Donostiako 72. Zinemaldia

‘Go!azen’, ‘Celeste’ eta ‘Marco’ belodromoan emango dituzte

Halaber, Donostiako 72. Zinemaldiko Sail Ofizialaren amaierako filma ere han eskainiko dute. ‘Kontzertua & Proiekzioa’ eta ‘Ikastetxeak Belodromoan’ egitasmoak ere gauzatuko dira.

'Go!azen' telesailaren denboraldi berria Donostiako Belodromoan estreinatuko da. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Go!azen' telesailaren denboraldi berria Donostiako Belodromoan estreinatuko da. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Garazi Karrera
Donostia
2024ko abuztuaren 19a
13:26
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako belodromoa bi telesailen estreinaldien lekuko izango da: Go!azen (Itziar Gomez, 2024) eta Celeste (Elena Trape, 2024). Lehenari dagokionez, hamaikagarren denboraldiko lehen atala emango dute aurtengo Zinemaldian, irailaren 27an, 18:30ean. Bigarrena, berriz, osorik emango dute, hurrengo egunean, 18:00etan. Era berean, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek Marco film luzea (2024) aurkeztuko dute hilaren 28an, 18:45ean. Horiez gain, oraindik iragartzeke dagoen Sail Ofizialaren amaierako filma ere belodromoan ikusi ahal izango da.

Go!azen telesailaren estreinaldiaren aurretik, protagonistek zuzeneko emanaldi bat eskainiko dute. Itziar Gomezek zuzendu du Basakabi udalekuan girotutako abentura musikalen kontakizuna, eta, iazko parte hartzaileez gain —tartean Nerea Elizalde, Kimetz Etxabe eta Mikele Arizkorreta—, batu dira berriak ere: Irati Marin, Julen Taboada, Adriana Sanchez eta Garazi Urkola, besteak beste.

Carmen Machi aktorea, 'Celeste' telesailaren fotograma batean.DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Carmen Machi aktorea, 'Celeste' telesailean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Celeste telesailaren sei kapituluak ikusteko aukera izango da irailaren 22an belodromoan. Diego San Joseren ideia Elena Trapek garatu du. Istorioa musikari batek ogasunari egindako iruzurrean oinarritzen da, eta erretiratzear dagoen ogasuneko ikuskatzaileak, Carmen Machik, antzeztua; kontuak argitu beharko ditu.

Filmei erreparatuta, Marco pelikula ere belodromoan emango dute, Perlak sailaren amaiera gisa, lehiaz kanpo. Filmeko protagonista Enric Marco da, Eduard Fernandez aktoreak jokatua. Gertaera erreal batzuetan oinarrituta dago istorioa: Marcok bere biografia faltsutu zuen, eta Flossenburgeko (Alemania) kontzentrazio esparrutik bizirik atera izanaren plantak egiten zituen.

Belodromoko emanaldietarako sarrerak bihar jarriko dira salgai, 10:00etan, eta Zinemaldiaren zein Kutxabanken webguneen bidez erosi ahalko dira.

‘Kontzertua & Proiekzioa’ eta ‘Ikastetxeak Belodromoan’

Ikus-entzunezko emanaldiez gain, bada zer ikusia belodromoan. Kontzertua & Proiekzioa irailaren 21ean izango da, 18:00etan, Euskadiko Orkestraren eta SGAE Fundazioaren eskutik. Ikuskizunak soinu banden interpretazio sinfonikoa eta horiek inspiratu zituzten film eszenen muntaketa batzen ditu. Sarrera doakoa da, baina dagokion gonbidapena jaso beharko da, irailaren 14tik 20ra Donostia Zinemaldiak Kursaaleko eraikinean eskuragarri izango duen informazio gunean, Donostia Turismo bulegoan (Boulevard) edota Belodromoko kontzertuaren egun berean.

Bestalde, Ikastetxeak Belodromoan egitasmoaren agertokia ere izango da belodromoa. Zinema eta zientzia lotzen dituen pelikula baten emanaldia ikusteko aukera emango die sei eta hamaika urte bitarteko haurrei —ez dute jakinarazi zein izango den filma—. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak batera antolatutako saioa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.