38 urte pasatu dira Goizaldi dantza taldeak azkenekoz Gipuzkoako dantzen antologia egin zuenetik. Bihar, ordea, hori errepikatu egingo da. «Saiatuko gara orduan ikusi zen berdin-berdin-berdina egiten», azaldu du Aritz Salamanca dantza taldeko zuzendari eta dantzariak. 1977ko ikuskizuna Donostiako Antzoki Zaharrean izan zen, eta biharkoa Viktoria Eugenian izango da, 12:00etan.
Juan Ignazio Iztuetak XIX. mendean idatzi zituen moduan egingo dituzte dantzak emanaldian. Salamancak azaldu duenez, egun, ia dantza talde guztiek egiten dituzte moldaketak, eta, horregatik, gaurkoa ikuskizun «bitxia» izango da: «Denbora eta dantzak garatuz doaz, eta oso ondo dago hori, baina jendeak aukera edukiko du sustraitik dantzak nolakoak diren ikusteko». Goizaldik beti jarraitu dio tradizioaren bideari, baina, horrez gain, garrantzitsua iruditzen zaio noizean behin horrelako antologiak egitea,«gutxienez talderen batek Gipuzkoako dantzen erroa erakusten jarrai dezan».
Bi atal izango ditu ikuskizunak. Batetik, Gipuzkoako dantzak eta brokel zikloko dantzak taularatuko dituzte: uztai txiki, brokel dantza, makil handi, erreberentzia, boastitzea, belauntxingoa, jorrai dantza... Bestetik, berriz, aurreskuaren atala izango da; bost dantza egingo dituzte: agurra, alpargata, desafioa, saltokako zortzikoa eta San Juan zortzikoa. Bigarren zati horretan, Goizaldiko hogei dantzari ohi baino gehiago igoko dira oholtzara. Gainontzean, oraingo 32 dantzarik eta sei txistularik parte hartuko dute. Musikarien artean ere egun Goizaldiko kide direnak eta lehen izandakoak bilduko dira.
Goizaldiko betiko taldea betiko gauzak egiten ariko da, duela 38 urte bezala. Baina, Salamancaren arabera, «sorpresa» ugari egongo dira biharko emanaldian.
Goizaldi, duela 38 urte bezala dantzan
Donostiako dantza taldeak duela 38 urte egindako Gipuzkoako dantzen antologia taularatuko du Viktoria Eugenia antzokian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu