Kartel deigarria eta erakargarria zen Murgiakoa, itxura batean orain arteko erakargarriena. Tira ba, saio oso ona izan zen igandekoa, bikaina ere bai une batzuetan… kartzelako lana iritsi zen arte. Hau da, aurreko saioen formula —ofizioko bertsoaldi gorabeheratsuen ondoren, kartzelako lan ederrak— iruntzitara jarri zuten herenegun bertsolariek. Azkenik, Murgian zortziko handiko jardun entzungarria izan genuen. Bereziki ondo aritu ziren ezkerreko bertsolariak, hasten zirenak: Gaztelumendi, Mendiluze eta Colina, azken sailkapenean goian izan ziren hirurak, hain zuzen.
Bikain Gaztelumendi ofizioko hiru bertsoaldietan, Altsasun sumatu ez nion freskotasunarekin eta hango saioaren ifrentzua emanez: ofiziotan apalago kartzelakoan baino Altsasun; guztiz alderantziz Murgian. Bietako onena uztartzen badu Elizondon, ziurtzat jo dezakegu añorgatarra finalean izango dela.
Mendiluze goitik behera etortzen ikusi nuen. Puntuetara arte bikain zetorren, baina ariketa horretan slaloma egiten ari zela zirudien, biziegi. Eta ipurdikoa hartu zuen. Gero, seiko motzean, Payarekin modelo kokainazalearen gaian, uste dut ez zutela aukeratu doinu egokia eta umoretik jo zuten hasieran. Mendiluze horretaz ohartu zela uste dut, eta zuzentzen saiatu zen bigarrenetik aurrera. Kartzelakoan bikain, ñabardurekin.
Sustrai Colina , saioko irabazlea, oso indartsu sumatu nuen, bezperan Aitor Sarriegi bezala. Aipagarriak puntuari erantzuten eman zuen erakustaldia, baina baita hiru ofizioetan egindakoa ere. Kideari erantzuten hala behar zenean, publikoari zuzenduz unea heltzean. Eta ez zituen lan errazenak izan, ez horixe. Ederto.
Altsasuko Unai Agirre izan da txapelketa honetan gehien gustatu zaidan bertsolarietako bat. Atzo oso ondo aritu zen arren, estu sumatu nuen, aurreko alaitasuna galdu izan balu bezala. Ea berreskuratzen duen.
Fredi Paiari buruz hiru gauza esango ditut: batetik, final-laurdenetan baino askoz hobeto aritu zela, bistan da hori. Bestetik, puntu erantzun zozo samar batzuei bikain erantzun ziela; bezperan Alaia Martinek kafeari buruzko puntuetan petrolioa atera zuen bezala, saskiratu zuela Paiak hirukoa igandean Baskoniari buruzkoetan. Hirugarrena: kartzelako lanean gustatu zitzaidan Paiaren lana lehen bi bertsoetan—bigarreneko errima-jokoa… tira—, ohiko melodramatik atera eta satira bufoaren bide ezezagunetatik joz. Hala ere, hirugarren bertsoan, uste dut Anbotoko trokan behera erori zela. Onartzen dut zaila dela halakoetan oreka mantentzea.
Azkenik, Silveira. Ondo zebilen lehen bi lanetan, bertsoa kostata ekartzen baina ondo, eta uste dut puntu erantzunetan klik egin ziola buruak eta beste norabait joan zitzaiola ondoren. Bera izan zen kartzelan gaiari fundamentuz heldu zion bakarra, baina ez zuen asmatu pentsatutako istorio rokanboleskoa egoki lotzen. Pena, atzo Silveira on batek aukera bikaina baitzeukan marka handia uzteko.
Bukatzeko, oraingoan gai-jartzaileak zoriondu behar ditut egin zuten lanagatik, eta bertsolariei errieta egin. Sei hitz dituen gai batean, hitz guztiak dira garrantzitsuak eta ez dira nolanahi jarritakoak. Gaian gonbidatuak aipatzen badira, bat baino gehiago dira, ez bat, ez zero; bi gutxienez. Horri muzin egitea gai-jartzaileen lana gutxiestea da. Korporatibismoa? Agian bai.
Analisia
Gonbidatuen zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu