Grammy sarien 67. aldia egin zuten bart, Los Angelesen (AEB), eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako Grabazio Arte eta Zientzien Akademia Nazionalak Euskal Herriko musika saritu du: Gojira taldeak Metal Emankizun Onenaren saria irabazi du. Baionako taldeak zeresana eman zuen Parisko Olinpiar Jokoetako hasiera ekitaldian, iazko uztailaren 26an.
Parisen egindako ekitaldi horretan, Frantziako Iraultzaren garaian oinarritutako Mea Culpa (Ah! Ça Ira!) abestia jo zuten Frantziako hiriburuko Conciergerie eraikinean. Frantziako Iraultzan (1789) Auzitegi Iraultzaile gisa erabiltzen zuten eraikina; horren aurretik, Frantziako errege-erreginen etxebizitza izan zen —X. mendetik XIV. mendera, hain zuzen—, eta kartzela ere bai.
Our full performance of “Mea Culpa” from the 2024 Olympic opening ceremony is officially available on our YouTube channel! Nominated for a 2025 Grammy for “Best Metal Performance”https://t.co/ewLVqmxoCq
— Gojira (@GojiraMusic) December 10, 2024
#gojira#grammynominations#meaculpa#grammys2025pic.twitter.com/Tm3m1EppM4
Judas Priest, Metallica. Knocked Loose eta Spiritbox ere proposatu zituen akademiak Metal Ikuskizun Onenaren sarirako, baina Euskal Herriko taldea gailendu zaie.
Joe Duplantierrek, Mario Duplantierrek, Christian Andreuk eta Jean-Michel Labadiek osatzen duten taldeak atzo gauean irabazi zuen lehen aldiz Grammy saria, baina ez da aurreneko aldia sari horretarako izendatzen dutena; izan ere, aurtengoa kontuan hartuz, lau aldiz izan da Lapurdiko taldea Grammy sarietan.
Lamar eta Beyonce
Gaualdiko ezustekorik handiena Kendrick Lamar rap kantariak eman du, bost garaikurren jabe egin baita. Not Like Us abestia kategoria nagusien arteko bitan gailendu da: urteko grabaziorik onenarenean eta abestirik onenarenean; bi sari horiez gain, rap emankizunik onenarena, rap abestirik onenarena eta bideo musikalik onenarena ere jaso ditu Lamarrek.
Beyoncek, berriz, zedarri bat ipini du AEBetako musika industriaren historian, country albumik onena jaso duen lehendabiziko emakume afro-amerikarra baita. Bere Cowboy Carter diskoak urteko album onenaren saria jaso du. Dueto baten country emankizunik onenaren saria ere Beyoncerentzat izan da; II Most Wanted Miley Cyrusekin batera kantatzeagatik jaso du.
Taylor Swift-en The Tortured Poets Departament albumak sei izendapen zituen, baina sari bakar bat ere ez du jaso; ezta Billie Eilishek ere, aldi honetako faboritoetako bat izan arren.
Artista berri onenaren saria Chappel Roanek irabazi du. Besteak beste, Doechii rap kantariari eta Sabrina Carpenterri gailendu zaizkio. «Los Angelesi maitasuna erakusteko», Pink Pony Club ikusgarria eraman du oholtzara.

Kaliforniako suteak gogoan
Grammy sarien jaialdiak Los Angelesko suteetako kaltetuak izan ditu gogoan aurtengoan. Haiei laguntzeko helburuz, zazpi milioi dolar batu dituzte bost orduko gaualdian, eta keinu ugari egin dizkiete suteen aurka hiru aste luzez borrokatu zirenei. Kendrick Lamar kaliforniarrak, esate baterako, bere sorterriaz hitz egin du saria jasotzerakoan ondu duen mintzaldian, eta, besteak beste, lurraldea modu kolektiboan biziberritzen lagunduko duela agindu du.
Lady Gagak eta Bruno Marsek eskuratu dute bikotekako pop emankizun onenaren saria, Die With a Smile abestia dela eta, eta garaikurra hartzerakoan California Dreamin abestuz egin diete gorazarre suteetako biktimei. Lady Gagak, bestalde, transen alde mintzatzeko profitatu du aukera. Musikak jendea batzeko duen ahala ere goraipatu du Lady Gagak.
Inpaktu globalaren Grammy saria Alicia Keysek eskuratu du, eta hark ere transen komunitatea izan du gogoan. Horren harira, Donald Trumpen jarduna hartu du hizpide, AEBetako presidenteak genero femeninoa eta maskulinoa baino ez baititu ametitu eman berri duen agindu exekutiboan. «Aniztasuna eta inklusioa ez dira mehatxu bat, opari bat baizik», esan du Empire State of Mind abestiaren egileak.
Shakirak, berriz, migranteen egoerari erreparatu dio, eta Donald Trumpen migrazio politiken aurkako errefusa azaldu du.
Beste hainbat sari
Charli XCX britainiarrak hiru gramofono irabazi ditu Brat dela eta.
Sabrina Carpenterrek pop album bokalik onenaren saria eskuratu du Short n’Sweet abestiagatik, eta pop saio onenarena ere jaso du Espresso kanta dela eta.
Rap album onenaren saria Doechii abeslariak jaso du; Catfish eta Denial is a Rivel kantak abestu ditu gaualdian. «Badakit emakume beltz asko dudala begira kanpoan, eta haiei denei esan nahi diet lor daitekeela. Dena da posible: ez inori utzi estereotipoak zugan proiektatzen», esan du hitza hartutakoan.