Plataforma per la Llenguako Kultura Batzordeko aholkularia

Pol Cruz-Corominas: «Globalizazioak agintzen duenean, hizkuntza txikiek ez dute espaziorik»

Hizkuntza gutxituetan sortutako edukien aldeko kuotarik ezarri ezean merkatu irizpideak gailentzen direla azaldu du Cruz-Corominasek. Beharrezkoak direla uste du, baina, dioenez, egun indarrean daudenak ez dira nahikoak, eta inork ez ditu betearazten.

Paul Cruz-Corominas. GOTZON ARANBURU / FOKU
Paul Cruz-Corominas. GOTZON ARANBURU / FOKU
Inigo Astiz
2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Beharrezkoak dira. Baina ez daude nahikoak, eta dauden gutxiak ez ditu inork betearazten. Pol Cruz-Corominasen hitzetan (Tarragona, Katalunia, 1988), horrela dago katalanez sortutako kultur edukien kuoten gaia une honetan. Kazetaritza, Ekonomia eta Zuzenbide ikasketak egin zituen Pompeu Fabra unibertsitatean, eta gertutik ezagutzen du gaiari buruzko debatea. Aholkulari lanetan aritu zen Institut per la Llengua elkartearentzat Espainiako Gobernuak 2022an sustatutako Ikus-entzunezkoen Legea onartu zuenean, eta, dioenez, azken emaitza urrun dago hasieran ezarri nahi izan ziren gutxienekoetatik. Azpeitian (Gipuzkoa) izan zen atzo, Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldietan kasua azaltzen.

Zuzentzaile moduko bat dira kuotak. Horrek esan nahi du merkatuaren logikaren arabera bakarrik aritzeak kalte egiten diela hizkuntza gutxituei?

Argi ikusten da hori. Erregulaziorik ezarri ezean, katalanak, euskarak eta bestelako hizkuntza txikiek oso presentzia urria izaten dute. Ikus-entzunezko enpresek nagusiki merkatu irizpideen arabera funtzionatzen dute, eta, haien arabera, hizkuntza horiek eskaintzeak eskatzen dien esfortzuak ez du nahikoa onurarik ematen.

Eta zertan lagun dezake kuota sistema batek?

Erregulazio bat gehiago dira, hizkuntza horiek gutxieneko presentzia bat izan dezaten lortzeko. Enpresa horiek bestelako beste hamaika erregulazio ere bete behar dituzte. Lanbide arteko gutxieneko soldata dela, langileen oporraldiak errespetatzeko betebeharra dela, edo umeen babeserako hainbat neurri direla. Hizkuntzen kuotek oreka ariketa on bat proposatzen dute enpresa askatasunaren eta lurraldez lurraldeko hizkuntzarekiko errespetuaren artean, eta auzitegiek ere behin baino gehiagotan onartu dute hori.

«Hizkuntzen kuotek oreka ariketa on bat proposatzen dute enpresa askatasunaren eta lurraldez lurraldeko hizkuntzarekiko errespetuaren artean»

Zein dira gaur egun ikus-entzunezko esparruan indarrean diren kuotak?

2022an onartu zen Espainiako Estatuko Ikus-Entzunezkoen Lege Orokorraren onarpenak ezarritako kuota batzuk badaude. Minimoak dira, eta Espainian egoitza duten enpresei bakarrik eragiten diete. Kuota horien arabera, enpresa horiek behartuta daude euren katalogoaren eskaintza osoaren %6 gaztelera ez den beste hizkuntzetan edukitzera. Baina, gaur egun, betebehar horretatik libre geratzen dira eskaintza hemen egin arren egoitza beste inon duten enpresak. Hori da, esaterako, Disney Plus edo HBO plataformen kasua. Legeak haiei ere eragin ziezaiela eskatu genuen legearen negoziazioetan, kontsumo kuota handia dutelako.

Eta betetzen al dira ezarrita dauden gutxieneko betebehar horiek?

Berez, legearen arabera, autonomia erkidegoetako erakunde erregulatzaileek eta estatuko erakunde batek alde hori lantzeko lan talde bat osatu behar zuten, baina berandu sortu zuten, eta, gainera, ez du lanik egiten. Ez dute txostenik aurkeztu ere, adibidez, eta ez dute berrikusi ea estatuan egoitza duten plataformek hizkuntzei dagozkien betebeharrak bete ote dituzten ere. Eta ez dute hizkuntzari buruzko bestelako betebeharren jarraipenik ere egin.

«Legeak ezarritako kuoten arabera, egoitza Espainian duten enpresak behartuta daude euren katalogoaren eskaintza osoaren %6 gaztelera ez den beste hizkuntzetan edukitzera. Baina betebehar horretatik libre daude egoitza beste inon duten enpresak»

Zein dira beste betebehar horiek?

Kataluniako alderdiek egin zuten legean hizkuntza koofizialen gaia txertatzeko ahalegin nagusia, baina, azkenean, bi alderdi katalanek [Junts Per Catalunyak eta ERC-k] legearen aurka bozkatu zuten, eta PPren abstentzioarekin eta, tartean, EAJren aldeko botoekin atera zen aurrera. EAJk xedapen gehigarri bat txertatu zuen, hizkuntzari lotutako hainbat betebehar aipatzen zituena. Haietako baten arabera, TVE telebista kate estatalak hizkuntza koofizialetara itzulita edo bikoiztuta eskaini behar ditu umeentzako edukiak. Baina horretaz ez dakigu ezer. Eta beste puntuetako batek sei hilabeteko epea ezartzen zion jarraipen lantaldeari nazioarteko plataformekin hizkuntza koofizialei buruzko akordioak bilatzeko. Baina urte eta erdi pasatu da ordutik, eta horretaz ere ez dakigu ezer. Eta, hortaz, ez dira xedapen gehigarri hori betetzen ari.

Betebeharrik ezarri ezin duenez, badirudi Kataluniako Generalitateak diru laguntzen bidez konbentzitu nahi izan dituela plataformak, eta hainbat diru sail bideratu ditu itzulpenak eta bikoizketak sustatzeko. Bide ona izan daiteke hori?

Bide gehigarri bat izan daiteke. Halakoei esker, handitu egin da katalanezko eskaintza plataformetan, baina ez da nahikoa. Gutxieneko betebehar batzuk ezarri behar dira. Eta, gero, aukera bat izan daiteke plataformei horiek bete ahal izateko laguntzak eskaintzea, baina betiere betebehar horiek ezarri ondoren. Diru laguntzek bakarrik, ikusten denez, ez dutelako arazoa konpontzen. Adibidez, Netflixek oraindik ez ditu plataforman txertatu jadanik katalanera bikoiztuta eta azpidatzita dauden edukiak.

«Bide gehigarri bat izan daitezke diru laguntzak. Halakoei esker, handitu egin da katalanezko eskaintza plataformetan, baina ez da nahikoa. Gutxieneko betebehar batzuk ezarri behar dira»

Kuota hobeak ezarriko diren esperantza badago?

Europako ikus-entzunezko zuzentaraua berrikusteko ordua heltzen denean, esaterako, oso garai egokia izan daiteke gaiari heltzeko. Oker ez banago, legegintzaldi hau bukatu baino lehen gertatuko da hori, eta Europako Parlamentuan dauden euskal alderdiek eta alderdi katalanek aliantzak ezarri behar lituzkete, zuzentarauak hizkuntza gutxituentzako nolabaiteko arnasbideren bat eskain dezan. Gaur egun zuzentarauak ez duelako hizkuntza horiek sustatzeko inolako aipamenik egiten, eta, beraz, estatu bakoitzaren mende geratzen delako hori. Aukera ona izan daiteke hori hobetzeko.

Eta ezer aldatzen ez bada?

Globalizazioak agintzen duenean, hizkuntza txikiek ez dute espaziorik. Esku hartzerik ez dagoenean, bistara dago zer gertatzen den.

Kataluniako Generalitateak badu, adibidez, irratietarako katalanezko musikarentzako emisio kuotarik?

Bai. Legez, musika katalanak %25eko presentzia izan behar du musika irratietan, baina orain artean inoiz ez dute neurri hori betearazi. Legeak aukera ematen du kopuru horretatik behera dauden salbuespenak adosteko, eta kopuru horretatik oso-oso behera dauden salbuespenak adostu dira orain arte. Horretan ere lanean ari gara, eta aldaketak espero ditugu. Salbuespenak onartzeari utziko zaiola espero dugu, bai eta zigorrak jartzen hasiko direla ere, betebehar hori betetzen ez duten irratien kasuetan.

«Katalunian, legez, musika katalanak %25eko presentzia izan behar du musika irratietan, baina orain artean inoiz ez dute neurri hori betearazi»

Borondate politikoa da gakoa, beraz?

Hori da faktore nagusietako bat, bai. Baina ez dugu ahaztu behar badirela bestelako traba batzuk ere. Auzitegiak ere zelatan izaten direlako, adibidez, katalana edo euskara gehiegi exijitu ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.