Arte historialaria

Mikel Lertxundi Galiana: «Goenagari ez zitzaion aitortza interesatzen; ez zuen artea sortzea beste kezkarik»

Juan Luis Goenaga artistari buruzko aditu nagusia da Lertxundi, eta sortzailearen «sakontasuna» nabarmendu du gainerako guztiaren gainetik.

Mikel Lertxundi Galiana arte historialaria (eskuinean), Juan Luis Goenaga artista ondoan duela. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Mikel Lertxundi Galiana arte historialaria (eskuinean), Juan Luis Goenaga artista ondoan duela. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Inigo Astiz
2024ko abuztuaren 13a
17:53
Entzun

Oraindik ere heriotzaren albistearen eraginpean, ia minutu erdiko tartea hartu behar izan du Mikel Lertxundi Galiana arte ikerlariak (Donostia, 1974) Juan Luis Goenagari buruzko ezer esaten hasi aurretik, eta behin hasitakoan, oraindik ere, orainaldia baliatu du nagusiki. Filosofian doktorea da Lertxundi, bai eta hil berri den artistari buruzko aditu nagusia ere. Horren erakusgarri da 2018an Nerea argitaletxearekin pintoreari buruz kaleratutako 256 orriko liburua: Goenaga.

Zer da, zure ustez, haren figuraren alderik esanguratsuena?

Sakontasun handiko artista bat da, agerikoan geratzen ez dena. Errealitatea transzenditzen du, eta hori da, nire ustez, Juan Luisen lorpen handienetako bat. Beste artista askorentzat ere ohikoak diren hainbat gai landu ditu berak ere, paisaia, erotismoa edo erretratugintza kasurako, baina, esate baterako, natura lantzen duenean, natura hori gainditu egiten du, natura horren itzaletan dauden hainbat gai azaleratuz: historia, euskal arima eta antzinako munduarekin lotutako gaiak. Horiek beti daude presente haren lanetan. Artista oso intentsoa da, baina batez ere sakontasun handikoa.

Oso gaztetatik hasi zen pintatzen, eta aitzindari izan zen, esaterako, land art-aren esparruan, baina, era berean, ez dirudi sekula askorik begiratu zienik ez bogan ziren modei ez eta nagusi ziren joerei ere.

Sentitzen duena pintatzen du. Erabat lotsatia zen, baina, artista izanik, aukera izan zuen artearen bidez barruan zeraman guztia ateratzeko. Sentitzen zuen, ezinegona eragiten zion eta hautematen zuen hori guztia.

Hari eskainitako liburu mardula argitaratu zenuen 2018an, eta atzera begirako zabala eskaini zenion 2020an Donostian. Inoiz sentitu duzu haren figura aitortza eta erreskate faltan egon dela?

Euskal esparruan beti izan du aitortza maila handia. Gipuzkoan eta Bizkaian, nagusiki, oso errekonozitua izan da beti.

Eta zale asko izan dituena.

Publikoa izan du beti, bai, eta, hamarkadak joan eta hamarkadak etorri, bildumagile fidelak ere izan ditu. Ez dira izan une batean haren lanak erosi dituzten bildumagileak; ibilbide osoan izan ditu ondoan. Horregatik ez dut uste euskal esparruan aitortza faltan egon denik. Juan Luisek, noski, sekula ez du aitortza lortzeko pintatu, baina, bestelako jarrera bat izan balu, bazitekeen nazioartean ere oihartzun handiagoa lortu izana. Baina, esan bezala, ez zuen horretarako interesik. Artea sortzea beste kezkarik ez zuen. Hori zen bizitzeko modua. Arnastea bezala zen harentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.