Historiak oihala eman dio. Eta fantasiak, haria. Halaxe josi du Mikel Begoñak (Sopela, Bizkaia, 1964) Argia iraungi zen tokia komikiaren gidoia. Igor Sarralde lanbidez irakasle eta irudigilearekin (Algorta, Bizkaia, 1988) osatu du bikotea. Getxoko (Bizkaia) 34. komiki lehiaketaren ostean lotu ziren biak proiektuari, Begoñak Sarralderen lan saritua ikusi—Sagarra eta gezia—, gogoko izan, hura kasik auzokidea duela konturatu, eta elkarrekin aritzeko gonbita egin zionean.
Komikia espazio eta denbora koordenatuetan kokatzeko bi hitz joko egin dituzte egileek. Bata izenburua bera da: Argia iraungi zen tokia-kXVIII. mendera darama irakurlea, hain zuzen, Argien Mendea deiturikora; ez, ordea, helburu estetiko hutsez, ezpada orduko kontraesanik handienetako bat agerian jartzeko. Begoña: «Ilustratuek aurrerapenaren eta askatasunaren alde egin arren, esklabotza beharrezkotzat eta naturaltzat jotzen zuten». Euskal Herriko ilustreen adibiderik ere jarri du gidoilariak: «Peñafloridako kondea, kasurako, uste zuten ongile itzela zela, baina Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren sortzaileetako bat izan zen, eta haiek ere esklabotzan jardun zuten. Dirutzak egin zituzten horri esker».
Komikiko bigarren hitz jokoa tokiaren izenean ageri da. Egileek inperio britainiarraren menpeko uharte bat behar zuten istorioa kokatzeko. Jamaikak «hamaika» iradoki zien, eta, hortik, itzulpen moduko batez lagunduta, St Eleven uharteak ikusi zuen argia. Hara iritsiko da, hain zuzen, komikiko pertsonaia nagusia, Joseph Tribiñu esklabo-trafikatzaile gorliztarra; Marrazo kapitaina goitizenez.

Izatez, pertsonaia erreala da Joseph Tribiñu. Haren berri Plentziako (Bizkaia) itsas museoko arduradun David Crestelok eman zion Begoñari: «Esan zidan New Orleanseko emakume batek —Jennifer Morris— idatzi ziola, arbaso gorliztar baten bila ari zelako. Emakume hark bazekien bere arbaso hark, Tribiñuk alegia, esklaboak garraiatu zituela Karibetik Louisianara». Ikertzen hasi, eta haren bautismo agiria aurkitu zuen Begoñak, baita haren senideen gaineko informazioa ere: «Batzuk kapitainak ziren. Barku txikiak zituzten, 50 eta 100 tona artekoak; garia eta antzeko gaiak ekartzen zituzten, Bizkaia pobrea baitzen garai hartan».
Tribiñuz gainera, bada beste pertsonaia historikorik ere; kasurako, Nanny, Karibeko esklabo matxinatuen gidari eta mendialdeko zimarroien buruzagia. Begoña: «Nanny Gineako golkoan sortu zen, Ghanan, Ashanti leinuan; gaur egun oso mitifikatuta dago, baina badakigu zimarroien aldeko hitzarmen bat sinatzera behartu zituela britainiarrak». Haren alaba Nanny Youngen berri ere badakar komikiak.
«Nanny Ghanan sortu zen, Ashanti leinuan; gaur egun oso mitifikatuta dago, baina badakigu zimarroien aldeko hitzarmen bat sinatzera behartu zituela britainiarrak»
MIKEL BEGOÑAGidoilaria
Ilustrazioa
Eta zer izan liteke Ilustrazioari lotuago, jakintza zientifikoa, entziklopediak edota lorategi botanikoak baino? Horren beraren erakusgarri da komikiko beste pertsonaia bat: Jose Domingo Antonio Bernabe de la Encina pertsonaia, goitizenez Colibri. Tribiñuren bergantinean helduko da St Eleven uhartera, ornitologo gisa heldu ere; baina Karibeko hegaztien entziklopediarako marrazkiak egiteko aitzakian, britainiar inperioaren mendeko gotorleku militarrak espiatuko ditu Espainiako Erregearen aginduz.
Antillak «oso toki beroa» zirela ere esan du Begoñak: «Hango komertzio antolatuak hiruki moduko bat osatzen zuen: Europatik Afrikara, Afrikatik Karibera, eta Karibetik bueltan Europara. Potentzia nagusiek interes handiak zituzten bertan».
Colibri pertsonaiari keinu eginez, garai hartako ilustratzaileen estilora egokitu du bere lana Sarraldek: «Marrazki guztiak digitalki sortuta dauden arren, paper berezi baten testura eman diot, eta Txinako tinta imitatzen saiatu naiz».
«Gorliztarrak ez zuen aurreiritzirik beltzen aurka. Nolabait esanda, sistema antolatu horretan sartu zen, baina, era berean, esklaboei laguntzen bere aritu zen»
MIKEL BEGOÑAGidoilaria
Amaiera gozoa
Esklaboen eta lur jabeen arteko borrokez harago, liskar geopolitikoak ere puri-purian ageri dira, beraz, eta giro horrexetan mugituko da Tribiñu ere, esklaboen tratulari gisa. Alta, Begoñak ez zuen Tribiñu «maltzurregi» irudikatu nahi, eta komikian maitasuna gailentzen da azkenerako: «Gorliztarrak ez zuen aurreiritzirik beltzen aurka. Nolabait esanda, sistema antolatu horretan sartu zen, baina, era berean, esklaboei laguntzen bere aritu zen».
Datu horien eta gehiagoren arrastoa New Orleanseko artxibategi bateko agirietan aurkitu zuen Begoñak. Bildutako informazioa eranskin gisa dator abentura komiki honen atzealdean; baita Tribiñuren zuhaitz genealogikoa ere. Tribiñu Margueritte izeneko «emakume beltz libre» batekin ezkondu zela diote agiriek.
