Goiatz Labandibarrek irabazi du Igartza beka, 'Interrail' proiektuagatik

Oiartzuarraren ipuin bilduma «errealitatean gerta daitezkeen» hamar-hamaika istoriok osatuko dute

Goiatz Labandibar. A. CANELLADA / ARP.
Donostia
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
«Hiri batera iristean ezagutzen duzun lehen lekua, eta handik joatean agurtzen duzun azkenekoa» izan ohi da tren geltokia, Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, 1985) azaldu duenez. Horregatik, geltokiek «toki esanguratsua» izango dute Interrail liburuko narrazioetan. XIV. Igartza beka jaso zuen atzo Labandibarrek: 6.000 euro jasoko ditu, eta hamar-hamaika ipuinez osatutako lana argitaratuko du Elkar argitaletxearekin. Azken urteetan gutxi idatzi badu ere, «ilusio handiz» heldu dio erronkari, narrazioak «helburu batekin» idatziko dituelako.

Bidaia bat proposatuko du Interrail-ek, Hendaian hasi eta bukatzen dena, eta, tartean, Marseilla, Niza, Geneva, Genova, Ljubljana,Trieste, Tula, Venezia eta Zagreben geldialdi bat egiten duena, ipuin bakoitza hiri horietako batean kokatua baitago. Ibilbide hori bera Interrail bidez egina dute Labandibarrek eta lagun batek, baina narrazioak «erabat fikziozkoak» dira, idazlearen esanetan. Hala ere, «errealitatean gerta daitezkeen istorioak» dira, haren ustez. «Niri orokorrean istorio errealak gustatzen zaizkit, errealismo magikoa ere bai, baina zientzia fikzioa-eta ez».

Kontakizunak euren artean «oso desberdinak» izango direla ere azaldu du Labandibarrek. Urte asko elkarrekin daraman bikote batek errutinarekin hausteko egiten dituen ahaleginak, denbora luzean kartzelan egondako pertsona batek askatasunari dion beldurra eta alde bakarreko maitasuna dira Interrail osatuko duten elementuetatik batzuk. Lauzpabost narrazio egin ditu oraingoz Labandibarrek, eta urtebete du aurretik guztiak idazteko. Beasaingo Udalari helarazi behar dio azken idazlana, 75 orrialdekoa gutxienez. Epaimahaia Karmele Jaio, Igor Estankona eta Xabier Etxeberriak osatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.