Kritika-Antzerkia

Gorotzak atarian

'Fidel izan beharraz' antzezlana. DONOSTIA KULTURA
'Fidel izan beharraz' antzezlana. DONOSTIA KULTURA
Agus Perez.
2025eko urtarrilaren 18a
04:35
Entzun

‘Fidel izan beharraz’

Konpainia: Zurriola Antzerki Eskola. Egilea: Oscar Wilde. Euskaratzea: Antton Olano. Zuzendaritza: Joserra Fachado. Antzezleak: Jon Aldabe, Aitor Andonegi, Josu Ariño, Nerea Arriola, Xabier Iturraspe, Izaskun Labat, Guillem Morales, Jasone Sertutxa, Aintzane Usandizaga. Lekua: Gazteszena aretoa (Donostia). Eguna: Urtarrilak 16.

 

Hiri-kondairak dioenez, aberatsak antzerkira zaldi-gurdiz joaten zirenean, antzokiko atarian pilatutako gorotz kopuruaren araberakoa zen emanaldiaren arrakasta.

Horretaz (ere) ibili gara hizketan Joserra Fachadorekin Fidel izan beharraz-en estreinaldian, eta bide batez esan dit badirudiela Ernesto izenak nolabaiteko lotura daukala Fidel izenarekin, edo esangura bera agian, Antton Olano itzultzailearen aburuz. Horregatik deitu da oraingoan Fidel izan beharraz Oscar Wilderen The Importance of Being Earnest antzezlan famatua. Betiere zuzendariaren hitzetan, Olanok komentatu zion «egun inork ez duela Wilderen testuak osorik eszenaratzen», eta Fachadok arrapostu, «bada, guk bai».

Ez dute, beraz, lan makala izan Zurriola Antzerki Eskolako kideek egile irlandarraren testua eszenaratzean, baina horretan bi makulu sendotan bermatu dira berez arriskatua zena portu onera eramateko. Bata, dudarik gabe, euskaratze fina, jasoa eta orbanik gabea izan da, benetako gozamena izan baita testu osoan zehar antzeman ditugun euskarazko ordain egokiak entzutea, eta ez —euskarazko antzezlanetan maizegi gertatzen den bezala— erdarakadak, itzulpen kaskarrak eta aspalditik lekuz kanpo dauden esamoldez jositako testua jasatea. Antzerkilari maiteok, zuen lanak plazaratzeko ez du balio euskaraz ustez ondo jakiteak: eskatu laguntza benetako profesional bati, zuen eta euskararen duintasunagatik sikiera.

Eta beste bermea, nola ez, zuzendariaren hautuak izan dira: eszenografia ia eskematikoa baina esanguratsua diseinatu, atalen arteko etenak ilunekin soilik markatu, pertsonaien janzkerari izaera erdi komiko erdi surrealista eman eta dramaturgia umoretsuan clown ukitu ia subliminalak, txantxa fisiko politak eta hitz batzuen ahoskatzean efektu txikiak txertatu baititu.

Horrek guztiak pantomima kutsu atsegina eman dio muntaiari, baina erritmo biziari dagokionez, neure zalantzak ditut, ahoskatze edo deklamazio landu baten ezean, zaila egin zaigulako abiadura handian esandako esaldien ironiak eta kritika sozial sakonak harrapatzea. Bestetik, nabariak izan dira antzezle guztien segurtasuna eta ataka eszeniko zailetatik erabakimenez irteteko gaitasuna. Era berean, esan beharra dago idazle, itzultzaile eta antzezle ezagun batzuk etorri direla estreinaldira, Zurriolakoek pizten duten xarmaren froga gisa. Gorotzak atarian, beraz. Gorotzak!  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.