Musika

Goat Girl taldearen doinu esperimentalak izango dira 2024ko Andoaingo Rock Jaialdian

The Bug Club, Tramhaus, Howlin' Jaws, Pinpilipussies eta Ithaka taldeek osatuko dute arratsaldeko programazioa. Eguerdian, Euskal Herriko hiru talderekin hasiko da eguna.

Goat Girl taldea. BERRIA
Goat Girl taldea. BERRIA
urko iridoy alzelai
2024ko maiatzaren 10a
13:57
Entzun

Ekainaren 15ean izango da Andoaingo Rock Jaialdia, eta hamabosgarren aldia izango du aurtengoa. Europa osotik etorritako taldeak izango dira Nafarroa plazan, eta, urtero moduan, sarrera doakoa izango da. Sei taldek emango dituzte arratsaldeko kontzertuak. Goat girl, The Bug Club, Tramhaus, Howlin' Jaws, Pinpilipussies eta Ithaka izango dira programazioko emanaldi nagusiak. 

Goat Girl taldea izan da antolakuntzak nabarmendu duen taldea, kartel ofizialean ikus daitekeen moduan. Lottie Pendlebury, Rosy Bones eta Holly Mullineaux musikariek osatutako taldea da, eta 2018. urtean kaleratu zuten lehen diskoa: Goat Girl. Londresen sortu eta hazi den taldeak «folk esperimental delikatua eta synth-pop atsegina» lantzen ditu, eta horren adibide argia da aurten kaleratutako Below the Waste diskoa. Bira txiki batekin hasiko da taldea azken lana aurkezten, diskoetxeetatik gehienbat, baina, ondoren, Erresuma Batuan eta Europan zehar bira handiagoa osatuko dute. 

Goat Girl taldearen Motorway kantaren bideoklipa.

Galesko The Bug Club taldea ere jaialdian izango da. 2016. urtean sortu zen hirukotea, eta garage rocka egiten du, eta, harrezkeroztik, ehunka kontzertu eman dituzte Erresuma Batuan eta Europan. Antolakuntzak hala deskribatu du taldea, ohar bidez: «Imajinatu Jonathan Richmanek anplifikadore handi bat eta denbora makina bat erosi zituela eta Nuggets bildumako lekuren batean aurkitu zela. Edo Ray Davis Sterling Morrisonekin elkartzea, The Minutemen-ekin zaletzea eta abestiek ez zutela bi minutu baino gehiago iraun behar adostea». Tramhaus taldea Herbehereetan finkatutako taldea da. Rotterdameko post-punkaren erakusgarri nagusienetarikoa bilakatu dira azken denboraldian, eta, udan, Europa osoko hainbat jaialditan egongo dira.

Arratsaldeko ekitaldietan euskal musikariak ere izango dira. Pinpilipussies taldea Raquel Paguesek eta Ane Barcenak osatutako bikotea da. 2023. urtean EZ/NO EPa kaleratu zuten, hiru abestiz osatutako lana. Hiru abestiak hiru hizkuntzatan eginikoak ziren: euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz. Hala definitzen dute euren burua: «Garage-popa postpunk jarrerarekin. Pogoak egiteko abestiak baladaren batekin».

Eguerdiko emanaldiak

Ithaka taldea Biluzten diskoa aurkezten dabil orain. 20 urteko gazteek osatutako taldea da Ithaka. Josune Freire (bateria), Eneko Eizagirre (baxua), Arantza Igartua (gitarra) eta Leire Olariaga (ahotsa eta teklatua) arituko dira Andoaingo oholtzan. 2021. urtean sortu zen laukotea, eta, urte bat geroago, Gaztea Maketa Lehiaketako entzuleen saria bereganatu zuten.

Kontzertuak ez dira soilik arratsaldean izango. Eguerdian Euskal Heriko hiru talde ikusteko aukera izango da: Amorante, Indabe eta Munlet. Taldeez gain, goiko plazan DJak arituko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.