HILBERRIA. Adam Zagajewski

Gogoeta eta edertasunaren ernagarri

JACEK BEDNARCZYK / EFE.
Gorka Arrese.
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Adam Zagajewski poeta poloniarrak 2019ko abenduan Donostian Literaktum jaialdian hitzaldi bat egin zuela profitaturik, Iñigo Astizek elkarrizketatu egin zuen BERRIArentzat. «Liluratu egiten nau», esan zuen, «giza historian nola dauden bi hari, elkarri lotuta doazenak: bata da gerren, iraultzen eta abarrekoen historia, eta bestea da edertasunaren historia. Gutxitan gurutzatzen dira, elkarrekiko paralelo doazen bi korridore balira bezala. Galdera eternoa da: nola da posible bi elementu horien bizikidetza?».

Adam Zagajewski 75 urte zituela hil zen igandean Krakovian. Hamazazpi poema liburu argitaratu zituen, eta hiru eleberri.

Lviv hirian (gaur egungo Ukrainan) jaio zen 1945ean. Bigarren Mundu Gerraren ostean Poloniako Gliwice hirira lekualdatu zuten haren familia. Krakovian egin zituen filosofia eta psikologia ikasketak. Komunikat (1972) izan zen bere lehen poema liburua, eta Cieplo, zimno (Beroa, hotza) aurreneko eleberria, 1975ean.

Agintari komunistek 1976an Zagajewskiren liburuak plazaratzea debekatu zutenean, Houstonera (AEB) joan zen irakasle lanetan aritzeko, eta Parisera gero, 1982an. Erbestealdi luze baten ondoren, 2002an itzuli zen Krakoviara.

«Niretzat, poesia da», adierazi zion Adam Zagajewskik Iñigo Astizi, «gogoetaren eta edertasunaren beste bizitza horretara iratzartzen gaituen esnagarri gisako bat, baina ez gaituena apartatzen benetako bizitza historiko eta ekonomikotik. Poesiak, beste edozein artek bezala, osoago egiten gaitu, beste dimentsio hori eskaintzen digulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.