Giza-otsoaren mito eraberritua sortu dute Harkaitz Canok eta Iñaki G. Holgadok Zebra efektua (Ikastolen Elkartea) komikian. Ilargi beteko gauek badute efektu berezi bat istorio horretako protagonistetan, baina, Boris Vianen kontakizuneko Denisen kasuan ez bezala, gaueko hamabiak jotzean, otso bilakatu ordez, zuri bihurtzen dira azal beltzekoak ziren familia bateko kideak. Maldizioa, dena den, bedeinkapen bihurtzen da hainbat kasutan, Canok adierazi duenez. «Gizotsoari beti gertatu izan zaiona gertatzen zaie gure istorioko protagonistei ere: unerik desegokienean bihurtzen direla zuri. Dena den, maldizioa aldeko efektu bilakatu daiteke zenbaitetan, bizi zaren testuinguruaren arabera».
Genero beltzeko film bat bezala hasten da istorioa: Ameriketako Estatu Batuetako New Orleansen soldatapeko bi hiltzailek gizon bat erailtzeko enkargua jasotzen dute, baina ilargi beteak istorioa ustekabean konplikatuko du. Lehen kapitulua sortzeko orduan, hain zuzen ere, Quentin Tarantinoren Reservoir Dogs filmaz hausnartzen aritu zirela kontatu du Canok, eta zenbait aktorek film horretan egiten duten lanean ere oinarritu zirela kapitulu hura egiteko. Thrillerra, dena den, kontakizun historiko bilakatzen da istorioak aurrera egin ahala, historian atzera egiten baitute maldizioaren jatorriaren bila.
Belaunaldiz belaunaldi familia bateko historian atzera egiten dute, zebra efektu hori, beltza zuri bihurtzeko maldizio hori, nondik datorren ezagutzeraino. Gaur egungo agertokia aurkezten dute hasiera batean, baina XIX. menderaino, esklabotza garaietaraino egiten du atzera istorioak. Hori horrela, AEBetako esklaboen eta beltzen zapalkuntzaren historia ezagutzeko ere aukera ematen du komikiak zeharka. AEBetan badago alde handia zuri ala beltz izan, Canok aitortu duenez, eta komikian, familia bereko pertsonaiaren bidez, bi arrazen arteko harreman gatazkatsu hori urteen poderioz nola aldatu den islatu dute.
Zebra efektua
«Abiadurarekin lotutako efektu bat da, berez, zebra efektua», Canok azaldutakoaren arabera. Autopistako tuneletan marra beltzak eta zuriak tartekatzen direla azaldu du, perspektibarenzentzuari eutsi ahal izateko, baina,zenbat eta azkarrago joan,bi koloreen arteko aldea lausotu egiten dela azaldu du, kolore bakarra bihurtu arte: grisa. Zuri bihurtzen den beltzaren istorioari ere fenomenoaren izen bera jarri diote, eta, azken batean, Jeckyll doktorearen etaMister Hyderen metafora bat ere badela gaineratu du: «Bakoitzak bere baitan dituen koloreak, eta izaerak. Ongia eta gaizkia. Hori ere bada funtsean zebra efektua».
Komikiko protagonistetako batek, hain zuzen ere, bi koloreak nahastean gidaria «zorabiatu eta izutu» egiten dela dio, etaerosoagoa dela beltza beltz dela sinestea, eta zuria zuri. Canoren esanetan, hain justu, gauzak klasifikatzea atsegin du gizakiak. «Klasifikatzeak lasaitasun moduko bat ematen digu. Kaosa berdina da, baina gure sentsazioa beste bat da. Hori da gure funtzionatzeko modua».
«Konplizitate polita»
Canok eta Holgadok elkarlanean egin duten bigarren lana da Zebra efektua. Aurretik Piztiaotzanak argitaratu zuten 2008an, eta orainere proiektu bat dute esku artean. Museo harrigarriak bisitatzea zeregin nagusi duen pertsonaia berezi baten istorioa kontatzen duteMuseo bilduma azken lanean. Ikastolen Elkarteko Xabiroi aldizkarian hiru kapitulu argitaratuak dituzte, eta bidean dute laugarrena. «Konplizitate polita lortu genuen hasieratik, eta elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa daukagu», adierazi du idazleak.
Cano, baina, kexu da, eta dio, Zebra efektua istorioko protagonistek bezala, komikigintzan aritzen direnek ere «maldizio» bat dutela. Izan ere, komikia estigmatizatuta dagoela dio, eta jende askoren ustez komikiak haurrentzat eta gazteentzat besterik ez direla. «Ez da hori Zebra efektua-ren kasua. Nerabeentzat ere bada, jakina, baina irakurle heldu batentzako istorioa ere bada. Aregehiago, nagusiki helduentzat dela esango nuke. Dena den, irakurle nerabe bat heldua da, nire ustez».
Euskal Herrian 80ko hamarkadan komikigintzaren loraldi bat egon zela gogoratu du Canok, eta komiki aldizkari ugari sortu zirela, baina gero beherakada handia izan zuela, eta gaur egun erabat gutxietsita dagoen generoa dela. Frantzian, berriz, egoera guztiz bestelako dela kontatu du, eta adin guztietako jendeak irakurtzen dituela komikiak. Holgadok, hain zuzen ere, Euskal Herritik kanpo egiten du lan batik bat, AEBetan eta Frantzian, besteak beste. Euskarazko komiki kulturarik existitzen ez dela esaten den arren, sortzen denean oso ondo saltzen dela nabarmendu du errenteriarrak.
Xabiroi aldizkarian atalka argitaratu zuten, lehenik, Zebra efektua, izan ere, kapitulu autokonklusiboak ziren hasiera batean. Orain, berriz, kapitulu guztiak bat eginda istorio osoa kaleratu dute, atal guztiek badute-eta lotura garbi bat, istorioa belaunaldiz belaunaldi maldizioaren jatorriraino daramana. Xabiroi aldizkariaren sei komiki bilduma kaleratu dituzte jada, eta urtero bat argitaratzeko asmoa jakinarazi dute Ikastolen Elkartekoek. Dani Fano koordinatzaileak azaldu duenez, aldizkariko materiala hor bakarrik ez geratzea da bilduma horien helburua.
Gizotsoaren mito eraberritua
'Zebra efektua' komikian genero beltza eta narrazio historikoa nahastu dituzte Canok eta Holgadok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu