Gordintasuna ardatz

Lucinda Williams country-rockaren ikurretako batek Bilboko Kafe Antzokian joko du, gaur

Igor Susaeta.
2013ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Hitz poetikoak idazten ditu Lucinda Williamsek (Louisiana, AEB, 1953), errealitateari iluntasunetik begiratzen diotenak. Landutakoak bezala, zuzenak eta argiak. Gordinak, finean. Eta gordintasun hori dute ardatz haren abestiek. Country-rockaren ikurretako bat denak Bilboko Kafe Antzokian joko du, gaur (21:30). Orain dela lau urte ere bertan aritu zen —2009ko uztailaren 14an—, eta kontzertua ikusteko sarrera guztiak amaitu ziren. Atzo gauean bakan batzuk besterik ez zeuden salgai.

An Intimate Evening biraren barruan ariko da Williams Bilbon, eta, hain zuzen, emanaldi intimoa eskainiko du, bi lagun baino ez baititu izango alboan oholtzan: Doug Pettibone gitarrarekin, eta Davis Sutton baxuarekin. Blessed (2011) haren azken laneko kantuak interpretatuko ditu Williamsek batez ere, baina 35 urteko ibilbidean sortutako doinuei ere tartea egingo die.

Bob Dylan, Neil Young, Tom Petty eta Leonard Cohen zerrendatu izan ditu estatubatuarrak erreferentzia gisa, eta, gertutasun musikalaz gain, bere abestietako hitzek eta giroek daukaten sakontasun eta indarrak ere lotzen ditu aipatutako musikariekin. Baina mireslea ez ezik, mirestua ere bada. Emmylou Harrisek eta Steve Earlek, esaterako, sarritan aipatu izan dute Williams.

Hasi zen jotzen Texas eta Houstoneko aretoetan, 20 bat urte zituenean, eta grabatu zituen hiru disko 1990 bitartean. Ez zuten oihartzun handirik eduki. Handik urte batzuetara, ordea, 1994an, country abesti onenaren Grammy saria eman zioten, Passionate Kisses doinuarengatik. Horri esker, kritikariak haren lana kontuan hartzen hasi ziren. Jarraitzaile gutxi zituen, baina. Gainera, perfekzionistegiaren ospea zuen, eta estudioan motela zela leporatzen zioten.

Baina atera zuen Car Wheels on a Gravel Road diskoa 1998an, eta folk garaikideko disko onenaren Grammya eman zioten. Orduan bai, orduan pilatu zituen gero ihes egin ez dioten zaleak. 2002an, esaterako, beste Grammy bat irabazi zuen. Eta zaleak eta sariak dauzka, countryaren ohiko ikuspuntu kontserbadoreari uko eginez, eta emakumezkoaren begiradatik, gordintasunetik, arituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.