Gipuzkoako ondare artistiko, arkeologiko eta etnologikoa bildu, zaharberritu eta ezagutarazteko eraiki eta zabaldu zuten Gordailua zentroa, 2011ko ekainean. Ordutik, Irungo eraikin horretan joan dira biltegiratuz milaka pieza, eta bertan dago gordeta lurraldearen ondarearen zati handi bat. Ordea, Gipuzkoan eginiko indusketetan aurkitutako material arkeologiko guztia Eusko Jaurlaritzaren Derioko (Bizkaia) biltegian eta Donostiakoan egon da gordeta. Hemendik aurrera, baina, Gordailuan hartuko dute leku pieza horiek guztiek ere. 650.000 inguru izango dira, Joxe Migel Barandiaranek 1917an lehen indusketa egin zuenetik gaur artekoetaraino Gipuzkoan jasotako arkeologia eta paleontologia material guztiak, alegia. Intxaurrondoko biltegikoak hasiak dira Gordailura iristen. Beste hilabete beharko dute guztiak lekualdatzeko.
Araban eta Bizkaian, aldundien esku dago halako materialen kudeaketa, eta eskumen hori bere gain hartzea Gipuzkoako Aldundiaren aspaldiko aldarrikapena zen. Iazko abenduan, Gordailua Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentro izendatu zuen Jaurlaritzak, eta joan den otsailean, ebazpen baten bidez, aipatu materialak Gordailura eramateko agindua eman zuen. Hala, kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratuko da, baina Jaurlaritzarena izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bildumak koordinatzeko ardura. Egun «garrantzitsutzat» jo zuen atzokoa Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak; poza agertu eta eskerrak eman zituen, «arkeologiaren munduak aspalditik aldarrikatutakoa lortu delako». Imanol Agote Jaurlaritzako Kultur Ondarearen zuzendariaren hitzetan, «aro baten amaiera eta berri bati ekiteko aukera» dakar erabakiak, «akordio honen muina hiru lurraldeen arteko kudeaketa eredu bateratu bat sendotzera baitator, orain arte ez zegoena eta anomalia historiko bat zena». Elkarlanerako eredu berria eta eskumenak zehaztuta lurraldeen arteko koordinazio politika hobeak egin ahalko direla uste du Agotek, eta, alde horretatik, iragarri zuen Artxibo Arkeologikoen Euskal Sarea deritzon proiektua sustatzeko asmoa duela Jaurlaritzak.
Piezen erdiak, lekualdatuta
Hilaren 2an hasi ziren piezak Intxaurrondotik Gordailura eramaten, eta erritmo onean ari direla baieztatu zuen Sonia San Jose arkeologoak: bertako piezen ia erdiak Irunen daude, 3.000 kaxa inguru. Beste hilabete beharko dute denak eramateko. Orotara, 160.000 euroko kostua izango du lekualdaketak, kaxak erosteko eta garraiatzeko gastuak ordaintzeaz gain zortzi arkeologo kontratatu baititu aldundiak, behin-behinean, horretan ari den lantaldea indartzeko.
Bigarren solairuko armairuetan ari dira biltegiratzen pieza gehienak, kaxetan, bakoitza bere datuekin eta dagokion QR kodearekin, bilaketak errazte aldera. Han dituzte, esaterako, zeramika piezak. Handienak, berriz, beheko solairuan daude: tratatutako kanoi bat, itsasontzi baten ohol zaharberrituak, harrizko pieza handiak... Badira, halaber, tratatu arte kontserbazio berezia behar dutenak, eta igerileku berezi batean dituzte, urpean. Metalezko pieza gehienak, berriz, material sentikorretarako gelan dituzte, baldintza berezietan. Biltegi mota bakoitzak bere tenperatura eta hezetasun zehatzak ditu, piezak egoki kontserbatzeko.
Lurraldeko ondarearen harribitxietako batzuk, Ekaingo lauzatxoa bere grabatuekin eta Praileaitzeko lepokoak kasu, Gordailuan izango dira aurrerantzean, beste altxorren artean gordeta.
Gordailura hasi dira eramaten Jaurlaritzaren bilduma arkeologikoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Irungo eraikinera ari dira lekualdatzen piezak, 650.000 inguru.Lurraldeko ondare artistiko eta etnologiko gehiena dago han
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu