Gordetzeaz gain, gordea erakutsi ere egingo du Gordailuak

Larunbatean egingo da ondarea biltzen duen eraikina ezagutzeko eratu diren hiru bisita gidatuetako lehena

Gordailuren eraikina, Irungo Arretxe gainean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Museo bat ez den arren, hala nahi duten herritarrei bere barruan gordetzen duen ondarea ikusteko eta bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko die Gordailua Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroak martxoaren 22an, maiatzaren 17an eta azaroaren 15ean, Gordailua, kaiola irekia egitasmoaren bitartez. Aurretik izena emanda, Urkiri Salaberriak eta Nerea Aizpuru Iraolak gidatutako ibilbide elkarreragileetan parte hartzeko aukera zabalik dago, doan eta nahi duen ororentzat, arestian aipatutako hiru larunbat horietan, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Bisita bakoitzean 20 lagun onartuko dira gehienera jota —segurtasun arrazoiengatik—, eta, eskaria handia izanez gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak bisita gehiago antolatzeko aukera aztertuko du.

Gordailua 36.000 pieza gordetzen dituen eraikin handia da, 2011n inauguratua eta Irungo Arretxe gainean kokatua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumetakoak eta Donostiako San Telmo museokoak dira han gordetako piezarik gehienak. Eraikinaren funtzio nagusia ondare hori modu egokian gordetzea da, baina Gordailua, kaiola irekia eta antzeko egitasmoen bitartez han gordeta dagoen «altxorra» gizartearekiko harreman zuzenean ezarri nahi dute arduradunek. Orain antolatu diren bisita irekien aurretik, ikastetxeetako ikasleen bisitak jaso izan ditu Gordailuak, Arkeologiaz blai! programaren barruan, eta halako bisitak jasotzen jarraituko du aurrerantzean ere.

Horrez gain, zazpi hitzaldi eskainiko dituen ziklo bat ere hartuko du eraikinak, eta, Arkeolan eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera antolatuta, arkeologia arloko profesional eta adituentzako mintegiak ere egingo dira.

Jaurlaritzarekin negoziatzen

Eusko Jaurlaritzak Donostiako Intxaurrondo auzoko biltegi batean gorderik duen ondare arkeologikoa Gordailura eramatea nahi du Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Jaurlaritzarekin negoziazioetan ari da horretarako. Negoziazio horiek bide onetik doazela adierazi du Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak. Aurki «albiste pozgarriak» ematea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.