Zinema estreinaldiak

Gizartearen sareetan harrapatuta

'Leere Netze', Behrooz Karamizade zinemagile irandar-alemaniarraren lehen film luzea, dirua behar duen gazte irandar baten istorioa da, aukerarik eskaintzen ez duen gizarte batean apurka bere printzipio eta idealak galduz joango den batena.

Behrooz Karamizade zinemagilearen 'Leere Netze' filmaren fotograma bat.
Behrooz Karamizade zinemagilearen 'Leere Netze' filmaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun

Amir Irango gazte bat da; amak hezi du, eta bizirik irauteko behar duen dirua soilik dauka. Zerbitzari bezala egiten du lan, baina, ordaindu gabeko faktura batzuengatik nagusiak  ezkontza bat bertan behera utzi nahi duela entzutean, kontra egingo dio, eta lanik gabe geldituko da. Amirrek lana topatu behar du; izan ere, haren neska laguna, Narges, familia dirudunekoa da, eta Amirrek harekin ezkondu nahi badu gurasoei diru kantitate handi bat ordaindu beharko die. Gaztearen ama bera konbentzitzen saiatuko da ezkontzea ez dela ideia ona, baina Amirrek argi dauka.

Ekonomiaren egoera dela eta, hirian lanik aurkitu ez, eta kostara joango da Amir, arrantzale gisa lan egitera. Tarteka neska lagunarengandik aldenduta egotera behartuko du arrantzale lanak, eta presioa handituz joango da Nargesen aitak alaba gizon aberats batekin ezkontzera bultzatu nahi duela aditzean. Amir legalak ez diren negozioak onartzen hasiko da, desesperazioz, eta, zuzena zen hori egiten zuen mutil bat izateari utzi, eta edozer egiteko prest egongo da.

Behrooz Karamizade zinemagile irandar-alemaniarraren lehen film luzea da Leere Netze. Iazko Karlovy Vary jaialdian aurkeztu zuen, eta epaimahaiaren sari berezia jaso. Karamizadek Irango belaunaldi gazteari buruz hitz egin nahi zuen; herrialdearen egoera ekonomikoa dela-eta etorkizunik ez duten gazteei buruz. Gizartearen hertsitasunak, egin dezaketen eta egin ezin dezaketen horrek eraikitzen dizkien hormak gogogabetasun egoera batera daramatza, eta askok sentitzen dute ezin dezaketela arnasarik hartu. Zinemagileak atmosfera goibel eta astun hori landu du Leere Netze filmean, moralizantea izan nahi gabe. Era berean, arrantzaren munduak erakartzen zuen Karamizade; gizonezkoen mundu bat, non haiek hilabete luzez elkarrekin bizi diren, familiatik urrun. Maskulinitate horrek zein eragin duen aztertu nahi zuen zuzendariak: zein eragin zuen maitasunean, naturan, norbere bizitzan. Horretarako, gizon gazte naif bat, filmaren protagonista, ingurune gogor horretan murgildu du, zer gerta dakiokeen ikusteko.

Leere Netze-k abiapuntu ezaguna du: gazte idealista eta xalo baten istorioa, diru beharrean bere printzipioak galduz joango dena. Kritikaren esanetan, ordea, Karamizadek ez du erabaki txarrak hartzeari buruzko istorio moralizatzaile bilakatzen abiapuntu ezagun hori, baizik eta edozein esperantza zirrikitu kentzen duen aukerarik gabeko gizarte baten salaketa.

'Leere Netze'

Zuzendaria: Behrooz Karamizade. Gidoilaria: Behrooz Karamizade. Aktoreak: Hamid Reza Abbasi, Sadaf Asgari, Keyvan Mohammadi. Argazkia: Ashkan Ashkani. Musika: Saba Alizadeh, John Gurtler, Jan Miserre. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 101 min. Herrialdea: Alemania. Estreinaldia: Maiatzaren 24an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_13900685) (/EZEZAGUNA) about
Kuru Otlar Üstüne (About Dry Grasses) filmaren fotograma bat.

'Kuru Otlar Üstüne (About Dry Grasses)'

Zuzendaria: Nuri Bilge Ceylan. Gidoilariak: Akin Aksu, Ebru Ceylan, Nuri Bilge Ceylan. Aktoreak: Merve Dizdar, Deniz Celiloglu, Musab Ekici. Argazkia: Cevahir Sahin, Kursat Uresin. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 197 min. Herrialdea: Turkia.

Maisu gazte batek espero du Istanbulen lana egokituko zaiola, dagoeneko herri txiki batean derrigorrezko zerbitzua eman baitu. Denbora luzez zain egon ondoren, ordea, bere bizitza ilunetik ihes egiteko itxaropen guztiak galduko ditu. Nuray lankideak perspektiba berreskuratzen lagunduko dio.

'Late Night with the Devil'

Zuzendaria: Cameron Cairnes, Colin Cairnes. Gidoilariak: Cameron Cairnes, Colin Cairnes. Aktoreak: David Dastmalchian, Laura Gordon, Ian Bliss. Argazkia: Matthew Temple. Generoa: Beldurrezkoa. Urtea: 2023. Iraupena: 93 min. Herrialdea: Australia.

1977an, zuzeneko telebista transmisio bat izugarri gaizki ateratzen da, eta herrialde osoko etxeetan zorigaitza zabaldu.

'Segundo premio'

Zuzendaria: Isaki Lacuesta, Pol Rodriguez. Gidoilariak: Isaki Lacuesta, Fernando Navarro (Los Planetasi buruzko biografian oinarrituta). Aktoreak: Daniel Ibañez, Cristalino, Stephanie Magnin. Argazkia: Takuro Takeuchi. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 109 min. Herrialdea: Espainia.

Granada (Espainia), 90eko hamarkadaren amaiera. Indie musika talde batek bere garairik delikatuena bizi du: baxuak banda utzi du bere lekua musikatik kanpo bilatzeko, eta gitarra bere burua suntsitzeko dinamika arriskutsu batean murgilduta dago. Abeslariak hirugarren diskoa idatzi eta grabatzeko prozesu zail bati aurre egin beharko dio. Inork ez daki disko horrek betiko aldatuko duela herrialde osoko eszena musikala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.