Gordetzeko, eta zabaltzeko

Rafael Ruiz Balerdi margolariaren 217 lan Gordailura eraman dituzte Bilboko Arte Ederren Museotik. Artistaren obra zaintzeko ez ezik, herritarrei erakusteko eta ikerketan sakontzeko asmoa ere badute

Hilde Koch, Ruiz Balerdi margolariaren legatuaren jabea, Gordailuan bildu dituzten obretako batzuk erakusten, atzo, Irunen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Irun
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Rafael Ruiz Balerdiren obrak etxe berria du. Margolariaren lanetako askok Bilboko Arte Ederren Museoa izan dute aterpe urte luzez, 2004an hara eraman baitzituen Hilde Kochek, artistaren legatuaren oinordekoak, haiek gordetzeko leku egokiena zelakoan. Artean ez zegoen zabalik Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa. Orain, badu aukera margolanak han gordetzeko; hala, 217 obra Bilboko museotik Irungo (Gipuzkoa) zentrora eramatea erabaki du. Akordioa sinatu dute horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Arte Ederren museoak eta Kochek berak. Guztien ustez, orain, interesa duen orok aukera gehiago izango du obra ezagutzeko, dela bisita gidatuen bidez, erakusketa zehatzen bidez, edo museoei eta bestelako arte zentroei egin ahal zaizkien maileguen bidez.

Rafael Ruiz Balerdi 1934an jaio zen, Donostian, eta 1992an hil, Altean (Herrialde Katalanak). 1950eko eta 1960ko urteetan euskal abstrakzioaren artista esanguratsuenetako bat izan zen. Euskal artean informalismoaren aitzindaritzat jo izan da, nahiz eta bere ibilbide luzean mugimendu artistiko gehiagoren moldeak ere arakatu zituen. Marrazkilari trebea zen, eta aparta koloreen erabileran; berritasun handia ekarri zuen garai hartako euskal artearen mundura. Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen, Amable Arias, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumetarekin batera.

Obra ugari sortu zuen bere ibilbidean, eta, orain arte, Bilbon izan da zati handi bat. Gordailura eramateko prozesua «konplexua» izan dela azaldu du Carlos Olaetxea zentroko zuzendariak. «Etorri beharreko obrak asko ziren; baldintza hoberenetan utzi behar genituen beren tokian, eta museoko teknikariekin koordinatu behar genuen. Lan guztiak Bilbotik hiru egunetan ekartzea erronka handia zen guretzat, eta oso pozik gaude». Apirilaren 8, 9 eta 10ean gauzatu zuten lekualdaketa. Hori baino lehen, zenbat leku beharko zuten kalkulatu, eta lanak non kokatu planifikatu zuten. Denak batera gordetzeko, han zituzten 360 margolan lekuz mugitu zituzten, koadroak zintzilikatu, eta armairuetan gordetzeko euskarri mugikorrak «trinkotu». Dokumentalista batek erregistroak eta etiketak prestatu zituen, eta kontserbatzaileek obra bakoitzaren egoera aztertu zuten, aurrena Bilbon eta ondoren Irunen.

Lanak iritsita, bost zaharberritzailek kontrolatu zuten deskargatzea, eta bakoitza nola iritsi zen aztertu zuten gero. Euskarri mugikorren sorta batean kokatu zituzten bastidorea zuten margolanak, 242 metro koadroko espazio batean, lehen solairuan. Formatu oso handikoak, berriz, kaxa berezi batzuetan biribilkaturik iritsi ziren, eta halaxe gorde zituzten, beste lanetatik gertu, apal batzuetan. Haien alboan daude formatu txikiko lanak ere, kontserbaziorako kaxa berezi batzuetan. Bastidorerik gabeko olioak, berriz, 2. solairuan kokatu zituzten, Bilboko museoak zituen erretiludun armairu berezi batzuetan.

Obrak Gordailuan egotearekin, pozarren eta «laino batean bezala» sentitzen dela adierazi du Hilde Kochek. Orain bi urteko udan hasi zen asmo hau gauzatzen, Donostiako Kubo-Kutxa aretoan margolariaren lanaren inguruko erakusketa antologiko bat egin zenean. Haren ustez, Bilboko museoan oso ongi gordeta zegoen, baina orain obrak «irisgarritasun handiagoa» izan dezake Gordailuan. Horretarako bideak pentsatzean jarri nahi du indarra.

Donostiako erakusketa hartan izan zuen Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendariak artistaren obra «etxera» itzultzeko Kochen nahiaren berri. Gogora ekarri duenez, ideiarekin bat zetorren Javier Viar erakusketaren komisarioa, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izandakoa Zugazak lekukoa hartu arte. «Arazoa ez zen biltegiratzea, baizik eta proiektu bat aurkitzea obra ikertzeko eta zabaltzeko. Eta uste dut ideia horri forma ematen ari garela orain, ez soilik obra bere etxera itzultzearekin, baita katalogazio eta ikerketa lanari bultzada handi bat emanda ere».

«Pozgarria da aldundiarentzat, baina, ondarearen ikuspegitik begiratuta, Gipuzkoarentzat oso berri esanguratsua eta ona da», Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuaren ustez. Esan duenez, ardura handia ere bada aldundiarentzat margolariaren obra gordetzea. «Azken batean, hartzen dugun ardura ez da bakarrik obra horiek guztiak Gordailuan babestea eta mantentzea, obrari bultzada eta hedapen berria ematea ere bada, eta haren ezagutza zabaltzea». Bide horretan, iragarri du Koldo Mitxelena Kulturuneak Ruiz Balerdiren obraren inguruko erakusketa bat hartuko duela, eraikina eraberritzeko prozesua amaitzen dutenean.

Ikerketarako akordioa

Obrak Gordailuan gordetzeko hitzarmenaz gain, beste akordio bat ere izenpetu zuten Bilboko museoak, aldundiak eta Kochek. Hain zuzen ere, artistaren obra grafikoaren katalogazio kritikoa egitekoa. Papereko obra ugari utzi zituen Ruiz Balerdik, eta Bilboko Arte Ederren Museoan daude gehienak. Bere garaian, olio pinturen katalogazioa egin zuten, eta obra grafikoarenari ekingo diote, hortaz, orain. Aldundiak 65.000 euro bideratuko ditu ikerketa horretara.

Zugazak azaldu duenez, Viarrek egin zuen olioen katalogazioa, eta hari eskatuko diote laguntza orain papereko obra guztia «ordenatzeko». Haren hitzetan, marrazketa zen Ruiz Balerdiren «lan metodoa», eta 6.000 lan inguruko bilduma utzi izana da horren erakusle. Katalogo arrazoitua egiteak hiru urteko ikerketa lana har dezakeela aurreikusten du. Kochek erabakiko du aurrerago legatuaren zati hori ere Gordailura eramango duten.

Obrak Gordailuan zaintzearen truke, horietako bat aldundiaren esku utziko du Kochek; bien artean hautatuko dute obra hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.