Everesteko tontorrean zegoela, 1980. urtean, Martin Zabaleta alpinistak «Gora Euskadi antinuklearra!» aldarrikatu zuen. Bera agertzen da, beste 32 testigantzarekin batera, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentalean. Gladys del Estal Ferreño gazte donostiarra omendu dute bertan; Guardia Zibilak hil zuen tiroz, 1979an, Tuteran (Nafarroa), energia nuklearraren kontra egindako protesta batean. Eta horri ere heldu diote dokumentalean: 1970eko eta 1980ko hamarkadetan energia nuklearren kontra sortu ziren mugimenduen ibilbidea jorratu dute.
Mugimendu horretan ibili ziren filmaren egile batzuk; adibidez, Bertha Gaztelumendi zuzendaria eta Sabino Ormazabal gidoilaria. «Gladysen heriotzaren 40. urteurrenean, gure eskabidea da biktima gisa onartua izan dadila», esan du Gaztelumendik. Atzo estreinatu zuten dokumentala, Bilboko Zinebi jaialdian; lehiaketatik kanpo dagoen Bertoko Begiradak atalaren barruan aurkeztu zuten, beste hiru filmekin batera.
Del Estalen ahotsa da dokumentalaren hari nagusia. Zuri-beltzeko irudiak koloretakoekin nahastu ditu zuzendariak, gaurkotasunez betetako historia bat kontatu bitartean. Izan ere, nuklearren kontrako borrokak jendea biltzeko izan zuen gaitasuna laster errepikatuko dela uste du zuzendariak: «Itxaropentsu nago, adibidez, klima aldaketaren aurka sortu diren gazte mugimenduekin».
Filma omenaldi bat ere bada: munduan lurra, ura eta natura defendatzeagatik hil dituztenei egina; Berta Caceres Hondurasko ekintzaile ekologistari aipamen berezia egin diote. «Zaila da hamarkada bat ordubeteko dokumental batean laburbiltzea; hala ere, gertakari jakin batzuk sartu nahi izan ditugu», azaldu du Gaztelumendik. Dokumentalean parte hartzen duten guztiak mugimendu antinuklearraren parte izan dira, era batera edo bestera. Sabino Ormazabal gidoilaria: «Filma historiaren barrutik kontatuta dago, bertan parte hartu zuen jendeak kontatuta, hain zuzen». 60 minutuko filmean Del Estal nor zen eta zergatik borrokatzen zuen azaldu dute eraildako gaztearen hurbileko lagunek eta militantzia kideek. Baina ez da ahotsa duen biktima bakarra: Alberto Muñagorri ere agertzen da, ETAk jarritako lehergailu batek larri zauritu zuen garaiko bizipenak kontatzen.
Irudiak eta ahotsak
Del Estalen hilketa azaltzeko, lagungarriak dira oso 1979ko ekainaren 3an grabatutako irudiak. Filmean ikus daiteke, besteak beste, egunean bertan aktibista erail zuten lekuan egin zuten omenaldia. Harriz inguratu zuten gaztearen odolaz zikindutako lurra, eta inprobisatutako egurrezko gurutze bat jarri zuten bertan. Momentu gogorrak bezain errealak azaltzen ditu zuzendariak, irudien eta testigantzen bitartez.
Ez, eskerrik asko! leloak eman dio izena dokumentalari. Horrekin batera, munduari buelta eman zion eranskinaren diseinatzailea ere agertzen da dokumentalean, Anne Lund daniarra. Izan ere, Euskal Herria ez zen izan energia nuklearren kontra antolatu zen herrialde bakarra, eta Lundek eman die ahotsa Europan izandako beste hainbat kasuri.
Europako ekologistek zabaldu zuten bortizkeriarik gabeko borrokaren eredua. Euskal Herrira ere iritsi zen, eta eztabaida handia eragin zuen herritarren artean. Hiru zentral nuklear zabaltzeko proiektuek hainbat arlotako pertsonak eta eragileak mugiarazi zituzten protestara. Bizikleta martxak, jaialdiak eta manifestazioak egin zituzten haien aldarriak entzunarazteko, eta, gehienetan, Poliziaren errepresioa jasan zuten. Lemoizko zentral nuklearra (Bizkaia) egia bihurtzeko zorian. ETAk atentatuak egin zituen haren aurka, eta zatiketa sortu zuen militante ekologisten artean.
Esperientziaren oinarria
Gaian aditua da Gaztelumendi zuzendaria. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Komunikazio Zientziak ikasi zituen, eta egun Giza eskubideen eta Aginte Publikoen Katedran dihardu ikertzaile. Bost dokumental sortu ditu 2012. urtetik hona, eta gehienek Euskal Herriko gertakariak dituzte abiapuntu. Euskal gatazkarekin zerikusia dute Mariposas en el hierro (2012) eta Nigar franko egingo zuen aitak (2014) dokumentalek, eta oroimen historikoari buruzkoa da Las buenas compañías (2015). Indarkeria matxistaren inguruan ere lan egin du: bortizkeria hori jasandako emakume talde batekin osatu zuen Volar (2017).
«Zeru altuetan izar gorri asko, eta haien artean maitea han dago», Violeta Parraren abestiaren pasarte hori entzuten da filmaren amaieran. Umeen ahotsek kantatzen dute euskarazko bertsioa, pantaila handian Bardeako tiro eremuaren (Nafarroa) aurka aurten egindako ibilaldia agertzen den bitartean. Iragana eta oraina batu ditu zuzendariak, gazteei naturaren aldeko borrokaren lekukoa emateko. Ormazabalek azaldu du metaforaren zergatia: «Gai asko daude oraindik borrokatzeko, eta gazteak dira gakoa». Dokumentalaren ideia ez da berria; bai, ordea, kontatzeko modua, Ormazabalek nabarmendu duenez: «Era pedagogiko eta erraz batean azalduta dago, eta garai hartako egoera gazteei hurbiltzeko modu ezin hobea da Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa. Gure asmoa da dokumentala leku guztietan ematea: auzoetan, herrietan...».
Gladysen lekukoa gazteentzat
'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' dokumentala aurkeztu du Bertha Gaztelumendik, Zinebi jaialdian. Aurten 40 urte bete dira Guardia Zibilak Del Estal tiroz hil zuenetik, eta haren omenez egin dute filma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu