Mintza zakidaz, oi Musa!, era askotaz buru argiko gizaseme hari buruz.
Homeroren estiloaren berezitasun nabarmenetako bat epiteto homeriko delakoen erabilera da, barra-barra agertzen baitira Iliada-n eta Odisea-n.Pertsonaiak izendatzean, epiteto gisako ezaugarri bat eransten zaio izenari, batzuetan baita pertsonaiaren izenaren ordez. Halatan, Akiles hanka-arina edo jainkotarra izaten da; Atenea, begi distiratsukoa; Hektor, zaldi-bezatzaileaedo Priamoren semea. Naturako elementuek ere izaten dituzte epitetoak: egunabarra behatz-arrosa izaten da, eta itsasoa, ardokara. Poemok ahoz bizi ziren garaian, epitetoak formula ezagunak eta partekatuak ziren, poetei bertsoa osatzen laguntzen zietenak, baita errezitatzaileei olerkia gogoan atxikitzen ere. Funtzio sozial horiez gain, epiteto homerikoak pertsonaiak karakterizatzeko modu baten erakusgarri dira; karakterizazio uniboko bat,laua eta anbiguotasun gutxikoa, egungo literaturan horrenbeste prezatzen den sakontasun psikologikotik urruti. Heroi epikoek bertute gailenak eta adur gaiztoko hobenak haragitzen dituzte, eta ezaugarri kolorebakar horien bitartez bizi dira, horiekin eta horiengan.
Bada, epiteto homerikoen artean berezia da Odisea-ren hasieran protagonistari ematen zaiona: politropos, hau da, itzuli edo buelta askotakoa, Odiseoren adimenari erreferentzia eginez. Aita Santi Onaindiak era askotaz buru argiko forma korapilatsu samarrean euskaratu zuen, baina epiteto horren aldaera ugari daude gure inguruko hizkuntzetan, eta arrunt desberdinak: gaztelaniaz, de multiforme ingenio (Luis Segala) eta hombre de múltiples tretas (Carlos García Gual); katalanez, aquell de mil cares (J.F. Mira) eta home de gran ardit (Carles Riba); frantsesez, l’Homme aux mille tours (Victor Bérard) eta chef aux manoeuvres subtiles (Ulysse de Séguier); ingelesez, that ingenious hero (Samuel Butler) eta man of many means (Simon Armitage), besteak beste. Itzulpen ugari, eta txit desberdinak, baina guztiak ere politropos-en esanahi konplexu eta anizkoitza atxikitzen dutenak. Emily Wilsonek bere ingelesezko bertsioan emandakoa bereziki da adierazgarria, bere sinpletasunean: a complicated man. Gizon konplikatu bat.
Gizon konplikatua baita Odiseo, ertz askotakoa eta kontraesanez betea. Buruargia eta azeria da, baina politropos epitetoak moldabera dela ere adierazten du; baduela, alegia, hamaika atakatatik ihes egiteko adina asmamen. Nekez imajina liteke Iliada-ko Akiles, kolera (menis) neurrigabeko borrokalari kartsua, Odisea-ko heroiak bere adimenarekin gainditzen dituen oztopo eta balentriei aurre egiten, hala nola Polifemo begibakarrarengandik ihesi, edo Peneloperen pretendienteen kontrako azpijokoan.
Hain justu, emankorra da Odiseoren eta Akilesen arteko konparazioa. Odisea-ko protagonista adimenak eta maltzurtasunak ezaugarritzen duten bezala, Iliada-koak bere kolera du ezaugarri. Gizon harroa da, eta poemaren hasieran Agamenon erregeak hari egindako laido barkaezinak abiarazten du istorioa. Iliada-n, Akilesek Troiako printze Hektor du nemesi, eta hari kontrajartzen zaio: gudari handiak dira biak, heroi itzaltsuak zein bere bandoan, baina Akiles gerrazaletasun itsu, oldarkor eta neurrigabe baten adibide da, eta herio batean jartzen da mendeku-gosez eta banitatez. Kontrara, Hektor troiarrak badu aurpegi amultsua ere, eta familia eta aberria babesteko baino ez ditu armak hartzen. Bi heroitasun (gizontasun?) eredu horien arteko kontrastea da Iliada-ko pertsonaien alderdirik nabarmenetako bat.
Dena den, desberdintasunak desberdintasun, Carlos Garcia Gual adituak zaku berean sartzen ditu Akiles eta Hektor: biak dira gerrazaletasunean eta indarkerian oinarrituriko heroiak, batailan gailentzen direnak eta borrokarako grina partekatzen dutenak. Odiseo, aldiz, gudari izandakoa da, bai, baina gerratik ihesi dator, eta bere itsas abentura fantastikoetan armak eta indarkeria baino baliagarriagoak zaizkio buruargitasuna eta jukutria. Mozorrotu egiten da, antzaldatu, eta askotan ihesa beste aterabiderik ez du izaten; Akilesek inondik ere ez luke horrela jokatuko.
Heroi moderno bat
Greziar mitologiako heroitasuna ulertze aldera, kleos kontzeptuari erreparatu behar zaio. Ohore gisa itzultzen da, baina, zehazki, heroi militarrek gudan irabazten duten loriari egiten dio erreferentzia. Loria horrek ospea dakar: norbere izena besteren ahotan entzuteak itzala ematen dio heroiari, eta balentria militarrek goratu egiten dute. Odiseok, nahiz eta ez duen Akiles eta Hektorren bide heroikoa urratzen, ezin ditu erabat baztertu loria lortzeko saiakerak. Horren adibide da Polifemo ziklopearengandik ihes egin zuenekoa: erraldoiak preso hartzen duenean, Odiseok esaten dio bere izena «inor ez» dela, eta neurri batean amarru horrekin (hau da, izenari eta ospeari uko eginda) lortzen du ihes egitea; halere, ziklopeen uhartetik aldentzen ari dela, bere izena aldarrikatzen dio Polifemori: «Inork galdetuz gero [...] esan Odiseok, Itakako erregeak, Laertesen semeak, itsutu zaituela». Ezin kleos apur bat erreklamatu gabe geratu.
Hamaika toles eta izur ditu Odiseok, eta horregatik da, Garcia Gualen hitzetan, «heroietan modernoena». Historiako pertsonaia literario nagusiek bezala, Odiseok bere obraren mugetatik kanpora egin du, eta bidaiari abenturazalearen arketipo bilakatu da: Sinbad marinela, Eneas, Robinson Crusoe, Conraden Marlowe... On Kixotek ere, bere zoro eta berezian, Odiseo du jatorri, partez behintzat. Eta, ez alferrik, James Joycek Odisea-ren eta haren protagonistaren gainean tankeratu zuen bere Ulises; Odiseo, heroietan modernoena, Leopold Bloomen eredu izan zen, eta hala Joycek XX. mendeko subjektu moderno konplikatua literaturara eraman zuen.