Jende askoren opor lekuak izan ohi dira kanpinak. Horrek izaera ugaritako jendea elkartzen du leku berean, eta hori bera irudikatu nahi izan du Goiatz Labandibar idazleak Zoo ipuin liburuan. Elkar argitaletxearekin kaleratu du, eta Xabier Mendiguren editoreak goraipatu egin du Labandibarrek errealitatea «zorrotz» kontatzeko duen ahalmena. Idazlea eta editorea ados agertu dira tituluak zoo baten eta kanpin baten arteko paralelismoak irudikatzen dituela.
Denera, hamabi istorio bildu ditu Labandibarrek liburuaren barnean, hainbat kanpinetan girotuak. «Kokalekua da istorio guztien arteko lotura. Kanpinetan oinarrituta daude denak, baina ez kanpin berean. Normalki ez ditut aipatu kokaleku zehatzak», zehaztu du Labandibarrek. Mendigurenek gehitu du pasartea irakurri ahala kanpinaren kokalekua asmatuz joango dela irakurlea. Istorio bakoitzaren kokapena protagonisten harira erabaki du idazleak, kasu askotan, esaterako, adinak baldintzatuta: «Ez dut uste lehen aldiz bere kuadrillarekin oporretara doan gazte bat Mediterraneoko kanpin batera joango denik; segur aski Saturraranekora [Gipuzkoa] edo Lizarrarakora [Nafarroa] joango da».
Fenomeno soziologiko handi baten moduan deskribatzen ditu idazleak kanpinak: partzela txiki batzuetan sortzen den gizartearen «kosmos» baten moduan. Lehen, langile klasearen opor leku ziren, Labandibarren ustez, baina, gaur egun, joera hori «aldatuz» joan da. «Orain, luxuzko kanpinak ere aurki daitezke, glamping deitzen zaienak. Baina horiek ez dira liburuan agertzen, ez baitira nik gertu izan ditudan kontzeptuak», azaldu du.
Hamabi istorioz osatutako liburua da 'Zoo', kokaleku ugaritan eta protagonista askorekin, baina denak kanpineko pasarteetan oinarrituta.
Adin ugaritako kanpinzale askok betetzen dute protagonisten zerrenda. «Irakurleak bere lankidea, bizilaguna, lehengusua, edo baita bere burua ere identifikatuta aurkituko du», adierazi du Labandibarrek. Protagonisten barnean kanpina bizitzeko era asko ikusten dira, hala nola kanpinera lanera doan aquagym-eko monitore bat, gurasoekin urtero kanpinera joaten den gazte bat edo urte asko partzelan berean pasatzen dituen emakume zahar bat. Labandibar: «Kanpinean epe luzez bizi direnen istorioak ez ditut kontatu, baina aipamen bat edo beste badago liburuan. Nik pertsonalki ez ditut ezagutzen halako kasuak, eta horregatik ez ditut literaturara eraman nahi izan, glamping-ekin egin bezala».
Hainbat narrazio teknika erabili ditu Labandiarrek liburuko hamabi istorioetan. Horrek, Mendigurenen ustez, pasarteak «oso desberdinak» egin ditu elkarren artean. «Liburu hau egiterakoan, ez nuen inoiz beldurrik izan istorioak errepikakorrak izateko, denak kanpinetan oinarrituak dauden arren. Narrazio teknikek eta protagonistek berek eragiten dute pasarte bakoitza aurrekoaren ezberdina izatea», azaldu du idazleak.
Tituluak irakurlea engainatu dezakeela aitortu dute Labandibarrek eta Mendigurenek, normalki zoo bat animaliekin lotzen baita. Hala ere, Mendigurenek argi du paralelismo argia dagoela zoo baten eta kanpin baten artean, bietan «fauna handia» baitago. Mendigurenek aipatutako fauna hori Labandibarrek ederki ezagutzen duela adierazi du editoreak: «Goiatzek ongi ezagutzen du gizakia. Hau da, gizon eta emakumeon makurdurak, xelebrekeriak, ahulguneak... eta nik uste Goiatzek egiten duen literatura errealistan nabarmentzeko begirada dela. Begirada zorrotza eta, era berean, goxoa jartzen du jendearengan». Idazleak aitortu du animaliei erreferentzia ugari egin diela liburuan; «inkontzienteki» hasi zen horiek baliatzen, eta, ondoren, jada horretaz konturatuta, beste hainbat gehitu zituen.
Oporretan irakurtzeko
Uda baten osteko asteetan hasi zen Labandibar liburua idazten. «Udako giroa sumatzen nuen oraindik, eta ideia mordo bat nuen garai hartan. Ideia horiek irudikatzen hasi nintzen, eta horrek eragin du liburu honen lan prozesua idazkera konpultsiboz beterikoa izatea. Nik, normalki, pausatuago idazten dut, denbora gehiago emanez istorio batetik bestera, baina Zoo ezberdina izan da», azaldu du. Aurreko lanen aldean, irudipena du azken hau «oso azkar» idatzi duela, eta sormen bulkada beheraka joan zenean soilik utzi ziola kanpinei lotutako istorioak idazteari.
Editoreak eta idazleak bat egin dute liburuan umore eta ironia ukitu nabarmenak daudela. Labandibarrek argi dauka, ordea, bere beste liburu askorekin aldean azken lanak «tonu desberdina» daukala. «Idazketa prozesua oso dibertigarria izan zen niretzat, eta nik uste dut irakurleak dibertsioaren kontzeptu hori antzeman egingo duela liburuan. Azken finean, opor eta uda giroko liburua da hau, adibidez hondartzan ederki irakurtzekoa».