Musika. A cappella

Gordinak

2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gaurkoan, oso gustukoak ditudan bi musikariri buruz hitz egin nahi dizuet: Nacho Vegas (1974) Gijongoa, eta Diego Vasallo donostiarra (1966). Seguruenik egingo zaizkizue ezagunak; Nacho Vegasen diskografia zabala da, nahiz eta gaztea den. Diego Vasallo, berriz, askok gogoratuko duzue Duncan Dhuko partaide moduan.

Bai Nachok bai Diegok musikarekiko lehen erlazioa talderen batean parte hartuz izan zuten.Manta Rayren sortzailea izan zen Vegas, eta Vasallo, lehen esan dudan bezala, Duncan Dhuren ibilbide luzean presente egon zen.

Hala ere, bi musikari handi horiei piztu zitzaien euren bakarkako ibilbidea garatzeko grina, eta bakoitzaren galderak, neurak, metaforak eta abar musikaren bidez adierazteko bidea aukeratzera eraman zituen. Nik gehiago ezagutzen dut Nacho Vegasen diskografia: beharbada, bere abestiak zoragarriak badira ere, askok jarraitu dugulako bere izaera iluna, nolabait esatearren. Musikari madarikatu baten gisa, bere ohitura, bizio (heroina) eta maitasunik ezari buruzko istorioak mitifikatu egin genituen askok eta askok. Eta agian oker nabil, baina nire ustez Vegasek bi aurpegi ditu: bata, edozein pertsonarena izan daiteke, gorabehera handiegirik gabekoa. Eta bestea, bere bizio eta dramaren erregearena antzeztera eramaten duen gizon aztia.

Horrela, Vegasen diskografia guztia erabat autobiografikoa balitz bezala antzematen dugu, baina nork daki? Agian asko amestea gustatzen zaion artista bat dugu parean.

Diego Vasalloren kasuan, berriz, zer esan? Ni ez naiz inoiz Duncan Dhuren zale amorratua izan, baina duela pare bat urte lagun batek Los abismos cotidianos entzutera animatu ninduen. Etahura sorpresa, hura gozamena! Hitzak elkarlotzeko gaitasun horrek, poetikoa erabat, liluratu ninduen. Baina, horretaz gain, abestiak ikaragarri politak ziren; eta azpimarratzekoa, bere ahots nikotiniko edo grabea. Hitzek askotan min egiten zidaten, eta melodiak berriz irribarre handi bat eragiten zuen nire aurpegian.

Baina zer dute antzeko Vegasek eta Vasallok? Beste artista bakarlari asko bezala, euren izaeraren, errealitatearen egia bilatzen saiatzen dira, etengabe. Eta horren testimonio gisa hitz gordinak entzuten ditugu gehienetan. Musikalki ezin esan genezake estilo berbera dutenik: biak dira kantautore delako etiketapean sailka ditzakegun artistak, baina melodikoki ez dute horren antzik —Vegas rock estilotik gertuago dago—, eta Vasallok, berriz, soula, bossa eta bestelako estiloak probatzen ditu.

Dena den, Vasalloren azken lana, Canciones en ruinas ( 2010), erabat biluzia eta gordina da—egiek erre egiten didate bihotza, askotan, hain sarkorrak baitira—. Eta Vegasen azken lana (La zona sucia, 2011) ere gordina da—nahiz eta disko gordinagoak, biluziagoak badituen—. Biak artista handiak, dudarik gabe. Vasallo ez omen da zuzenekoen oso aldekoa, baina jakin ezazue ekainaren 1ean Donostiako Viktoria Eugenia Clubean joko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.