ohiko erakusketa.
«Gorputz politikoaren ideiatik abiatu naiz, eta gizarte patriarkal honetan gorputz atalei esleitzen zaizkien esanahietatik»
AINARA LASAArtista
Aspaldidanik darabilen ideiak «gorputzak jartzea» eskatu dio, materialki eta literalki, feminismoak aldarrikatu bezala: «Nahi nuen gorputza jarri, gorputza izan zedin moldea, eta hitz egin zezan bere kabuz, erregistro plastiko batean». Ez da gorputz bakarraz ari. Momentuz, inguruko lagunekin aritu da lanean, baina albait jende gehien bildu nahiko luke, haien gorputz atalei «fotokopia» bana-edo ateratze alde, igeltsuz edota latexez. «Gorputz politikoaren ideiatik abiatu naiz, eta gizarte patriarkal honetan gorputz atalei esleitzen zaizkien esanahietatik». Eta, gero, pieza horiek guztiak elkarrekin harremanetan jarriko ditu, eta gorputz berriak sortuko, azalera berriak simulatuko.
Gorputzak eta boterea
Gorputz atalen esanahiek zapalketaz eta botereaz hitz egitera daramate Lasa, eta interesgarri deritzo esperientzia horretan parte hartzen duenari gogoeta bat eskatzea, idatzita utz dezan. Izan ere, asko dira sentsazioak: «Igeltsua gogortuz joaten da, eta zure gorputzean harrapatuta sentitzen zara; igeltsuak zure gorputzera ekartzen zaitu».
Ildo horretatik, ikerketa prozesu baten antzean planteatu du Azalera proiektua, eta garrantzi handia eman dio prozesu osoa dokumentatzeari. Horretarako, argazkiak, testuak eta batez ere bideoak izan ditu lagun, hastapenean halakorik aurreikusi ez zuen arren: «Bideoetan gauza zoragarria gertatu zen: igeltsuzko piezak, adibidez bizkarra edo bularraldea, norberak askatu behar zituen gorputza mugituz, eta dantza moduko bat sortzen da hor». Igeltsua gainetik kentzeko une hori bada liberazio moduko zerbait ere: «Igeltsua lehortzen den bitartean geldirik egon beharra dago, eta, ondoren, kortsea izan den horretatik askatzeak zure gorputzaren kontzientzia hartzera eramaten zaitu».
«Bideoetan gauza zoragarria gertatu zen: igeltsuzko piezak norberak askatu behar zituen gorputza mugituz, eta dantza moduko bat sortzen da hor»
AINARA LASAArtista
Artean ez daki jende asko bilduko duenean sortuko dituen ehunka piezak nola artikulatuko dituen, baina argi du kontzeptuak bere horretan iraungo duela: «Gorputz berriak eta esanahi berriak sortu nahi ditut, ez emakume ez gizon izango diren Frankenstein edo ziborg horietatik abiatuta». Finean, galdera bat baitago horren atzean: zein toki duen gorputz bakoitzak eta atal bakoitzak gizartean.
Latexa
Igeltsuz sortzen dituen moldeei igeltsu hautsa eta ura gehitzen dizkie, gainazala leuna gera ez dadin: «harramazkatu-edo egiten dut, gorputzen arrastoak, zimurrak eta orbanak irudikatzeko».
Igeltsuaz gainera, latexa ere berehala jo zuen begiz Lasak: «Interesgarria iruditzen zitzaidan azal berriak simulatzeko». Besteak beste, azalaren tankera hartzen duelako lehortzean, baina baita tinteak onartzen dituelako edo beste material batzuk ere nahasten ahal zaizkiolako ere. «Nire materialen munduan beti ageri da haria; ez dakit zergatik. Kasu honetan, gorputz atalak lot ditzake, eta zainak eta zurdak ere ekartzen ditu gogora». Nolanahi dela ere, esperimentazio fasearen partetzat jo du haria.
Oihal baten gainean jarri dituen latexezko zatiek, berriz, aspaldiko beste ideia bat ekarri diote gogora Lasari: «Behinola egin nahi izan nuen pankarta bat, hitzik gabea, emakume ugariren latexezko titiz, hankaz, ipurdiz eta atalez betea». Orduko hartan aldarri bat izan zuen buruan: «Gorputz guztiei tokia ematea». Momentuz horretan ari ez bada ere, ez du ideia baztertu.
Katalogoa
Erakusketari lotuta, katalogo gisako liburutxo bat ere badu Lasak. Prozesuan erabilitako materialei eta lortutako testurei ateratako argazkiak ageri dira orrialde gehienetan, eta paper desberdinetan daude inprimatuta; horietarik batzuk gardenak hautatu ditu, hain zuzen, gardenean inprimatuta dagoena azpiko paperean datorrenari gainjarriz irudi berriak sortzen direlako. Kontzeptuen mapa bat ere badakar, alfabetikoki antolatua.