Globalizazioa eta bakea

2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Musika

Herbie Hancock

Lekua: Euskalduna jauregia (Bilbo).

Eguna: Abenduaren 13a.

Lan zaila zuen Chicagoko piano jotzaileak bere azken diskoa den Imagine Project aberatsa, anitza eta globala eszenatokira eramateko. Bost musikariekin etorri zitzaigun: Kristina Train (ahotsa zenbait kantutan, biolina han-hemenka), Gregg Phillinganes (teklatuak eta ahots nabarmena), Beningo Lionel Loukele (gitarra eta ahots sintetizatua), James Genus (baxua) eta Trevor Lawrence Jr. (bateria). Diskoko zenbait parte-hartzaile (Oumou Sangare, Kokono NÂș 1) ordenagailutik etorri zitzaizkigun. Banan-banan agertu ziren musikariak, Hancock azkena zelarik. Actual Proof fusion leloaz hasi ziren, hamarren bat minutu luze. Beste bost minutu hartu zuen liderrak bere banda sendoa aurkezteko; hori izan zen gaueko dinamika: pieza luzeak, solo ugari, lasaitasuna kantu batetik bestera, Hancocken bakarrizketak, lelo berreginak... Batzuetan aspergarri edo astun samar gertatu zen ekitaldia. Baina arrisku hori gainditzeko kantu ezagunak gauzatu zituen taldeak: azken diskoan agertzen zirenak (Lennonen Imagine, Peter Gabrielen Don't Give up, Marleyren Exodus, Dylanen The Times They Are A-changin' edo Sam Cookeren A Change Is Gonna Come) edo konposatzailearen lelo klasikoak (Watermelon Man, Cantaloupe Island edo Maiden Voyage ia ezagutezinak gertatu ziren). Eta bitartean beste aireak gozatu genituen: Court and spark (Joni Mitchell) edo 'Round midnight jazz estandarra, esaterako.

Txiste pare bat egin zuen Hancockek entzuleria zein urrun zegoen adierazteko; are gehiago, guregana hurbildu zen Kristina biolina jotzen ikusteko eta antzekoa egin zuen Gregg kantariak, Cooke-ren kantua mikrorik gabe eskaini zigunean. Hortxe sortu ziren txalo beroenak; adierazgarriak, benetan. Azken txanpan erritmoz beteriko kantuak aukeratu zituen taldeak; horra hor Joe Cocker-en Space Captain edo Hancock-en Chameleon zaharra. Gustura geratu zen entzuleria eta horrela adierazi zuen. Dena den, zenbait minutu eta zenbait pasarte sobera zeuden ekitaldi biribila egin nahi izanez gero, batez ere sarrera batzuk eta atal elektriko desberdinak. Gauza gutxi, Hancock-en bakearen aldeko mezua jaso bagenuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.