Bildu duena «altxor bat» da Angel Amigorentzat. Sandinisten iraultzaren garaipenaren ondoren, 1980ko Nikaraguako gerraren «ezkutuko» protagonistak hartu, haiei, banan-banan, hitza eman, eta kontakizun horiekin El otro lado del espejo en la guerra de Nicaragua dokumentala ondu du Errenteriako zuzendariak. Gaur estreinatuko da, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Bartzelona eta Madrilgo zinema areto komertzialetan. Garai hartako Nikaraguako eta Kubako zein Sobietar Batasun ohieko inteligentzia zerbitzuetako kideek eman dizkiote lana harilkatu duten lekukotasunak. «Izan ere, apenas dagoen off-eko ahotsik». Espioi horien «alde gizatiarra» aurkitu duela uste du Amigok. «Gauza mordoa egin zituzten, eta lanak izan zituzten horiek asimilatzeko, biolentziak aztarna uzten baitu bai ala bai. Gainera, ezin zizkioten gauza haiek inori kontatu». Hari aitortu dizkiote kontatutakoak.
«Nahi gabe» bururatu zitzaion dokumentalaren ideia, Habanan Dragoi ehiztaria filmaren gidoia —maiatzean estreinatuko dute— idazten ari zen bitartean. «Fabian Escalante jeneralarekin harremanetan jarri nintzen Kubak Nikaraguaren kontuan zer-nolako eragina eduki zuen jakiteko, eta gauza batek bestea ekarri zuen». Hasiera batean, Escalanteri berari buruzko dokumental bat egitea pentsatu zuen, baina harekin «solasaldiak eduki ahala» hasi zen «proiektua aberasten», eta «banaka-banaka» irten ziren dokumentaleko pertsonaiak: Lenin Cerna (Nikaraguako inteligentzia zerbitzuetako burua), Escalante (Kubako inteligentzia zerbitzuetako burua), Nikolai Leonov (KGBko informazio eta analisien zuzendaria), Juan Jose Ubeda eta Vicente Chavez (Nikaraguako inteligentzia zerbitzuetako ofizialak), Boris Kolomiakov (KGBko koronela) eta Eden Pastora (ARDEren sortzailea). «Igual esan daiteke Dragoi ehiztaria-ren testuingurutze lana egiten duela dokumentalak. Harentzat egindako ikerketa lanaren ondorioa da behintzat».
Amigok bazeukan Nikaraguan 1980ko hamarkadan gertatutakoari buruzko ezagutza «partzial bat»; haren ustez, agian, «topikoetan» oinarritutakoa. «Hortaz, dokumentala interesgarria izan daiteke atzean zegoena ikusteko». Hitz egin nahi zuen «kristoren erantzukizuna» eduki zuen jendearekin. «Zaila izaten da, ordea, pertsona horienganairistea, ispiluaren beste aldera joatea». Baina lortu zuen «ezohikoak» izanda «oso soilak» diren pertsona horiekin biltzea. «Gauza gogorrak kontatu dizkidate, bai, transzendenteak, baina ikuspegi gizatiar batetik betiere. Horrek erakarri nau batez ere».
Managuan, Habanan, Moskun eta «mundu erdiaren beste hainbat tokitan» eduki zituen «solasaldi luzeak», eta, azkenean, ia hiru urteko lana izan da. «Garrantzitsua zen haiek senti zezatela ez nituela haien kontakizunak manipulatuko». Horregatik, beharbada, «narrazio klasiko batek» gorpuztu du dokumentala. Amigok uste du lanak hiru erreferente dituela: Leonov — «Nikaraguarekin maiteminduta dagoen KGBko burua»—, Escalante — «CIAren hegazkinei eraso egiten zien Kubako aholkularia»— eta nikaraguarrak — «haien iraultzarekin liluratuta zeudenak»—. Hiru erreferente, baina Amigoren ustez, «amodio eta defentsa istorio horrek» berdintzen dituena.
Ez zen erraza izan, ordea, haiekin solastatzea. «Kontrakoa egiteko entrenatuta baitaude, isiltzeko. Baina elementu emotiboak dauzkate, eta elementu horiekin justifikatzen dute zergatik egin zuten beren garaian egin zutena, eta zergatik igaro dituzten era guztietako egoerak».
Nikaraguako iraultzaileei segurtasun lanetan ibiltzeak ez baitzien «inolako graziarik» egiten. «Denak ziren kartzelatik pasatakoak, han txikitutakoak, eta bazekiten zer zen hura. Baina iraultza maite zuten. Segurtasuna tokatzen zitzaiela? Ba izkina guztietan egurra ematera...». Protagonistek «sentimenduak» zituzten, eta «horiek lagundu zieten egoera hari, gerra, edo sekretupeko gerra hari, aurre egiten». Eta Amigomuntaia egiten ari zenean konturatu zen zer-nolako «indarra» zuen pertsona haien «alde gizatiarrak».
Familia apaletakoak
Familia «apaletakoak» ziren nikaraguarrak, «baina militantzia gertutik bizitakoak». Gero, bizitzak egoera jakin batera bideratu zituen. «Halere, harro daude egoera horretan zeudenean eman behar izan zuten erantzunagatik. Baina indarkeriak erabili behar izanak markatu egin zituen. Izan ere, gizakiarentzat ez da naturala indarkeria erabiltzea». Cernak, adibidez, hau esaten du horren harira: «Erori zen jendeak ez zukeen hor egon beharko». Amigoren ustez, Cernak esandako bera adierazteko beste batzuek «albo-kalteak» esapidea erabiltzen dute. «Escalante bera, esaterako, izututa zegoen hainbeste hildakorekin».
Alde bakarraren historia kontatu du Amigok. «Nahita egin dut. Pentsatu nuen ez neukala ezer kontrastatzeko beharrik, pertsonaia batzuen erretratua neukala». Dena den, CIAko kideekin ere hitz egin du. «Ispiluaren beste aldean daudenekin jarraituko dut lanean», dio. Bitartean, lan honekin «uste baino gauza gehiago» ikasi ditu: «Adibidez, indarkeria erabili duen oro apur bat jota gelditzen dela bizi osorako».
Gordetakoa aitortzen
Angel Amigoren 'El otro lado del espejo en la guerra secreta de Nicaragua' dokumentala estreinatuko da, gaur, areto komertzialetanFilmean protagonisten «alde gizatiarra» aurki daitekeela uste du zuzendariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu