Gorka Urbizuren lehen kontzertuetarako sarrerak salgai asteazkenetik aurrera

Donostian joko du lehen kontzertua Urbizuk, otsailaren 23an. Orotara bederatzi kontzertu iragarri ditu, horietatik zazpi Euskal Herrian.

Gorka Urbizu
Gorka Urbizu musikaria. IBAI ARRIETA
2024ko urtarrilaren 22a
11:40
Entzun

Bakarkako lehen lana aurkeztu eta astebetera iragarri ditu lehen kontzertuak Gorka Urbizuk (Lekunberri, Nafarroa, 1977). Donostian emango du lehena, Intxaurrondoko Kultur Elkartean, otsailaren 23an. Hortik aurrera beste zortzi kontzertu ere eskainiko ditu, horietatik zazpi Euskal Herrian, beste bat Madrilen, eta beste bat Bartzelonan.

Otsailean, Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere entzun ahal izango dira Lekunberrikoaren Hasiera bat diskoko abestiak: hilaren 28an, Gaztea sarietan joko du, Bizkaiko hiriburuan, eta 29an Gasteizen, Kubik aretoan. Apirilean helduko da hurrengo aukera: hilaren 12an, Iruñeko Zentral aretoan joko du; 19an, Madrilgo Joy Eslavan; eta 27an Bilbora itzuliko da, Kafe Antzokira.

Maiatzaren 18an, berriz, Miarritzeko Atabal aretoan izango da entzungai, eta hilaren 25ean, Bartzelonan, Parallel 62 aretoan.

Ekainerako iragarri du azken kontzertua: oraingoz, hilaren 7an izango da, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Sarrerak asteazken eguerditik aurrera erosi ahal izango dira, Gorkaurbizu.eus webgunean.

Berri Txarrak taldeak 2019an ibilbidea bukatuta ere, doinu berrien bila aritu da musikaria urteotan, eta franko aurkitu ditu azkenerako. Horietako hamar jaso ditu bilduma batean, eta bakarkako lehenbiziko diskoa plazaratu du hala: Hasiera bat. Entzun hemen.

Zerrenda moduko bat osatzen dute Urbizuk argitaraturiko hamar kantuek: Maitasun bat, Teoria bat, Tren bat, Toki bat, Janela bat, Kolore bat, Lilura bat, Etxe bat, Sute bat eta Besterik ez. Pieza horietan guztietan, doinu aski biluziak bistaratu ditu musikariak. Soinu geruza gutxi metatu ditu abestietan; kontrara, «gordin» utzi ditu, oro har. Kantuak «erantzi, hustu eta kimatu», horien muinak agerian uzteko saiakera betean, diskoarekin batera argitaratutako oharrean idatzi dutenez. «Soiltasunaren ederra lortzen ahaleginduz, sortuko denaren beldurrik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.