Gizonek ezarritako tempoan eta tonuan

Izan norberaren bizipenei erreparatuta, izan inguruari so, Aurora Beltranek, Izaro Andresek eta Miren Narbaizak garbi ikusten dute musika eszenan dagoen sexu eta genero diskriminazioaren handia. Datuek ere berresten dituzte arrakalak, nabarmen.

(ID_17310759116555) (/EZEZAGUNA)
Oholtza bat ilunetan. BERRIAKO DISEINU TALDEA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko azaroaren 10a
06:05
Entzun

Bistan da Euskal Herriko musika eszenan ez direla soilik lauzpabost emakume, eta aski agerikoa da lehen ere bazirela lauzpabost baino gehiago. Konparazioek, ordea, bistara uzten dituzte sakoneko zenbait arrakala. Adibidez, 2022an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako kontzertuei buruzko balantze kuantitatiboa egin zuen Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Euskal Behatokiak —ordutik ez du eguneratu informazioa—, eta datu hau eman zuen: oholtzara igo ziren hamar interpretetik bi izan ziren emakumeak. Interpreteen %18,6 izan ziren, zehazki. Musika albumetako sinadurei begiratuta ere antzekoa izan zen aldea: 2022an kaleratutako diskoetan, musikarien %10,9 izan ziren emakumeak. Ezinbestean, halako leizeak aspaldi dira Euskal Herrian musikan dabiltzan emakume eta genero disidente ugariren kezka; baina, gainera, asko dira seinalatu dutenak arrakalak ez direla bestela bezala gertatzen. Zerbaitek behar du eragin pitzadura. Sexu eta genero diskriminazioa? «Batzuek ezetz diote? Ez dagoela? Grazia eta guzti egiten dit: ba, nik diot baietz». Aurora Beltran (Iruñea, 1964), musikaria; 40 urte baino gehiago daramatza oholtzan.

«Gaur egun honetaz hitz egin beharra bera bada diskriminazioa oraindik ere badagoen seinale», aitortu du Beltranek, amorrazio puntu batekin, baina batere etsipenik gabe. Musika eszenan emakumeak zenbat diren galdetuta, dudarik egin gabe dio aspaldi direla «askotxo», baina segidan aitortu du inguruak sarri ekartzen diola oso sentipen kontrajarria: «Begiratzen dituzu kartelak, aretoetakoak zein festibaletakoak, eta pentsatzen duzu: non demontre gaude?». Txanponaren bi aldeak dira horiek, nolabait: dioenez, urteak daramatzate aldarrikatzen franko direla —«eta bagarela nor»—, baina aldi berean ikusten dute hori ez dela islatzen eszenatokietan, eta behar da hori salatu.

Urruneko jaialdi masiboetara joan beharrik gabe ere, Euskal Herriko aurtengo zenbait festibal eta musika ekitaldiren egitarauetan ere ikusten dira aldeak. Esate baterako, abenduaren 28an Atarrabiako (Nafarroa) Hatortxu Rocken ariko diren hamazazpi taldeetako hamabi gizonez soilik osatuta daude. Maiatzaren hondarrean aurrenekoz antolatu zuten Elkar Mugi jaialdia, Altsasun (Nafarroa), eta jo zuten hogei taldeetatik bitan zeuden emakumeak. Bestalde, asteon iragarri dute zer taldek emanen dituzten kontzertuak Durangoko Azokako (Bizkaia) Ahotsenea gunean. Eta antolatzaileek aitortu dute gizonezko musikariak izanen direla gehiengoa, baina nabarmendu dute emakumeen presentzia handitu eginen dela, besteak beste taldeen erdiek dutelako sikiera emakume bat.

«Begiratzen dituzu kartelak, aretoetakoak zein festibaletakoak, eta pentsatzen duzu: emakumeak non demontre gaude?»

AURORA BELTRANMusikaria

Kasik hamar urte dira Izaro Andresek (Mallabia, Bizkaia, 1993) bere lehenbiziko diskoa kaleratu zuela. Orain, Cerodenero bere bosgarren lana aurkezten ari da buru-belarri; birako 54. kontzertua jo zuen atzo, Reyjvaiken. Urteotan eginiko dozenaka emanaldietan bizitakoei esker, atereak ditu hainbat ondorio eszenak genero kontuetan dituen baldintzen inguruan: «Gizartea gizonak eroso bizitzeko eginda dago, eta musikaren industrian ez dago sorpresarik. Kezkatzen nauena da ze jende gutxi konturatzen den oraindik».

Miren Narbaiza musikaria (Eibar, Gipuzkoa, 1986) Mice proiektuan dabil murgildua 2017tik; haren taldekide guztiak gizonak dira, eta, haren esanetan, «ez da kasualitatea». Ordea, aurrez ibilitako egitasmoetan emakumeak ziren gehiengoa; eta, hortaz, bai ordukoengatik eta baita egun bizi dituenengatik ere, garbi ikusten ditu matxismoaren garroak musika eszenan eragiten. «Eta, noski, guk gure artean hitz egiten dugu, testigantzak konpartitzen ditugu bata bestearen atzetik, eta sentitzen dut gero eta hurbilago eta antolatuago gaudela, nahiz eta ingurura begiratzen dudan eta oso maskulino ikusten dudan guztia, eta ez nuke nahi horrelakoa izatea».

Batzuei txiki-txikitatik sentiarazi diete musikaren mundua gizonentzakoa dela batik bat; hori kritikatu du Beltranek. Lehenbiziko gitarra elektrikoa erosi zuenekoa ekarri du gogora. «Zintzilikatu nuen gitarra gainean, eta dendakoak esan zidan: ‘Zer ongi gelditzen zaizun!’. Arropa denda batean bageunde bezala bota zidan, gona bat balitz bezala». Ordutik, dioenez, etengabe sentitu ditu gutxiespen keinuak eta hitzak. «Laudatzeko intentzioz, esan izan didate ongi jotzen dudala emakume izateko, edo gizonek bezala jotzen dudala; hori baldin balitz bezala goia jotzea».

Gorputza taularatzea

Beltran, Andres eta Narbaiza, hirurak dira ados presio estetikoa dela oholtza gainean emakumeek eta genero disidenteek jasan behar izaten duten biolentzia nagusietako bat; hirurek iritzi diote presio horrek ez duela ikustekorik gizonei transmititzen zaienarekin.

«Gorputza jartzea ez da erraza, eta, horregatik, ni kontziente naiz urte askoan nahi izan dudala beste bat izan, taldeko besteak bezalakoa. Hau da, gizona izan nahi izan dut, arrunta izateko, neutroa, norma», hasi du aitorpena Narbaizak, eta honela segitu: «Baina gero ohartzen zara beti izango zarela desberdin irakurria, gizon ez izateagatik, eta, horretaz gainera, izugarri inportako zaiela altua zaren, edo handia zaren, edo femeninoa, edo nola mugitzen zaren, edo nola janzten zaren».

«Baina, gero, ohartzen zara beti izango zarela desberdin irakurria, gizon ez izateagatik, eta, horretaz gainera, izugarri inportako zaiela altua zaren, edo handia zaren, edo femeninoa, edo nola mugitzen zaren, edo nola janzten zaren»

MIREN NARBAIZA, 'MICE'Musikaria

Estetikari eta gorputzari dagokienez musikari emakumeek jasaten duten presioari gazte-gaztetatik begiratu dio kritiko Beltranek. Are, gazte-gaztea zela erabaki zuen haren kontrako murru bat eraikitzea. Nerabe zelarik, Belladona izeneko talde bat sortu zuen beste emakume musikari batzuekin batera, eta propio hala erabakita, «leporaino arropaz estalita» ematen zituzten kontzertuak, oroitu duenez. 1980ko hamarkada zen orduan. «Mojak ematen genuen, ez genuen gorputzeko zati bakar bat ere erakutsi nahi». Gero, airera bota du galdera Beltranek: «Badakizu zergatik?», eta segidan erantzun: «Zeren, joaten bazinen polit eta sexy, jendearentzat ez baitzenuen talenturik».

Musikariak iraganeko kontuak ekarri ditu gogora batez ere, baina argitu du gaurko egoerarekin konparaturik ez duela ikusten alde handirik ere. Gainera, adinean gora ari den heinean, propio ikusi ditu emakumeei zahartu ahala ailegatzen zaizkien hainbat afera ere: amatasuna da bat, zahartzaroa beste bat. Beltranek ez du seme-alabarik, eta, egun, pozarren da horrela, baina irmo aldarrikatzen du batik bat musikagatik egin ziola uko ama izateari. «Baina nire hiru taldekideak dira aita; ez zuten zertan kontzertuak emateari utzi».

2022ko datuetan oinarrituta Kulturaren Euskal Behatokiak emandako txostenaren arabera, urte horretan kontzertuak eman zituzten hamar taldetik sei soilik gizonez osatuta zeuden. Gainera, berriki nabarmen bizitu da musika taldeak osoki gizonez osatuta egoteari buruzko eztabaida euskal eszenan; horren adibide da, esaterako, Aner Peritz Manterola Euzkitze-k BERRIAn argitaratutako Kantzelazioa: zatoz, mese zutabearen harira izandako erreakzio mordoa.

Talde batean gizonak bakarrik izatea naturala den edo ez den galdetuta, Andresek iritzi dio «zirkunstantziala» dela, naturala baino gehiago —hainbatek argudiatu baitute hori—, eta naturala zera dela, izatekotan: eszenatokietara ailegatzeko gizonek egiten duten bidea. «Gizonen proiektuak errazago, apenas oztoporik gabe heltzen dira oholtzetara; eta neskenak ez», esan du Andresek. Eta emakumeek dituzten zailtasunetako batzuk zerrendatu ditu, nabarmenduaz asko direla: «Musikari dedikatzeko denbora falta, familia kontuekin kontziliazioa bilatu beharra, hipersexualizazioa, presioa...». Iritzi berekoa da Narbaiza, eta zera erantsi du: «Guk halabeharrez pentsatu behar dugu gehiago besteek gutaz zer esango ote duten, jakinda nolako epaiketa etorriko zaigun; haiek egin egiten dute, eta kito, eta martxan daudela ikasi».

«Gizonen proiektuak errazago, apenas oztoporik gabe heltzen dira oholtzetara; eta neskenak ez. Zailtasun asko ditugu: musikari dedikatzeko denbora falta, familia kontuekin kontziliazioa bilatu beharra, hipersexualizazioa, presioa...»

IZARO ANDRESMusikaria

Narbaiza Balio Dute musika kolektiboaren Kutixik jaialdian aritu zen urriaren 26an, Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Biharamunean, kolektiboak ohar bat plazaratu zuen sare sozialetan: festibalean izandako gertakari «onartezin» batzuk salatu zituzten bertan, eta eskerrak eman zizkieten egoera konpontzen lagundu zuten «lagun feministei». Hain zuzen, Narbaizaren Mice proiektuaren kontzertuan gertatu zen, artistak esplikatu duenez. Labur esanda: lehenbiziko lerroan ziren bi gizon oihuka hasi zitzaizkion musikariari, une horretan jotzen ari zenaz kexuka. «Oso desatsegina izan zen», kontatu du Narbaizak. Batez ere aretoan ziren beste emakume batzuei esker, berehala eten zen ezustekoa, eta segitu zuten kontzertuarekin.

Ordea, gertatutakoak «gorputzaldi arraroa» utzi zion musikariari. Eta, ondotik, zenbait hausnarketa piztu zaizkio. «Uste dut larunbatean ez zela izan genero kontua, baina horrek ez du kentzen bi gizon horiek zilegitasuna sentitu zutela halakoak botatzeko, eta oholtza gainean nor dagoen, ez dela berdin. Mila aldiz esan dugu epaiketa desberdina dela, eta agian horregatik ez gaude horrenbeste emakume eta gorputz disidente eszenatokietan».

Argi izpi bat, hala moduzkoa

Alderdi bati erreparatua dio Andresek azkenaldian. Dioenez, ohartua da gizonek zuzendutako proiektuetan emakumeak hasi direla oholtzara agertzen, pixkanaka. Zehaztu du pozik dela horregatik. Baina, «kuriositateari eutsi ezinda», lanen kredituei begiratzeko ohitura hartu du, eta konturatu da taula gainean emakumeak daudenetan ere ez dela agertzen ia emakume izenik sinaduretan. Iradoki du kontraesana dela, baina badu esperantzarik halere: «Zuriketa izan daiteke, baina zuriketa horrek hibridazioa egonkortzen badu, eta oholtzatik kredituetara ere egiten badute salto neskek, ondo; baina adi egongo gara».

Bitartean, zenbait joerari kontra egitea eta antolatuta segitzea da irtenbidea, musikarien esanetan. Baina, aspaldian, badira beste zenbait bide ere ahotan: kuotak, esaterako. Andresen esanetan, haien premia dago oraindik ere, «zoritxarrez», baina nabarmendu du ez dela erosoa, ezta «jasangarria» ere: «Salbamendu txalupa bat da, baina ez gehiago».

Narbaizak ere nahiago luke halakorik behar ez izatea, baina, egun, konbentzitua dago aukera horiek baliatu behar direla. «Aukera ematen badigute, hartu egin behar dugu, eta inolako kulparik gabe, gainera», argudiatu du. Baina horrekin ez da konforme, dioenez: «Hasi beharko dugu irudikatzen denetarik dagoen eszenatoki batzuk: eta ez bakarrik emakumeak, baita genero disidentziak ere, eta, behin hasita, bestelako jarrerak». Bitartean, baina, kuotei baietz.

Edonola ere, musikariek eszenako gizonei nahi liekete utzi errekadua batez ere, haien atzetik ibili beharrik gabe. Andres: «Nik behintzat ez dut ibili nahi gizonei dezentzia klaseak ematen, eta ez dut pedagogiarik egin nahi haiekin. Denon kontu bat da, gu ari gara lanean, eta haiek ere egin behar dute berea; kapaz, izan, badira, gu garen bezala». Narbaiza: «Pauso bat atzera eman beharko dute; ze gehiegi dira, inguratuta gaude. Nik ez dut besterik ikusten, gizonak baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.