MUSIKA. Gorka Hermosa konpositore eta soinu joleak Berlingo Filarmonikoan estreinatuko du Peace Dream bere konposizio berria, Potsdam-eko Ganbera Orkestrako bakarlari gisa. Ostiralean aurkeztuko du lana, bakearen aldeko Pantonale Friedens Festival jaialdian.
Konposizioak, hain zuzen, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka du oinarri, eta hiru zatitan banatuta dago. Lehenengoak maitasunaren bitartez aurkezten du herrialde bien arteko harremana; bigarrena da zati nagusia eta luzeena, eta borroka eta gerra ditu hizpide; hirugarrenak etorkizunaren eta itxaropenaren inguruko interpretazioa egiten du.
Herrialde bietako melodia tradizionalak erabili ditu Hermosak konposizioa sortzeko, eta, zinema musika, musika tradizionala eta rock musika nahastuz, obra «espresionista» bat garatzea lortu du. Hiru bakarlarirentzat idatzita dagoenez, beste bi musikarik interpretatuko dute obra Hermosarekin batera: Anna Krixtalevak eta Radu Ratoik —azken urteotan nazioarteko lehiaketetan sari gehien jaso dituen akordeoilaria—.
Ostiralean jotzeaz gain, larunbatean ere aurkeztuko dute lana, Brandenburgoko atean jaialdia ospatzeko jarriko duten agertoki batean.
Azken bost urteotan, Amerikako eta Europako zenbait orkestrak interpretatu dituzte Hermosaren konposizioak, Berliner Symphoniker Springs-ek, adibidez.
Gorka Hermosak Berlinen aurkeztuko du 'Peace Dream' lana
Berlingo Filarmonikoaren egoitzan joko du konposizio berria, ostiralean, Bakearen Aldeko Nazioarteko Jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu