Kritika. Artea

Gizon europarren abenturak

Iruñeko Unibertsitateko museoan ikusgai diren erakuksetako zenbait irudi. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko Unibertsitateko museoan ikusgai diren erakuksetako zenbait irudi. IÑIGO URIZ / FOKU
2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

Askotan, arte garaikidearen inguruan hausnartzen dugunok gaurkotasunari ematen diogu garrantzia eta ez momentu jakin honetan sortzen den horren genealogiei. Bada, genealogia horietara begirada zuzendu eta jatorrietan fokua jartzen dugun momentuan, Arte kontzeptuaren gaztetasunaz ohartzeko arriskua suertatzen zaigu. Bai eta kontzeptu horren partzialtasunaz konturatzekoa ere; edo, argiago esanik, mendebaldeko ikuspegiaren dogmatismoaz. Halako hausnarketa igortzen du Nafarroako Unibertsitateko Museoan dagoen Una tierra prometida. Del Siglo de las Luces al nacimiento de la fotografía erakusketak. Alabaina, bestelako irakurketak gauzatzeko aukera ematen dute mostra konposatzen duten piezek, eta aitortu behar dut horrek eragin didala gehien hurrengo hitzak biltzeko orduan.

Mostrak ilustrazioan jatorria izan zuen zientifismoranzko joerak ikusarazten dizkigu; hainbat espaziotan egituratzen da, eta ibilbide kronologiko baten bitartez irudien garapenaz ohartzeko aukera suertatzen zaigu. Hala, espazioetan barneratu baino lehen mostrak bideratzen duen irakurketak piztu dit arreta: «Gizon europarrak mundua eta bestea ezagutzeko nahia izango du». Nahiz eta hori ez izan helburua, testuak argi utziko digu noren inguruko erakusketa izango den hura, eta noren begiek kontatuko diguten nolakoak ziren besteak.

Abiapuntua XVIII. mendeko hainbat ikerlarik egindako irudien bildumak dira. Gorputza, landareak, arkitektura… modurik errealistenean irudikatzen saiatzen diren marrazkiak eta grabatuak, hain zuzen. Espazioan barneratzen garen momentuan hainbat eta hainbat irudik egiten digute harrera, eta nolabait, arrazionaltasun hura atzean uzteko nahia igortzen da; batez ere, landareen irudiak biltzen dituzten laminen serieetan. Izan ere, ikerketetarako erreminta bakunak direla ahaztu, eta begietatik sartu eta gozotasun estetikoa igortzen diguten konposizio estetiko bihurtzen dira.

Espazioetan aurrera egin ahala aurkezten diren irudiek «gizon europarrek» munduan zehar egindako esplorazioetan bildutako altxorrak aurkezten dituzte. Mayen eskulturak, Egiptoko momiak edota hieroglifikoak agertzen dira irudietan, eta arrazionalizazio prozesu baten emaitza direla igartzen dugu. Ikerketa gaiak dira, gizarte baten objektu sakratu edota liturgikoak, beren gizarteetatik aldendutako irudiak, hain zuzen.

Kontuan hartzekoa da espediziook XVIII. mendean indarrean zen kolonialismoaren emaitza izan zirela, zeinaren arabera «gizon europarrak» ezezagunak zitzaizkion herrialde misteriotsuen ondareak askatasun osoz bereganatu zitzakeen. Eta aipagarria da, askatasun horrekin bat ondareak zaintzeko lizentzia aldarri hartuta, ondare hori hartu eta Europara ekartzeko joera ere. Hori gogoratzeko, Europako museo handietan ibilaldi bat egin ahalko genuke, besterik gabe.

Museoaren beheko solairuko gelek argazkilaritzari egiten diote erreferentzia eta, objektu arkitektonikoekin bat, Ekialde Hurbileko biztanleen irudiak aurkezten zaizkigu. Hala, pintura orientalisten izaera eta eraginak nabarmentzen dira, eta horrekin bat irudikatutako pertsonen estereotipatzea sumatzen da.

Zentzu honetan, beharrezkoa da azpimarratzea irudi hauen guztien exotizazioaren emaitza. Bai eta kolonizatutako herrietako espazio sakratuak arakatzerako orduan «gizon europar» horiek hartu zituzten lizentziak ere. Izan ere, egun dirauen ikuskera estereotipatuetan eragina izan du; hala, lehenengo begi kolpean irudikapenen kutsu exotikoak harrapatzen gaitu, eta ondoren, horien atzean dauden botere harreman kolonialisten mamuak barreiatzen digu lehen pertzepzio hori.

Erakusketa geletan aurkezten zaigun diskurtso kuratorialaren helburua bilakaera historikoari erreferentzia egitea da, irudien egileen bizipenetan zentratuz eta ildo artistikoa bigarren mailara eramanez. Bada, askotan entzun izan dugun bilakaera historiko bati egiten dio erreferentzia, irakurketa kritiko batengananzko zertzelada gutxi batzuei atea ireki arren. Alabaina, zertzeladak motz geratzen dira, mostran aurkezten zaizkigun irudiak geure iruditeriaren parte baitira; eta kasu honetan iruditeria horiek deseraikitzeko diskurtsoen beharra dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.