Arkeologia

Goi Paleolitoko ezohiko labar artea topatu dute Urdazubin

Duela 28.000 urte inguru marraztutako hamabi animalia irudiko multzo bat da aurkitutakoa, eta egilearen trebetasun faltak egiten du berezi, adituen hitzetan.

Zaldiak, bisonteak, uroak eta lau bulba dira topatu dituzten irudietako batzuk. RIVERO/GARATE
Berria
2021eko irailaren 30a
15:58
Entzun

Historiaurreko ezohiko irudi sorta topatu dute Urdazubin (Nafarroa). Zaldi, bisonte eta uroez gain lau bulba eta hainbat marra gorri bikoitz aurkitu dituzte Alkerdi 2 izeneko kobako barnealdean, sarbide zaileko galeria batzuetan, sarrera nagusi baino bi solairu sakonago. Hamabi irudi dira, eta duela 28.000 eta 20.000 urte egindakoa, adituen ustez; Gravette aldian. Baina ez da ez irudikatzen dutena, ez eta euren adina, irudiok ezohiko bihurtzen dituena, baizik euren marrazteko era.

Diego Garate Kantabriako Unibertsitateko arkeologo eta labar arte aditua aritu da ikerketa lanak koordinatzen, eta larunbatean aurkeztuko ditu ondorioak Urdazubin bertan egingo diren Europako Ondarearen Jardunaldietan.

Trebetasun faltak eragindako harridura

Oraindik erabat amaitu gabe dago ikerketa, baina Olivia Rivero ikerketa taldeko kide eta Salamancako Unibertsitateko ikerlariak eman ditu lehen azalpenak. «Marken ikerketa teknologikoak erakusten du irudiak egin zituen pertsonak ez zuela artistek izan ohi zuten trebetasunik, eta, horregatik, badirudi ikasten zebilen norbait zela edota oraindik trebatu gabeko norbait, zeren eta ez baita gai arrasto jarraitu eta ziurrak egiteko»

Eta hori da ezohiko dena. Orain arte ikusitakoaren arabera, labarretako hormak jadanik marrazten zekitenenentzat gordetzen zituztela uste baitzuten adituek. «Hormetara heltzeko sarbidea mugatuta egon balitz bezala zen, eta galeria berri honek erabat harritu gaitu», azaldu du Garatek.

2014an jarri zituen abian ikerketak lezeotan Nafarroako Gobernuak. Arantzadi zientzia elkarteari eskatu zitzaion ikerketa proiektua, eta, aurrez, 2016an ere, hainbat pintura gorri eta beltz eta grabatu batzuk topatu zituzten Alkerdin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.