Alois Miedl hitz bakarrarekin deskribatu beharko balitz, marrazo litzateke zuzenena, Miguel Martorell historialariaren esanetan. Zergatik? Nazioartean finantza, meatze, eraikuntza arloan hamaika negozio abiarazi eta espekulazioa muturreraino eraman ostean, nazismoaren gorakadarekin negozio iturri emankor bihurtu zen arte munduari egin ziolako haginka.
El expolio nazi liburua argitaratu zuen azaroan Martorellek, Miedlen ibilerak ardatz hartuta. «Alemaniak Europako kultur hegemonia eskuratu behar zuela erabaki zuten naziek, eta purga eta arpilaketa erabili zituzten horretarako». Zer purga eta zer arpila zezaketen esango zien aditu, arte-merkatari eta salatari sare erraldoia ere bai, eta hor murgildu zen Miedl, lortutako pieza bakoitzagatik %10-15eko komisioa kobratzen baitzuten bitartekariek. «Miedlek bidea ematen zidan espolioaren fase guztiak azaltzeko: naziek Arte Degeneratu izendatu zutenaren purgan sartu zelako negozioan; juduei egindako inkautazioetan ere parte hartu zuelako; eta harrapakinaren barreiaketan ere bai, Espainiara dozenaka margolan sartu baitzituen kontrabandoan». Hendaia (Lapurdi), Irun (Gipuzkoa), Donostia eta Bilbo geltoki gisa erabiliz sartu ere, AEBetako Roberts Batzordearen 1940etako dokumentuetan ageri denez.
Agiriok izan ditu lanabes nagusi Martorellek Miedlen nondik norakoak ikertzeko. Bigarren Mundu Gerrak Europako kultur ondarean utzitako arrastoak ikertzeko sortu zuten Roberts Batzordea estatubatuarrek; 1943an, Monumentu, Arte Eder eta Artxibategi Unitatea sustatu zuten; Arte Espoliatua Ikertzeko Unitatea ere sortu zuten hango zerbitzu sekretuek. Unitateok datu ugari trukatu zituzten herrialde aliatuetako informazio zerbitzuekin, Roberts Batzordearen agirietan ikus daitekeenez.
Bilboko portuan hiru kutxa bete margolan zeudela jakitetik heldu ziren estatubatuarrak Miedlenganaino. 1945 hasieran ekin zioten ikerketari, eta laster jakin zuten III. Reicharen hierarkian bigarren postua betetzen zuenaren artekariarenak zirela. Hala dago idatzita bateko eta besteko txosten sekretuetan: «Hermann Goeringen oso gertukoa».
Hala idatzi zuen horri buruz Kirmen Uribek, Elkarrekin esnatzeko ordua nobelan (Susa, 2016): «Portuan zeuden koadroak Alois Miedl pasante alemanak atera zituen Frantziatik, herrialde hau askatzear zegoela (...). Hermann Göringen arte saltzaile handiena zen Miedl, eta artelanak Larneko M van Valkenburg eta Amsterdamgo Goudstikker bildumetakoak izan bide ziren, juduei lapurtuak hain zuzen. Buenos Airesera eramateko prest zeuden Bilboko portuan. Göringen asmoa zen haiexek saldu eta dirua ateratzea, Alemaniatik ihes egitea lortzen bazuen behintzat».
Familia eta lagunak
Alois Miedl Munichen jaio zen, 1903an, eta oso gazterik nabarmendu zen negozioetarako bere neurrigabetasunagatik. Legea hausteko arazorik ez zeukan, irabaziak lortuko bazituen. Hala, 1932n Herbehereetara joan behar izan zuen Alemaniatik, zerga kontuengatik auzipetu zutenean.
Amsterdamen zegoen naziak boterera heldu zirenean, eta ez zen tristatu: lagun-minak eta negoziokideak zituen haien artean. Ordurako, familia bazuen: Dorie Fleischer zuen emaztea, judua bera, eta, Alemaniara itzultzeko aukera sortu zitzaienean, Herbehereetan geratzea erabaki zuten.
1930eko lehen urteetan Afrikan, Asian, Latinoamerikan, Europan bertan zituen negozioei, naziek beren kultur politikak garatu ahala, arte salerosketarena gehitu zien Miedlek. «1930eko azken urteetan, giro politikoa ezegonkorra zen oso Europan, eta balio egonkorrak nahi zituzten inbertsoreek. Artea balio segurua zen, eta halaxe sartu zen Miedl negozioan. Ez zekien ezer arteari buruz, baina diru iturria ikusi zuen hor». Bigarren Mundu Gerra hastearekin bat, gainera, nazioarteko negozioen puzzlea desegin egin zitzaion, eta Goering mariskalaren babesak arte mundurako bidea zabaldu zion. Goering arte bildumagile konpultsiboa baitzen, Hitler bera bezala.
«Nazismoak artea propagandarako tresna potente gisa ulertu zuen. 1937tik aurrera, liberalekin, demokratekin, komunistekin, juduekin, arerioarekin identifikatutako arte oro espazio publikotik egotzi zuten», Martorellen hitzetan. 1938an, Arte Degeneratua Likidatzeko Batzordea sortu zuen Joseph Goebbels Informazio eta Propaganda ministroak. Ordurako, Alemaniako koadroak Herbehereetan saltzen ari zen Miedl, Goeringen bitartez.
Degeneratutzat jotako 16.000 artelanen ia herenak, erre egin zituzten naziek. Erre gabekoak Alemaniatik kanpo saltzea erabaki zuten, Goeringen proposamenez. Suitzan egin zuten lehen enkantea, 1939ko ekainean.
Kontrako norabidean, Alemania Europa osoko artelan klasiko eta figuratiboen biltegi bihurtzen hasi zen. Frantziatik, 100.000 pieza inguru heldu ziren Alemaniara; 30.000 inguru Herbehereetatik; 20.000 Belgikatik. «Europa Ekialdean harrapatu zutenaren daturik ez dago, ezta gutxi gorabeherakorik ere».
Arpilaketa giro hartan, neurri ertain eta txikiko eta balio ertaineko piezen salerosketan espezializatu zen Miedl, tarteka maisu handien pieza oso baliotsuak ere manejatu bazituen ere. Herbehereetan eskuratu zuen artelan gehien. Gerra hartzen ari zen norabidea ikusita, hegoaldera ihes egitea erabaki zuen. Espainia neutralera joanda, Latinoamerikako atea zen Portugal ere bertan izango zuen. Bidean, Goeringen 200 artelan berekin zeramatzala zabaldu zuen Parisen; salerosketa batzuk egin ere bai. 1944ko maiatzean Donostiako Continental hotelean zegoen, Madrilgo Prado museoari margolan batzuk saltzeko kontaktuak egin nahian. Nafarroako Artxibo Nagusiko artxibozain eta militar izandako Jose Maria Huarterekin ere bildu zen —museoaren ordezkari gisa agertu zen Huarte—, baina ez zioten ezer erosi.
Urte bereko ekainaren 20an, Amsterdamera abiatu zen Miedl, Goudstikker galeriara. Fardel mordoa atera zuen handik. Donostiara bidean, geldialdia egin zuen Parisen; Hendaian ere bai gero, bertako etxe batean fardelak uzteko. Handik gutxira, Amsterdamera itzuli zen artekaria, auto erremolkedun batekin. Margolanez betetako kutxak ekarri omen zituen. Bi bidaiok egin ostean zeharkatu zuen Miedlek muga lehen aldiz, ofizialki, 1944ko uztailaren 5ean. Handik astebetera, Irungo aduanan agertu zen, maletin, zaku, maleta eta fardel bana zituela. Ia bost milioi florin zekartzan akzio, bonu eta tituluetan, eta aduanako agenteen esku geratu ziren denak.
Uztailaren 15ean, Miedl Hendaian zen berriz, hiru kutxa bete margolan hartzen. Uztailaren 24an, hiru kutxa heldu ziren Bilboko portura; «342 kiloko pisu brutoarekin eta pintura artistikoz eta egurrezko markoz beteta», bertako langile baten txostenaren arabera. Irungo aduanatik pasatuak ziren, Donostian bizi zen Alois Miedlen izenean. Barruan, 22 margolan, neurri ertain zein txikikoak. Kutxon berri jasotzen zuen agiria ezkutuko bihurtu zuten Espainiako agintariek, eta portutik ateratzeko aukera izoztu. 1944ko abuztuaren 22 hura da Miedli ezagutzen zaion mugako azken ibilera. Hendaiatik bueltan zetorren Donostiara, «margo kutxa bat jasotzera» joan ostean.
Irailaren 17an alde egin zuen Donostiatik, Madrilera, familia hartuta. Han, berehala zabaldu zen Miedlek dirutza zeukala artelanetan. Zenbaki zehatza jakitea ezinezkoa da, Martorell historialariaren esanetan, batzuk ofizialki eta besteak ezkutuan pasatu zituelako. «Bilbon 22 margo utzi zituen eta berekin beste hiru pasatu zituen, baina 60 eta 80 bitartean ekarri zituela uste da».
Margolanen jatorriari buruz galdetu zioten estatubatuarrek, 1945ean, Madrilen. Miedlek behin eta berriro errepikatu zuen negozioak besterik ez zituela egin. «Juduei naziengandik ihes egiten lagundu ziela zioen, eta egia da batzuei lagundu ziela; baina huskeria bat ordainduta erosi zizkien artelanak, ihes egiten laguntzearen truke».
Kontrabandoa
«Hendaia-Irun igarobidea bi noranzkoetako kontrabandorako erabili zuten, artelan asko pasatu zituzten bertatik», Martorellek nabarmendu duenez. Gerraren amaiera heldu ahala, are gehiago. Ez alferrik, aliatuek Arratoien autobide deitu zuteneko puntu garrantzitsuak ziren Lapurdi eta Gipuzkoa. Eta puntu horren begirale pribilejiatu, Antonio Maria Agirre Gonzalo (Donostia, 1902 Madril, 1963) izan zen, Francoren gobernuak Hendaian zeukan kontsulatuko burua. 1939tik 1942ra bitartean Berlingo enbaxadan lanean aritzetik etorri zen Euskal Herrira, 1943ko martxoan, eta «nazionalsozialismoari sinpatia handia» zion, Gottfried von Waldheim diplomatikari alemanaren esanetan.
Arte bildumagilea zen Agirre, eta egin zituen salerosketen leluko da Hendaiako kontsulatuko gutuneria. Dirua zeukan, eta baita laguntzaile sare bat ere Parisen-eta. Sare horretan, nazien ordezkariekin lan egiten zuten batzuk zeuden; Julian Tellaetxe (Bergara, Gipuzkoa, 1884 - Lima, 1957) margolaria ere bai.
Beste hainbat politikari frankistaren arte erosketetarako bitartekari ere aritu zen Agirre. Jose Maria Areiltzak (Portugalete, Bizkaia, 1909- Madil, 1998), esaterako, Goeringen Parisko artekari bati erosi zizkion XVIII. mendeko Frantziako eskolako hiru margolan, esaterako, Agirreren bitartez. Areiltzak, hain zuzen ere, Miedlen alde egin zuen Espainiako agintarien aurrean, izoztuak zizkioten ondasunak itzul ziezaizkioten.
Amaiera
Gerra bukatu berritan, 1945eko azaroan, britainiarek eta estatubatuarrek zerrenda bat eman zioten espainiako Atzerri Ministerioari, repatriatu beharreko 255 nazi eta kolaboren izenekin. Zerrenda horretan zegoen Alois Miedl, Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua-n jasota dagoen bezala: «Gerra ostean Miedlen Holandarako estradizioa eskatu zuten Aliatuek. Espainiako Gobernuak ez zuen onartu. Bitxia da, izan ere, koadroen afera honetako paperen artean Jose Felix Lekerika agertzen da». Lekerika (Bilbo, 1891 - 1963) Bilboko alkate izana zen —Areiltza bera bezala—, eta Espainiako Atzerri ministro ere bai.
1949ko otsailaren 14an, izoztutako margolanak eta sosak berreskuratu zituen Miedlek. Behin hortik aurrera, ez dago garbi noiz itzuli zen Alemaniara. Munichen ezarri zen, eta bertan hil, 1990ean.
Bilboko kutxetako lan bakarra eskuratu dute Jacques Goudstikkerren ondorengoek: Anton van Dycken Madalena penitentea. Gainerakoak ez dira agertu inon Miedlek Bilbotik atera zituenetik.
GOERINGEN ARTEKARIA GURE ARTEAN
Bigarren Mundu Gerra garai oparoa izan zen naziek espoliatutako artelanen negozioan sartzeko prest zeudenentzat. Horietako bat izan zen Alois Miedl enpresaria. Artelan ugari pasarazi zituen Euskal Herritik barrena, Espainiako eta Portugalgo merkatuetara bidean. Hainbat euskal herritar izan zituen laguntzaile horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu