berri txarrak

Gorka Urbizu: "BECeko kontzertua bada mirari txiki bat"

Larunbatean Barakaldoko erakustazokan 10.000 pertsona bilduko badituzte ere, kontzentrazioa abestietan jarriko dutela aurreratu dute Berri Txarrak taldeko kideek. Gutxienez, ateak ireki baino ordu erdi lehenago agertzeko deia egin diete zaleei

Inigo Astiz
2018ko martxoaren 15a
07:51
Entzun

"Gure harribitxia kantuak dira". BEC erakustazokan 10.000 zale bilduko ditu larunbatean Berri Txarrak taldeak, Infrasoinuak diskoaren aurkezpen biraren barruan. Urduri daudenik ez dute ukatu musikariek, eta datu teknikoen berri ere eman dute Barakaldon bertan eskainitako prentsaurrekoan. 200 pertsona izango dira ekitaldirako lanean, 150 argi aparatu baino gehiago izango dituzte, bi pantaila erraldoi agertokiaren bi aldeetan, 5 bideokamera, eta, batez ere, 25.000 watt soinu inguru. Eta, halere, zenbaki horiekin kontrastea eginez, abestietan jarri nahi izan dute arreta Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre taldekideek. "Alderdi estramusikal asko egon dira tarteko, eta zailena izan da kontzentratzea lokalean, kantak prestatzen eta berotzen. Eta ongi etorri zaigu atzerriko bira horretarako". Zehaztu dutenez, funtsean, hori izango baita larunbateko emanaldia: "Izango da Berri Txarrak-en kantu bilduma bat, baina ohituta ez gauden modu batean".

Urbizuk azaldu du zergatik hartu duten kontzertua BECen eskaintzeko erabakia. "Azkeneko diskoetan tokatzen ari zitzaigun Euskal Herrian hiri bakoitzean lau edo bost kontzertu jarraian ematea, eta igual zazpi ere eman genitzakeen batzuetan, eta pentsatu genuen: zergatik ez saiatu gau berezi eta bakar bat egiten gure zale guztiekin?". Hasiera batean, 5.000 pertsonarentzako aritzea zen taldearen asmoa, baina gehiagoren gosez igarri zuten jendea antolatzaileek, eta, azkenerako, bikoiztu egin da aretoan sartuko den jende kopurua. Horregatik kontzertua zutik ikusteko aukeraz gainera, harmailetan esertzeko aukera ere gehitu zuten. 200 sarrera inguru baino ez dira gelditzen jadanik, eta egunean bertan leihatiletan salmentarik ez egotea da ziurrena, ondorioz.

Milagarren kontzertua

Asteburuan eman dute kontzertua Bartzelonako Razzmatazz aretoan, eta lasaigarri suertatu zaio taldeari han izandako harrera. Agortu egin ziren sarrerak han ere, eta gertu sentitu zuten jendea. Kritikak ere onak izan ditu emanaldiak, eta pozik daude Berri Txarrak-ekoak horregatik. Eta zehaztu dutenez, han sentitutako gertutasun hori da, kopuruak kopuru, larunbatean BECen eskaini nahi dutena. BECekoaren ondoren, Madrilen ere jotzekoak dira, gainera, eta aurreratu dutenez, ia bukatu dira hango sarrera guztiak ere.

Orain aste batzuk jo zuen taldeak bere ibilbideko milagarren kontzertua, Zeelanda Berrian biran zebilela, eta datu hori ere izan du gogoan Urbizuk. "Pentsatzen dut BECen urteetan egindako lan horren oihartzuna egongo dela". The Baboon Show musika taldea gonbidatu dute, bestetik, haien aurretik aritzeko, eta Suediako taldea ikustera ere joatera animatu dituzte zaleak. "Gustatzen zaigu gonbidatutako taldeak ere zaintzea", azaldu du Gonzalezek. "Guretzat larunbateko emanaldia ez da soilik gure kontzertua, baizik eta gure kontzertua eta The Baboon Showrena".

Ikusgarritasunaren gaia

Ez dira asko historian halako neurriko emanaldiak antolatu dituzten euskal musikariak, eta hori ere izan du gogoan Urbizuk prentsaurrekoan. "Kontzertu hau bada mirari txiki bat", onartu du, euskararen datu soziolinguistikoei eta kulturgintzaren zabalpen arazoei ere erreferentzia egin ostean. "Gu 'infra'-tik gatoz, eta 'infra'-tik begiratzen diogu munduari; azpitik. Horrelako gau berezi eta makroa, gorroto dut hitz hori, baina halako gau makroa antolatu izatea bada mirari txiki bat". Halako ekitaldi bat antolatzen duen euskal talde bakar bat egoteak euskal kulturaren ikusgarritasunari mesede egingo dion esperantza ere adierazi du. "Ea balio duen honek gai horretan aurrera egiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.