Gogoa altxatzen duten doinuak

'UH EH' Elkano Browning Creamen laugarren diskoa haien ibilbideko sakonena da Mikel Azpirozen iritziz

Franck Mantegari frantziarra, Mikel Azpiroz euskal herritarra eta Dave Wilkinson ingelesa. JON CAZENAVE.
Igor Susaeta.
2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Abiapuntu gisa 1960ko hamarkadan jazzean erabiltzen zen formazioa errespetatuta —organoa, bateria eta gitarra—, hainbat kulturatako musikak nahastea da Elkano Browning Creamen filosofiaren ardatzetako bat. Bohemia (2012) aurreko lanean, ordea, parentesi moduko bat egin zuten, Mikel Azpiroz hirukoaren kide euskaldunaren esanetan, eta «kutsu zingaroko» diskoa ondu zuten, orduan perkusioaren, melodikaren eta gitarra akustikoaren soinuak baliatuta. Formatu elektrikora itzuli dira laugarrenarekin, UH EH-rekin (Mamusik). «Eta oso Elkanoa da lana», Azpiroz piano eta hammond C3 jotzailearen esanetan; haien zortzi urteko ibilbideko sakonena eta garrantzitsuena. Askogatik. Ikusleari gogoa altxatuko dioten kantuak egiten ahalegintzen direla diote; hamahiru, kasu honetan. «Hori da gure filosofiaren beste ardatza».

Maiz esan izan da musika beltzaren esparru zabaletik elikatzen den proposamena dela haiena. Azpirozen iritziz, baina, beltza denik ere ez luke esango; iruditzen baitzaio oso pluralak direla, munduko hainbat tokitako musiken eragina dutela, Franck Mantegari frantziarrak (bateria), Dave Wilkinson ingelesak (ahotsa eta gitarrak) eta berak sortzen dituzten doinuek.

Eklektikoak dira, oso, haien gustuetan, baina hari bat behar du hain eskaintzak. Erritmoak tira egiten dio, hain zuzen, hari horri,Azpirozen hitzetan, eta hortaz, berebiziko garrantzia dauka bateria jotzailearen zereginak. «Franckek [Mantegari] ematen digu pultsu erritmiko hori». Afrikako free musikari askorekin aritutakoa da, eta Alpha Blondyko kidea izan zen, adibidez, ia hamar urtez. «Pultsu afrikar hori oso ondo ekartzen du, eta iaioa da Europako eta AEBetako ukitu garaikideagoko erritmoekin nahasten».

Wilkinson «oso gitarristikoa» da; moldakorra, aldi berean. Matt Harding lehen bi lanetako gitarra jotzailea eta abeslaria ordezkatu zuen jada aurreko lanean — «hura frontman-agoa zen»— eta taldeari eman dion kolorea baloratzen du Azpirozek. «Oso bat dator proiektuaren filosofiarekin».

Bizitzarekiko, gainera, antzeko ikuspegia dute hirurek. Musika haientzat da sentsazio positiboak transmititzeko tresna bat. Ukitu baltsamikoa duena, terapeutikoa, piano jotzailearen ustez. «Eta pentsatzen dugu gureak baduela eragin hori jendearengan. Agertokitik behintzat, erreakzio hori ikusi dugu hainbat herrialdetan». Jo baitute, adibidez, Donostiako Jazzaldian, eta India, Txina, Australia, Ekuador eta Espainiako jaialditan, besteak beste —40 bat kontzertu ematen dituzte urtero, gutxi gorabehera—. Ahalegintzen dira emanaldi dantzagarriak egiten, groove deitzen zaionarekin, erritmo errepikakorrekin, jendea mugiarazten.

Kantu horiek apenas daukate hitzik. «Noizbait hitz egin izan dugu horri buruz... Beharbada hurrengoan...». Azpirozi gustatzen zaio, gainera, disko bakoitzak edukitzea bere nortasuna, bere izateko arrazoia. «Egin dugun disko bakoitzaren kontzeptua argi asko ikusten dut».

Bata frantziarra, bestea euskal herritarra eta hirugarrena ingelesa izanda, ezin entseatzeko elkartu. Lan egiten dute elkarri zirriborroak bidaliz. «Askotan, kontzertuen aurreko soinu frogan gauzatzen ditugu ideiak». Gaitasuna behar da. «Bai. Bi musikari horiekin taldea partekatzea luxua da». Hiruetako bakoitzak bestelako proiektuak ditu, eta ahal dutenean elkartzen dira. UH EH-ko kantuak iazko maiatzeko lehen bost egunetan grabatu zituzten Donostian, Kontxako hondartzaren pareko etxe batean. Animoa altxatzeko modukoak, hortaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.