Musika

Izaroren goi mendiko zeharkaldia

Musikariak 'Cerodenero' plazaratu du, bere bosgarren diskoa. Aurrera begira jarrita egindako barne bidaia kontatu du lanean, eta pop eta elektronika doinuz jantzi ditu hamabi kantuak. Urtarrilean abiatuko du diskoa zuzenean aurkezteko bira.

IZARO - 'CERODENERO'
Izarok urtarrilean ekingo dio disko berria aurkezteko birari; irudian, Donostian, lana aurkezten. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko abenduaren 4a
20:00
Entzun

Mendi bat topatu zuen bere ibilbidean. Mendi «izugarri» garai bat. Baina aurrera segitu nahi zuen, eta mendi horretara igotzea erabaki zuen Izaro Andresek (Mallabia, Bizkaia, 1993). «Goi mendiko espedizio bat izan da niretzat», aitortu du musikariak. Baina igo zen, baita jaitsi ere. Eta barne bidaia horren emaitza izan da Izaroren bosgarren diskoa: cerodenero. Hamabi kantutan kontatu du bere zeharkaldia, popa eta doinu elektronikoak baliatuta, eta ostiralean helduko da dendetara; Durangoko Azokan, baina, etzitik aurrera izango da eskuragarri.

Pandemiaren ostean hasi zen lan berriko kantuak sortzen. Osasun krisiak garraztu egin zizkion Limones en invierno (2020) diskoarekiko zituen asmoak; iaz atera ahal izan zuen arantza hori, Limones de oro disko bikoitza plazaratuta, eta Donostiako Belodromoa bete zuen kontzertua emanez. Orduko sentipenei erabat lotuta daude album berriko kantuak, musikariaren hitzetan. «Konturatu nintzen gainesposizioak hainbat gaitz-edo sortu zituela nigan, eta behar nuela errepasatu nire pertsona mediatikoa». Neke handia ez ezik, «gauza txiki pila bat» ere joan zitzaizkion pilatzen. «Mendi izugarri handi bat topatu nuen, pena izugarri handi bat, eta pentsatu nuen: 'Tristura hau nondik dator? Zer da? Nor naiz ni? Zein da nire autokontzeptua? Zelan heldu da nire bizitza puntu honetara, kaletik jendeak ezagutzen nauela?'. Ikusi nuen mendi handi hori, eta esan nuen, 'bale, bada igo egin beharko dut'». Urtebete «sabatiko-mediatiko bat» hartzea erabaki zuen, sare sozialak gutxi ibiliz, eta prentsarik nahiz kontzerturik gabe. «Niretzat izan da elkartze bat berriro ni, Izaro, pertsonarekin, eta disko hau bidaia hori da. Niretzat disko oso garrantzitsua da nire bizitzan, autojustizia disko moduko bat delako».

«Niretzat izan da elkartze bat berriro nirekin, Izaro pertsonarekin, eta disko hau bidaia hori da. Disko oso garrantzitsua da nire bizitzan, autojustizia disko moduko bat delako». 

IzaroMusikaria

Gehienbat euskaraz kontatu du musikariak zeharkaldi hori, nahiz eta badiren gazteleraz kantatutako zenbait abesti ere. Kantuak «mendi itxura batean» joan zitzaizkiola sortzen kontatu du. Igoera dator aurrena, intro moduko zero kantuarekin hasiz. «Igoera nahiko gogorra dauka niretzako, eta hemen daude amorrutik jaio diren kantuak, elektronikoenak; konturatu naiz amorrua ateratzeko soinurik —oraingoz— erosoena elektronikoagoa dela. Badago 2016an ezagunago egiten hasi nintzenetik hor geratu zaizkidan trauma txiki denak zeroan jartze bat».

Gailurra dator ondoren, «hausnarketa gailur bat». Eta bi kantu aipatu ditu gailur horren erakusle: «alde txarrari» gehiago begiratzen dion bat, el mundo no es un buen lugar; eta «osatzearen edo sendatzearen mendira» begiratzen duen beste bat, limoiondo. «Limoiek gauza asko ekarri dizkidate, baina urte haiek neke handi bat ekarri zidaten. Hitz zahar asko sartu ditut limoiondo-n, eta niretzako bada esker on mezu bat nire iraganeko Izarori, limoiekin egindako bidaiari, ja behin txar guztia errepasatu eta bere lekuan jarrita, hasten zarelako kapaza izaten gauza onak ikusteko».

Hortik aurrera dator jaitsiera, «sendatze prozesua». Eta horren isla dira mantra gisa balio izan dion udaraudara nahiz bikotekideari eskaini dion las llaves de tu casa bezalako kantuak. Azken abestiari, todas las horas que quedan izenekoari, garrantzi berezia eman dio, «bidaiaren amaiera» agertzen duelako berarentzat.

Ikus-entzunezko bidaia

Diskoko kantuekin lau bideoklip sareratuak zituen dagoeneko, baina lan osoago bat egin nahian, 30 minutuko ikus-entzunezko pieza baten bidez ere plazaratu ditu sortzaileak albumeko kantuak. Bideoan, «kantatu bainoago, kontatu» egin du bere zeharkaldia, baita dantzaren bidez ere —Jaiotz Osaren koreografiak gorpuztu ditu tarteka—, eta lana kaleratzen den egun berean, ostiralean jarriko du sarean ikusgai eta entzungai. Diskoaren eta zuzenekoaren arteko «zubi lana» ere egiten du bideoak, artistaren hitzetan.

Hain zuzen, urtarrilean ekingo dio diskoa zuzenean aurkezteko birari, 2022an Limones de oro lanaren aurkezpen bira amaitu zuela urtebete igaro den honetan, hain justu ere. Bilboko Euskalduna jauregian izango da lehen kontzertua, urtarrilaren 2an, eta Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da segidan, urtarrilaren 3an eta 4an. Ondotik, Hazparneko Mendeala gelan (Lapurdi) —urtarrilaren 27an—, Gasteizko Principal antzokian —otsailaren 3an—, Iruñeko Baluarten —martxoaren 10ean— eta Donibane Lohizuneko Tanka aretoan (Lapurdi) —apirilaren 6an— ere ariko da. Eta tartean, Espainian zein Herrialde Katalanetan ere hainbat kontzertu eskainiko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.