Goi mailako joskintzaren argi-ilunak, 1920etako Paris bohemioan

'Distira eta alderantzia' nobela laburra aurkeztu du Joxean Agirrek, Elkar etxearekin. 'Ispiluak eta itsasoak'-ekin hasi zuen trilogiaren segida da

JON URBE / @FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Nobela bati azken puntua jarri eta hurrengoa hasi bitarteko tartea, goitik behera ezagutzen eta bizi duzun etxe bat atzean utzi eta beste bat eraikitzen hastea bezala ulertua. «Hiru, lau, bost hilabete, oso deserosoak. Proba pilo bat egin behar izaten duzu». Joxean Agirre Odriozola (Azpeitia, Gipuzkoa, 1949), liburu eta liburu arteko bere gogoetak kontatzen, deserosotasuna uxatzeko asmatu duen formula azaltzen: «Egitura aldetik sinpleagoak diren nobelak nobela konbentzional artean tartekatzea, pertsonaia gutxirekin, historia lineal bat kasik eginez, bide bat izan zitekeela pentsatu nuen».

Nobela ez-konbentzional bat aurkeztu du gaur, bada: Distira eta alderantzia; Ispiluak eta itsasoak-ekin 2018an hasitako trilogiaren bigarren partea. Elkar argitaletxearekin eman du, aurrekoa bezala; eta, aurrekoan bezala, oraingoan ere Maria Garrastazu da protagonista nagusia. «Neure amari egindako omenaldi moduko bat izan zen Ispiluak eta itsasoak, hura ere oso gazterik atera baitzen baserritik, Zestoako bainu etxe batean lanean hasteko». Maria Garrastazu ere Zestoako (Gipuzkoa) bainu etxe batean kokatu zuen, bada, lanean, 16 urte berderekin. 1920ko urteetan. «Parisen bukatu zuen Mariak, ispilu saltzaile». Trilogiako bigarren alea ere Parisen hasten da; bohemiaz eta modernismoz betetako belle époque urteetan. «Garai horretako Parisen historia soziala da gehien agertzen dena, historia txikia».

Garai hartako Parisko kultur giroarekiko lilura ez du ukatzen Agirrek. Paris horretan, Man Ray, James Joyce eta beste hamaika sortzaile bizi dira, eta Garrastazuk utzia dio ispiluak saltzeari. «Oraingo honetan, argazkilari baten laguntzaile ari da Maria. Gauetan gurasoen nostalgia sentitzen du, eta, halakoetan, itzulia egitera atera ohi da. Gaueko irteera horietako batean, neskato batekin egiten du topo Luxenburgo parkean». Negarrez ari da umea, eta amari deika, zuberotarrez. Hor abiatzen da Agirreren 72 orrialdeko nobela, umearen ama topatzeko bidearen kontaketa. «Neskatoa igandeetako soineko dotore batekin dago jantzita, eta hori da ama bilatzeko arrastoa ematen duena».

Sindikalista gogor bat da ama hori, euskalduna, Coco Chanel eta Elsa Schiaparelli puntaren puntan dauden goi mailako modaren alderik ezkutuenean. «Gai nagusi bezala, jantzi diseinatzaile handien atzean dagoen mundu sordidoa agertzen da. Alde horretatik, bi liburuek badute nolabaiteko pedagogia politiko bat, helduen literaturan pixka bat atzera egiten didana eta sekula erabiliko ez nukeena, baina hauetan ateratzen zaidana: mundua aldatu nahi duen jendearekiko nolabaiteko miresmena edo apologia». Maria Garrastazuren ahizpa bat ere moda mundu horretan ari da lanean, Chanelen Miarritzeko villa batean, beste 30en bat jostunekin batera.

Gai gehiago ere badaude liburuan. Euskal emigrazioa, esaterako, Parisen komunitate propioa daukana. Eta argazkigintza. «Aurreko nobelan bazen diskurtso poetiko bat, ispiluak gure identitate fisikoa ezagutzeko eta itsasoak gure identitate psikologikoa ezagutzeko balio ote duten. Bigarren honetan, argazkilaritzaren inguruan bada horrelako diskurtso bat».

Idatzi, etenik gabe

Aurkeztu berri duena hasi eta buka irakurtzeko moduko liburu bat dela nabarmendu du idazleak. Hasi eta buka idatzitakoa ere bada, nobela luzeagoak ez bezala. «Nobela konbentzionaletan, normalean, neure obsesio bat izaten da abiapuntua, baina, gero, beti nahasten dira pare bat istorio, gutxienez. Horietan ez dago ezer linealik. Horiek ondo jostea askoz konplikatuagoa da, askoz buelta gehiago eman behar izaten dizkiozulako».

1986an argitaratu zuen Agirrek lehen nobela, Lehen triptikoa (Durangoko Udala). Ondoren eman ditu, besteak beste, Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (Elkar, 1991), Elgeta (Kutxa, 1996), Romain zen bere izena (Elkar, 2003), Zwei Frauen (Elkar, 2011), Gizajoen katalogoa (Elkar, 2016) eta Goldsmithen ikaslea (Elkar, 2017).

Bigarrena aurkeztu du, eta trilogiako hirugarren alea erdi egina omen dauka jada. Ez du espero berehala argitaratzea. «Merkatuan idazle bakoitzak dauka bere zuloa, eta nik beteegia daukat. Orduan, ezin dut egiten dudan guztia publikatu. Beharbada, 80 urte ditudanean argitaratuko dut zortzi urte lehenago idatzitakoa. Ari naiz nobela bat bukatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.