Etengabe sarera konektaturik: bakarrik baina elkarrekin, elkarrekin baina bakarrik. Teknologiak giza harremanetan eragin duen aldaketa hartu du ardatz Jon Koldo Vazquezek#Elkarrekinbakarrik antzerki pieza sortzeko. Mauma taldeko kide da,eta berak idatzi ditu antzezlaneko testuak; bera izango da aktore lanetan ere. Gaur egingo du lehen saioa Bilboko La Fundicion aretoan, BAD antzerki eta dantza jaialdiaren barruan. Bukatu gabe dago oraindik pieza, eta work in progress gisa erakutsiko du horregatik 19:00etan. Hemendik denbora gutxira egin nahi du estreinaldia. Oraingoz, publikoaren erantzuna ikustea interesatzen zaio. Bakarrik, eta haiekin egotea.
Bakarrik egongo da aretoko oholtzan Vazquez. Bakarrik baina ez guztiz. Bera izango da La Fundicion aretoan fisikoki egongo den aktore bakarra, baina Internet bidez hartuko dute parte emanaldian Jan Niemand, Beatriz Cruz, Kate Craddock aktoreek ere. Bideokonferentzia bidez, hurrenez hurren, Tokio, Sao Paolo eta Eskoziatik. Nor bere etxean haietariko bakoitza, bakar-bakarrik, eta halere Bilboko publikoarekin. Zuzenean. Aldi berean bertan eta urrun. Emanaldiak puntu esperimental bat badu, baina hasieratik argitzen du ikuskizunaren nondik norakoa Vazquezek: «Antzezlan bat da».
Teknologiak giza harremanetan izan duen eragina lantzen du antzezlanak, eta teknologia baliatzen du horretarako. Publikoarekiko hartu-emanean, kasurako. «Jendeari beti hitz egiten diot gailuren baten bidez. Inoiz ez diot publikoari begietara begiratzen». Sakelako telefonoak, tabletak eta gisakoak erabiliko ditu. Emanaldira sartu aurretik artistaren zenbakira dei galdu bat egin beharko dute ikusleek, eta tresna horien bidez arituko zaie aktorea gero.
Giza harremanez mintzo da funtsean pieza, eta paradoxaren erdian kokatu du bere burua aktoreak. «Maiz, badirudi aldi berean bakarrik eta elkarrekin egote horrek negatiboa izan behar duela, baina ez du zertan hala izan. Bakarrik egon arren, pantailaren bidez urrun dagoen jende asko gertu sentitzeko aukera dugu, adibidez. Baina era berean galdera egin beharra dago: nora goaz? Egun errazagoa egiten zaigu pantaila bidez komunikatzea aurrez aurre komunikatzea baino». Dilema hori aurkeztuko dio ikusleari. Horregatik bideokonferentziak, horregatik sakelakoena.
Eszena motz sorta bat ere sortu du saiorako. Giza harreman eredu berriak irudikatuko ditu pasarte horietan. «Baina ez dut soilik giza harremanez hitz egiten. Makina eta gizakiaren arteko harremanez ere hitz egiten dut piezan. Makinarekin dugun erlazioari buruz». Kasparov xake jokalariak Deep Blue ordenagailuaren aurka izandako partida hartzen du horretarako hizpide. Hori da antzezlanaren ildo narratiboa.
Artista hemen, publikoa han
Hilabete eman du sortzaileak Bibo Eszenan egoitza artistikoan antzezlana ontzen, baina lehenagotik zetorkion kezka. Orain hiru urte egindako ikastaro batean sortu zitzaion harra. Kate Craddock artista zen irakaslea, Vazquez ezagutu, eta pieza batean parte hartzeko gonbita egin zion. Dublinen antolatu zuen emanaldia Craddockek, baina Bilbotik hartu zuen parte Vazquezek. bideokonferentzia bidez. Irlandan zirenek kanta bat hautatu, eta haren erritmora egin behar zuen dantza euskal herritarrak. Bakarrik, bere Bilboko etxean, eta, halere, publiko aurrean.
Gerora, hainbat emanaldi antolatu ditu Vazquezek ere lan ildo horrekin. Irakurleihoak izeneko egitasmoa sortu zuen iaz, esaterako, Mauma taldeko kideekin. Internetez baliatuta, beren liburu kuttuneko pasarte bat irakurtzen jarri zituzten ordukoan mundu osoko hamaika pertsona. Bakoitza bere testuarekin, bakoitza bere hizkuntzan, bakoitza bere etxean, eta, halere, elkarrekin. Bilboko Alondegiko pantailetan. Eta Shirley Trukle soziologoaren testuarekin egin zuen topo ondoren aktoreak. Haren liburu batek eman zion atentzioa: Alone Together: Why We Expect More form Technology an Less from Each Other izenekoak (Bakarrik elkarrekin: zergatik espero dugun gero eta gehiago teknologiaz, eta gero eta gutxiago elkarrez). Bertan aurkitu zuen Vazquezek buruan zerabilena bideratzeko klabea. Eta liburu horretatik hartu du gaur jokatuko duen lanaren titulua ere: #Elkarrekinbakarrik.
EMANALDIA
Gaur. Bilboko La Fundicion aretoan, 19:00etan.
Gizona partekatutako bere bakardadean
Gaur emango du lehen aldiz jende aurrean '#Elkarrekinbakarrik' pieza Jon Koldo Vazquez aktoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu