Deabrua eta lege berria aldarrikatu du Matxura taldeak lehendabiziko diskoan: «Pin pan pun ea zer nahi dugun, zuloan sartuta ez goaz urrun, deabruarekin dantza dezagun, lege berriari ekin, eta zaharra erreko dugu».
Bi urtez esperimentatzen aritu da Mikel Kazalis musikaria (Zarautz, 1968). Anestesia taldearen atsedena baliatu, eta bestelako doinuak lantzen ibili da. Gitarrekin jolasean, riff egokien bila. Sintetizadore egokiak eratzen, kutsu elektronikoa bermatzeko. Horrela, rock industrial eta ilunaren alde egin du. Nolanahi ere, amorrua da diskoko 11 kantuetan nabarmentzen den ezaugarria. Doinuen bidez, hitzez eta ekintzez.
Eta orain, zergatik Matxura?
Orain dela bi urte baino gehiago hasi nintzen estilo horretako abestiak sortzen, eta oinarri gisa zirriborroak grabatzen nituen. Berrogei inguru nituenean hasi nintzen horietako batzuei forma eman nahian, egitura eta soinu aldetik hobetzen, hitzak egiten...Azkenean, zortzi bat abesti aukeratu nituen, eta lanean hasi nintzen, abestiak ekoizten eta lagunei deitzen.
Anestesia taldearen itzulera apaldu ondoren, beste zerbaiten beharra zenuen?
Neure burua ia beti dago musika sortzen edo erritmoetan pentsatzen. Anestesiarekin beti zaindu izan dugu asko honako hau: egiten dugun guztia benetakoa izatea eta ez inertziagatik edo merkatuari men eginez jarraitzea. Horregatik, batzuetan isildu egiten gara, berriro ere zerbait esan behar dugunean benetakoa izan dadin. Anestesiako lau kideak gaude beste proiektuetan orain, baina edozein egunetan berriro egongo gara hautsak harrotzen.
Zure egitasmoa bada ere, beste hiru musikari batu zaizkizu, eta ez dira apartekoak.
Hasieran, Matxura laborategi lana izan zen. Fernando Apoa, Txarly eta Aitor Abiorekin estudioan elkartu nintzen, bakoitzaren parteak prestatu eta grabatzeko. Baina orain diskoa amaitu eta gero, Matxura talde bat da, eta lau pertsonen artean defendatu behar dugu. Egia esan, niretzat luxu izugarria izan da musikari horiekin proiektu hau egin ahal izatea. Lehenbizi Abiori esan nion ea animatuko ote zen abestien alde elektronikoa lantzen laguntzera. Abestiak entzun eta berehala esan zidan baietz, ilusio askorekin, gainera, eta asko animatu ninduen. Txarlyk behin esan zidan ondo egongo zela zerbait egitea bion artean; nik abesti hauen berri eman nion, eta animatu egin zen. Azkenik, Fernandorekin estudioan Estricallaren diskoa grabatzen ari ginela, abesti bat jarri nion entzuteko, eta berehala esan zidan berak probatu nahi zuela ahots batzuk sartzen, eta ni pozik.
Txarly eta Apoarekin harremana izan duzu musika ibilbidean. Harritzekoa da Abio musikara itzultzea lortu duzula. Nola konbentzitu zenuen?
Pi.L.T. utzi zuenetik haren falta sumatu dugu askok musika panoraman, eta harrezkero ez da aritu beste taldeetan, kolaborazioez aparte. Abiok esan zidan eskaintzak izan zituela denbora horretan baina ez zuela bakar batek motibatu. Oraingoan, ordea, abestiak entzun eta berehala esan zidan hori bonba bat zela eta egin behar genuela. Abio izan zen abiapuntua.
Musikari bakoitzak zer ekarri dio Matxurari?
Bakoitzaren ekarpenak asko aberastu du diskoa, zalantzarik gabe. Talentu handiko musikariak dira hirurak, eta ezinbesteko osagaiak bihurtu dira. Haiek gabe ezingo nukeen inondik ere disko hau burutu; beste disko bat izango zen, baina hau ez. Hasierako ideietatik desbideratu dena onerako izan da, eta haiei esker izan da.
Askotariko estiloak jorratu dituzu musikari gisa. Orain zerbait elektronikoa eta iluna egiteko gogoa zenuen?
Musika sortzeko orduan joera batzuk ditut. Esate baterako, amorrua erakusten duten taldeetan aritzea gustatzen zait. Amorrua modu askotara adierazdaiteke, eta tarteka estiloz aldatzea aberasgarria izaten da,esperimentatzeko eta ez aspertzeko. Nire gitarrekin elektronika eta iluntasuna nahastea interesgarria iruditu zitzaidan. Baina, azken finean, lepoa mugitzeko musika da. Dena dela, diskoan denetarik aurki daiteke: rocka, metala, punka, teknoa, popa, klasikoa, politika, telebista, laguntasuna, sexua, heriotza...
Matxura 2kateren jarraipena da?
Jarraipena ez. Hura izan zen formula hau erabili nuen lehen aldia, eta, alde horretatik, bai, bigarren ahalegina izan daiteke. Baina, bestela, oso ezberdina da. Zerbait ikasi dugu hamabost urte hauetan, eta oraingo honetan gauzak askoz hobeto egin ditugu. Hala ere, oso harro nago garai hartan hura egin izanaz.
Matxurak eta Anestesiak ere badute lotura, bereziki kantuen hitzetan. Gizartea eta haren dekadentzia duzu hizpide.
Normala da. Nik hitzak egiteko orduan burmuin bera erabiltzen dut, Anestesia edo Matxurarentzat, eta askotan antzeko mezuak askatzen ditut. Hitzek kutsu misantropoa dute; misantropia eta askatasuna dira ardatz nagusiak. Orain argi geratzen ari da gure sistemaren gainbehera. Gaizki eratu genuen makina, eta orain matxuratzen ari da. Gizarteak kezkatzen nau, batez ere, gizakiz beteta dagoelako.
Kritika zorrotza topa daiteke hitzetan. Kritika orokorra, baina baita Euskal Herrian gertatzen denari buruz ere, ezta?
Kritikatzeko gauza asko topatzen ditugu inguruan, bai munduari begira, bai Euskal Herriari begira, eta bai gure barneari begira. Aipaturiko misantropiaz ez da inor libratzen, ezta gu geu ere. Euskaldunok ere gizakiak gara, onerako eta txarrerako. Eta amorrua sentitzeko arrazoirik ere ez zaigu falta askotan.
Kuraia ia bere osotasunean topa daiteke Matxuraren lehen diskoan. Apoak ez ezik, Joseba Poncek ere parte hartu du. Nostalgia?
Nostalgia ez, laguntasuna. Lagunetatik tira egitea da normalena, ezta? Inguruan gaudenez, tarteka topo egiten dugu, eta horrelako gauzak suertatzen dira.
Kuraia ez dugu berriz ere zuzenean ikusiko, eta Matxura?
Espero dut urte bukaeran gutxi gorabehera zuzenean zerbait eskaintzeko moduan egotea; orain Fernando Apoa Estricallarekin ari da jotzen, eta udazkenena hasiko gara gurea prestatzen.
Oraindik ez dakigu zuzenean nola moldatuko dugun dena. Hainbat proba egiteko prest gaude, eta, horren arabera, zuzenekoetan bateria erabili ahalko dugu edo ez. Nire ustez, ez du horrenbesteko garrantzirik. Izan ere, funtsezkoena transmititzea da, edozein dela musika tresna.
Mikel Kazalis. Matxura taldeko kidea
«Gizarteak kezkatzen nau, batez ere, gizakiz beteta dagoelako»
Mikel Kazalis musikariak gidatuta (Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia...), Matxura taldeak aurreneko diskoa atera berri du, rock elektronikoa eta industriala uztartzen dituen lana. «Amorrua erakusten duten taldeetan aritzea gustatzen zait», dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu