Iñigo Alberdi. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari orokorra

«Gizartean presente egoteak asko lagundu dio orkestrari»

Zortzi urtez Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bide onean jarri ondoren, Iñigo Alberdik erakundeko zuzendaritza utziko du bi hilabete barru; gaurko orkestra duela zortzi urtekoa baino hobea dela uste du.

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Musika, lanbidea baino gehiago, pasioa da Iñigo Alberdirentzat (Soraluze, Gipuzkoa, 1973). EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendariak kargua utziko du uztailaren 31n, zortzi urteko ibilbidearen ondoren; gustuko lanbidea uzteko pena eta aldatzeko gogoak elkarrekin borrokan ditu Alberdik, baina bide berri bat hasteko unea iritsi zaio bere esanetan. Oraindik urduri jartzen da kontzertuak hasi aurretik, eta orkestraren agurra eta zuzendariaren agerpenaren arteko segundoak amaigabeak egiten zaizkio.

Alberdi orkestraren administratzaile soila baino gehiago izan da zortzi urte hauetan. EOSen hasi aurretik musika irakasle, musika jaialdien antolatzaile eta musika kritikaria izan da Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn. EOSeko zuzendaritza utzi eta Kutxabanken hasiko du lan ibilbide berria; hasi zuen toki berdinean, alegia.

Zortzi urteren ondoren, EOSen zuzendari moduan azken hilabeteak dituzu orain. Nolakoa izaten ari da amaiera?

Halako postuetara iristen jakin behar da, eta baita une egokia denean hurrengo bati uzten ere. Lan hau asko gustatzen zait eta pena ematen du uzteak, baina seguru nago kargua uzteko garaia dela eta badaukat Kutxabanken hasiko dudan etapa berriari heltzeko gogoa. Gainera, uste dut ona dela penarekin joatea, lanean gustura egon zarela adierazten baitu. Lan talde guztiaren babesa jaso dut azken hilabetetan, eta eskertzekoa da. Urte oparoak izan dira EOSentzat, orkestra hobetzea lortu dugu, baina etorkizunean lantzeko erronkak ere hor geldituko dira.

Zer da zuzendari bezala egingo duzun azken lana?

2014-2015ko denboraldia itxi eta aurkeztea izango da. Hori hilaren amaiera eta ekainaren hasiera bitartean aurkeztuko dugu, eta bitartean azken xehetasunak bere tokian jartzen nahiko lan izango dut.

Zuzendaritza hartu zenuenean, orkestrak 25 urte bete berriak zituen, elkarte gaztea zen, eta gauza asko zeuden egiteko. Nola aldatu da zortzi urte hauetan?

Asko aldatu da. Nire ustez, gaur egungo orkestra duela zortzi urte baino hobea eta ezagunagoa da; batez ere, Euskal Herrian. Orkestra sinfoniko baten ohiko zereginetatik kanpo dauden egitasmoak bideratu ditugu, eta, ondorioz, aniztasun handiko proposamenei aurre egiteko gai den orkestra malgua sortu dugu.

Iritsi zinenean, helburu ugari zenituen: errepertorioa lantzea, orkestra nazioarteari begira jartzea eta publiko zabalagoa erakartzea. Helburu horiek bete al dira?

Proiektu horien artean nabarmenenetako batzuk dira hezkuntzarekin lotutako egitasmoak antolatzeko Musika Gela saila eta Sinfokids haurrentzako material didaktikoa. Klasikat zikloa sortzea ere garrantzitsua izan da, klasikotik aldentzen den musika eta diziplinak lantzeko balio duelako hain zuzen ere. Horrekin batera, konpositore garaikideek hainbat enkargu egin dizkigute, eta horrek ezagunagoak bihurtu gaitu. Gainera, urte hauetan saiatu gara inguruko herrietan gure presentzia sendotzen.

Eta zer geldituko litzateke egiteko?

Egoera ekonomikoaren ondorioz, nazioarteko hainbat proiektu gelditu dira etenda, oso garestiak direlako hemendik kanpoko ekintzak. Asko gustatuko litzaiguke proiektu horiek mamitzea, baina lehentasunak argi eduki behar dira, eta, gaur egun, ez dago lekurik halako gauzak egiteko. Gure lehentasuna Euskal Herriko agertokiak dira, orkestraren oinarriak direlako.

Orkestraren errepertorioa asko zabaldu al da?

Zortzi urte hauetan, saiatu gara urtero lan berriak gehitzen ohiko errepertorioa aberasteko helburuarekin. Batetik, orkestrak konposizio berriak landu ditu, eta, bestetik errepertorioko hainbat obra ikasi dituzte. Orkestrak 32 urte dituen arren, bere errepertorioa ez da bereziki zabala, kontzertu asko ematen ditugulako, baina obra bera hiriburu bakoitzean errepikatuz. Horrek entsegurako denbora gutxi uzten dio orkestrari, eta, adibidez, Gustav Mahlerren seigarren sinfonia iaz estreinatu genuen.

Nola egiten dute lan gaur egun orkestrako musikariek?

Orkestrak, normalean, bost aldiz errepikatzen ditu kontzertuak: bi kontzertu Donostian, eta bana Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Horrek esan nahi du astebete behar duela orkestrak kontzertuak emateko. Entseguak libre dauden asteetan tartekatzen ditu, eta, hala, normalean, astebetez kontzertuak ematen ditu eta beste astebetez entseguak egiten ditu. Kontuan hartu EOSek gainontzeko orkestrek baino kontzertu gehiago ematen dituela: urtean 125-150 kontzertu inguru. Kopuru hori oso handia da, eta musikariei denbora asko kentzen die, etengabe daudelako lanean. Abonamenduko kontzertuekin batera, EOSek inguruko erakundeekin parte hartzen du: OLBErekin, Musika Hamabostaldiarekin eta Bilboko Musika-musica jaialdiarekin.

Urte hauetan pertsona gazteak ikusi dira orkestran. Nondik ekartzen ditu EOSek musikari berriak?

Urte hauetan, Musikenetik etorritako musikariak badaude. Egia da azkenaldian ez direla entzunaldi asko egin, baina nahiko berria da gure harrobia. Orkestrako kideen adinaren batez bestekoa 45 urte da; nahiko gaztea, beraz. Musikenetik etortzen ez diren musikari gehienak ingurukoak dira.

Nazioarteko musikariak asko al dira? Eta Euskal Herrikoak?

EOSen 101 pertsona daude lanean: 87 musikariak eta 13 administratiboak. Orkestra sortu zenean musikari asko atzerrikoak ziren, baina beti egon da Euskal Herriko musikari kopuru bat bermatzeko saialdia. Gaur egun, handitu egin da; Orkestrako kideen %30 Euskal Herrikoak dira.

Zuzendari moduan egin duzun denbora nahiko lasaia izan da. Zer moduzkoa izan da musikariekin izan duzun harremana?

Ez da arazo sozialik egon, lan giro oparoa izan dugu, eta hori artistikoki nabaritzen da. Dena den, orkestrako kideei gehien lagundu diena gizartean oso presente egotea da. Martxan jarri ditugu egitasmo eta proiektuak gizartean oihartzuna izan dutela ikustea, komunikabideek eta kaleko jendeak gure lanaz hitz egitea ere oso positiboa izan da langileentzat.

EOSek lau hiriburutan egiten du lan, eta horietako bitan orkestra propioa dute. Inoiz arazoa izan al da hori?

Ez, gure herriko mapa kulturala plurala eta indartsua bihurtzen laguntzen dute beste orkestrek. Bai Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta bai Nafarroako Orkestra Sinfonikoa urte asko dituzten erakundeak dira, eta zerbitzu bat ematen diete hiriei. Gu, berriz, batetik bestera gabiltza, eta, besteak beste, Euskal Herriko konpositoreen lana zabaltzeko konpromisoa daukagu.

Ez da ohikoa etengabe mugimenduan dabilen orkestra bat aurkitzea.

Orkestra honen proiektua hasieratik izan da Hego Euskal Herriko hiriburuen zerbitzura egotea, eta zerbitzu publiko hori eskaintzeak dakarrena da etengabe batetik bestera ibili behar izatea. Horrek egiten du orkestraren errentagarritasun soziala handia izatea, eta, alde horretatik, abantaila da guretzat, 150.000 ikusle biltzen ditugulako urtero. Horrez gain, 7.000 bazkide ditugu. Bestalde, horren kontzertu kopuru handia eskaintzeak ematen du nolabaiteko errentagarritasun ekonomikoa, baina ezin da ahaztu orkestrak inbertsioak direla. Gure kontuak ondo daude, eta, zenbaki aldetik, superabit txikiak izan ditugu tarteka, baina egoera honetan oso garrantzitsua da aurrekontua zuhur administratzea.

Zer erantzungo zenieke kultura luxua dela eta musika klasikoa elitista dela esaten dutenei?

Kultura, berez, lehentasuna dela, eta gizartean lehen mailako garrantzia duela ulertzen dut. Dena den, krisi garaietan beti daude aurretik doazen beste alorrak; hezkuntza, esate baterako. Baina gure mailako gizarte batek merezi du kultur eskaintza zabala, eta merezi du orkestra bat izatea. Musika ez da elitista, gozamena baizik. Elitista izan daiteke musika hori eskaintzeko giroa, eta hor, beharbada, musikarekin lan egiten dugun erakundeek ez dugu beti asmatu ikuskizuna eskaintzeko orduan. Urte askotan, klasikoegiak izan dira emanaldiak egiteko moduak. Dena den, orkestra publikoa eta guztien eskura eskaintzen saiatu gara.

Egoera ekonomikoak bultzatuta sakrifizio handiak egin behar izan al ditu orkestrak?

Bai, gainontzeko erakunde guztiek bezala, soldatak jaitsi eta hainbat murrizketa egin behar izan ditugu.

Eta nola hartu dituzte orkestrako kideek murrizketa horiek?

Egoera ulertu da, saiatu gara taldearekin harreman zuzena izaten eta esplikatzen hartutako neurriak beharrezkoak zirela. Tentsio garaiak izan dira, noski, baina, oro har, ados egon gara erabaki zailak hartzeko orduan.

Nazioartean egindako bira esanguratsuetako bat Brasilgoa izan zen. Halakoak errepikatuko dira?

Baliteke, baina orain zaila dago halako bira handiak egitea. 2007ko egoera ekonomikoa eta gaur egungoa ezin dira alderatu, eta, gainera, Brasilgo kontzertuak bereziak izan ziren, orkestraren 25. urteurrena ospatzen ari ginelako. Dena den, orkestraren merkatu naturala Europan dago.

Europako orkestrekin alderatuta, nola dago EOS?

Europan bi orkestra maila daude. Batetik, punta-puntakoak direnak daude; esate baterako, Berlingo Orkestra Filarmonikoa eta antzekoak. Eta bestea kalitate oneko lehen mailakoak dira. EOS lehen maila horretan egongo litzake. Futbolarekin alderatuta, Europako Liga horretako lehen mailako taldeen artean egongo ginateke, izarren ligatik kanpo baina maila onenekoekin batera.

Zein izan da egokierarik gogorrena lan urte hauetan?

Ziurrenik, betetzen zailak izan diren kontzertuak eta bertan behera utzi beharrekoak izan dira latzenak. Tentsioko aldiak ere izan dira; gogoan dut nik kargua hartu eta gutxira garai zailak izan genituela; zorionez, gero ez dira berriro gertatu.

Egun guztia musikaz inguraturik, garai ederrak ere egokituko zitzaizkizun.

Bai, noski. Postu honek duen gauza ederretako bat da jende asko ezagutzeko aukera izatea. Gainera, musikari gisa, egunero musikaz inguraturik egotea izugarria da. Andres Orozco-Estrada zuzendariarekin, 2009an egin genuen Johannes Brahmsen lehen sinfonia, Milanen; oso berezia izan zen niretzat. Baita Jun Marklekin egindako Mahlerren seigarren sinfonia ere.

Zein izango da zure azken kontzertua EOSeko zuzendari gisa?

Oso kontzertu alai eta politekin esango diot agur zuzendaritzari: batetik, ekainaren 19an, Arrasateko Aita Menni Ospitalean, Ludwig van Beethovenen bosgarren sinfonia eskainiko du orkestrak; bestetik, ekainaren 20an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen zuzeneko emanaldian izango naiz Donostiako Orfeoi Txikia eta Gaztearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.