Gorka Setien idazlea hil da

Bost poesia liburu eman zituen argitara; bart hil da, 65 urterekin.

Gorka setien idazlea
Gorka Setien sortzailea. HERNANIKO KRONIKA
Inigo Astiz
2024ko otsailaren 5a
16:50
Entzun

«Heterodoxoa» izan zen Gorka Setien idazlearen hasiera (Barcelona, Venezuela, 1958), Igor Estankona kritikariak Argia aldizkarian idatzita utzi zuenez. Ramon Agirre, Eneko Olasagasti eta Maripi Solbesekin batera idatzi eta argitaratu zuen bere lehen lan kolektiboa, Susa argitaletxearekin: Eta zergatik ez… Sigrid?. 1983an izan zen hori, eta, gutxienez, haren beste lau liburu gehiago ere badakartza Armiarma proiektuaren Zubitegia atariak. 1985ean eman zuen argitara Ez sinkronia, hura ere Susa argitaletxearekin, eta 21 urteko etenaldiaren ostean heldu ziren haren hurrengo lanak:Aparkalekuko felizidadia (2006), Paperzaleak Elkarteak argitaratua; Ertzetako inkomunukazioak (2008, egilea editore) eta Naufragoen altzoa (2019, egilea editore), azkenik. Bart hil da, 65 urterekin.

2011n bere irudi eta testuz osatutako erakusketa bat ere zabaldu zuen Hernanin (Gipuzkoa), Erre produkzioak titulupean. Eta egilearen ondorengo gogoetak bildu zituen orduan Hitzen Uberan atariak. «Hausnarketa bat egin nahi izan dut bizitza kuartelero honetara nola iritsi garen bilatzeko, eta bilaketa pertsonal honen emaitzetako batek dio emakumeak eta umeak suntsitzea duela helburu patriarkatuak hasiera hasieratik».

«Zertarako da poeta bat»

Erakusketa hartan topa zitekeen ondorengo poema ere bildu zuten albistera: «zertarako da poeta bat/ ez bada matxinadaren hitz bilakatzen/ poetak egin behar luke lurrean eseri / eta jainkoak hil/ mendeku hartu/ haragi adimentsua sentittu/ goxo eta zalantzarik gabe/ maitasunaren alde egin/ izpiritualtasunari barre egin behar lioke/ poetak, zertarako balio du poeta batek bestela?».

Hainbat urtez elikatu zuen bere iritziak biltzen zituen blog bat, eta Independentea webgunea ere lagundu zuen hasiera-hasieratik. Bertan eman dute albistearen berri. Azken astean beherakada handia egin ostean, bart hil dela zehaztu dute. Hernaniko Orbegozo tanatorioan izango dira lagun eta senideak gaur eta bihar goizean goiz, eta bihar 11:00etan egingo dute errausketa, Donostiako Polloe hilerrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.