Gizartearen begietara desegoki

Iñaki Irasizabalek 'Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?' ipuin bilduma osatu du

Iñaki Irasizabalek Donostian aurkeztu zuen ipuin liburua, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Idazketa lagun du Iñaki Irasizabalek (Durango, Bizkaia, 1969), eta ibilbide luze eta oparoa du euskal literaturan. Borrokaren baitan eleberriarekin (2002) ekin zion bideari, eta, geroztik, lan ugari plazaratu ditu; gehienak, eleberri beltzak: Mendaroko txokolatea (2005), Orbe auziaren ingurukoak (2012), Odolaren deia (2014), Politika zikina (2017), eta Arrakastaren aparrak (2020). Ipuingintzaren munduan ere murgildu zen 2019an, Zorioneko familia narrazio bildumarekin, eta, oraingoan, ildo horri jarraituz, beste ipuin sorta bat osatu du: Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?. Atzo aurkeztu zuten liburua, Donostian. Idazleak azaldu zuen hamar istoriok osatutako ipuin «independenteak» direla. Elkar argitaletxeak argitaratu du, eta, Xabier Mendiguren editorearen esanetan, pertsonaiak bizimodu konbentzionalean, sisteman, «ondo integratzen ez diren» pertsonak dira gehienbat, bai gazteak eta bai zaharrak.

Irasizabalek badu joera bat: «Ipuinak, normalean, zati samurrak eta latzak tartekatuz osatzen ditut. Hemen ere hori gertatzen da». Halaber, «erabat desberdintzat» jo ditu liburuan biltzen diren kontakizunak: «Badituzte gauzak komunean, baina argumentuak eta ipuinen bilakaerak desberdinak dira». Idazte prozesuan «banan-banan» sortutako istorioak direla dio. «Printzipioz, behintzat, ez dago inolako loturarik ipuinen artean».

Ipuinetan, giza harremanak landu ditu batez ere, baita familia harremanak ere. «Gizartearen begietan desegokiak» diren pertsonaiak eta istorioak eraiki ditu idazleak.

Haren literatur ibilbideko nobela gehienak beltzak dira, baina Irasizabalek ez du bide hori hartu ipuin hauetan, nahiz eta, adierazi duenez, badagoen «beltzetik duen istoriorik».

Askotariko kontakizunak

Irasizabalek argitu du kaleratu berri duen ipuin bildumako istorioen artean ez dagoela lotzen dituen haririk, baina nondik dator izenburua? Idazleak ipuin batean jarri du arreta, Hiru urte sabaian izenekoan. Hartan, idazle gazte batek ezohikoa den zerbait edo sekretu bat aurkitzen du aitonaren historian, eta hori aprobetxatu nahi du nobela bat idazteko. Aitona, ordea, «zakarra» da, eta ez dio ezer kontatu nahi. Bilobak ahal duen guztia egingo du aitonaren historia jakiteko. Eta izenburua zera da, aitonaren istorioa kontatzen duenean nobelari jarriko dion titulua: Zer jakingo duzue epela baino ezagutu ez duzuenok?. «Aitonaren hitzak dira». Liburuko bosgarren ipuina da hori.

Horretaz gain, beste bederatzi istorio daude bilduman. Ferren tabernan berriz, Txirritxirriak kantuan, Apustua, Ibiza euripean, Gustatuko zaizu Bartzelona, Etxerako bidea, 40 kafe huts, Altxorraren zatia eta Arnaldo garbitu. Horietan, pertsonaien arteko askotariko harreman sareak jasotzen dira, eta gai eta kokaleku ezberdinak dira abiapuntu.

Irasizabalek adierazi duenez, nobeletan narrazioaren zati handi bat behintzat buruan izaten du idatzi aurretik, edo paper batean jasota. «Gutxienez, estruktura gehiena izaten dut, ia amaieraraino». Ipuinak idazteko orduan, berriz, ez hainbeste, baina, hala eta guztiz ere, pentsatuta izaten du istorioaren «erdia edo». Bukaerak izan ohi ditu asmatu gabe. «Azken orduan erabakitzen ditut, eta, horrela, ezustea dira niretzat ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.