Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak Goiatz Labandibarren Zoo (Elkar) ipuin liburuari eman dio Zilarrezko Euskadi saria. Hamabi istorioz osatutako liburua da, giro eta protagonista ugarikoa, eta denak daude kanpineko pasarteetan oinarrituta. Epaimahaiak oharrean adierazi duenez, Zoo kanpinetako soziologia «dibertigarria eta borobila» da. Haren aburuz, fenomeno soziologiko handi baten modura aurkeztu du idazleak egoera, non paralelismoa egiten duen animalien eta gizakien zoologikoaren artean. «Opor fenomenoa» erakusten duela ere esan dute, horretarako leku eta pertsonaia asko baliatuz. «Guztiak umorez aurkezten ditu, eta horrek analisirako eta dibertsiorako bilduma ezin hobe bilakatzen du kontakizuna».
Era berean, Labandibarrek kontakizunak «arin eta hurbil» idatzi dituela nabarmendu du epaimahaiak: «Prosa errealista eta eraginkorra da, eta gaur egungo gizartearen kosmos propio eta fresko bat ironikoki marrazteko erabiltzen dituen teknika narratiboak konbinatzen ditu». Horiek horrela, Gipuzkoako liburu saltzaileek «euskal narratiba berria» deitu dutenaren barnean kokatu dute.
Artxipielagoa komikia ere (Elkar) saritu dute elkartekoek, «kalitate jauziaren erakusgarri gisa». Hain zuzen, paperezko komikira egindako egokitzapen baten emaitza da lan hau, izen bera duen podcasta izan baitute abiapuntu. Halaxe sortu zen komikiak oinarrian duen sail distopiko postapokaliptikoaren ideia. 2103. urtean girotuta dago, eta urak azpian hartu ditu kontinente gehienak; Euskal Herria bera ere urpean dago ia osorik, artxipelago bat besterik ez da, mendi tontor garaienek osatu duten uhartedi arriskutsua.
Lau sortzaileren elkarlanaren fruitu da komikia. Batetik, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria idazleak aritu dira gidoilari; eta, bestetik, berriz, Alex San Vicente Sanvi-k eta Sergio Roman Sedyas-ek egin dituzte marrazkiak eta jarri dituzte koloreak, hurrenez hurren. Epaimahaiak sortzaile horien lana azpimarratu du, istorio «on» batetik abiatuz egokitzapen grafiko «bikaina» ondu dutela esanez.
Calabresirentzat beste zilarra
Gaztelaniaz argitaratutako narratibaren kategorian, Gipuzkoako liburu dendek Mario Calabresi idazle italiarra saritu dute, Salir de la noche liburuagatik (Libros del Asteroide). Idazlearen «ausardiari» erreparatu dio epaimahaiak. Izan ere, kontakizun pertsonalak eta 1970eko hamarkadako Italiako egoera soziopolitikoa uztartzen ditu Calabresik. Aitaren hilketa hartzen du abiapuntu, Luigi Calabresi komisarioarena. Giuseppe Pinelli anarkistaren heriotzaren erruduntzat jo zuten Calabresiren aita, nahiz eta hala ez izan, eta haren aurkako kanpaina bortitza eragin zuen. 1972. urtean hil zuten komisarioa, Milango (Italia) kale batean.
Elkarteak «beharrezko» liburua dela iritzi dio: «Ezinbesteko hausnarketa egiten du indarkeria sozialaren inguruan, eta, literaturaren eta kulturaren bidez, justizia ez ezik bakea ere bilatzen du». Gaineratu dute Calabresi idazleak bere herrialdeko mina eta indarkeria orokortua islatzen dituela eleberrian.
Sariak urriaren 30ean banatuko dituzte, Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar liburu dendan.