Joxe Azurmendiri buruzko kongresua

Gizarte bat lau ahotsetara

Azurmendiren begirada soziala gogoan aritu dira Iñigo Martinez, Ignazio Aiestaran, Idurre Eskisabel eta Beñat Irasuegi. Egungo gizartearen gabeziak eta erronkak aletu dituzte

Lorea Agirre moderatzailearen eskuinera, Iñigo Martinez eta Ignazio Aiestaran, atzoko San Telmo Museoko hitzaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun

Atzo arratsaldeko saioetako bat Pentsamendu soziala izan zen. Bertan hitz egin zuten, hurrenkera honetan: Iñigo Martinez Peña bigarren hezkuntzako filosofia irakasleak, Ignazio Aiestaran EHUko filosofia irakasleak, Idurre Eskisabel kazetaritza irakasleak eta Beñat Irasuegi kooperatibistak. Denek heldu zioten egungo gizarteari begiratzeko ariketari, Joxe Azurmendiren pentsamendutik abiatuta.

 

HIPERINDIBIDUALISMOA

«Pentsamendu soziala erredundantzia bat baino ez da. Ez dago soziala ez den pentsamendurik, bakarrizketan ari bagara ere». Hortik abiatu zuen bere jarduna Iñigo Martinezek. Jaio berria denean, nabarmendu zuenez, umearen negarrari norbaitek hitza jartzen dio, interpretatu egiten du, eta interpretazio horrekin umea hizkuntzaren sare sinbolikora barneratzen du. Indibiduo kontzeptua zalantzan jar daitekeela azaldu zuen, hitza latinezko dividere hitzetik datorrela gogoratuz, eta osotasun zatiezinari egiten diola erreferentzia. «Norbanakorik ez da zatiketarik gabe, bikoizketarik gabe». Indibidualismoa ideologia nagusi duen XXI. mende honetan ere ez.

Hiper aurrizkia. Hiperindibidualismoa. Hipermodernitatea. Hipermerkatua. «Hazkunde etengabearen eta gehiegikeriaren logika bizitzaren esparru ia-ia guztiei» aplikatzeko. Dena konparagarri, oro kuantifikagarri, dena ranking bilakatu nahi da. «Talde lanaren eta kooperazioaren abantailak, askotan, lehiakortasunaren eta zoriontasunaren izenean aipatzen dira». Sozialismo neoliberal berria hortxe. Testuinguru politikoa ezabatu eta ezkutatzeraino. Horren aurka, Martinezen ustez, «diskurtsoak testuinguru instituzional eta politikoetan aztertu, ulertu eta txertatu behar dira, harremanak elkarrekin pentsatu, asmatu eta eraiki ahal izateko».

EZKERRAREN EZINA

Joseba Sarrionandia eta Joxe Azurmendi nabarmendu zituen Ignazio Aiestaranek egungo dinamika soziala aztertu duten adituen artean, eta bien ekarpenak erkatuz egin zuen aurrera hitzaldian. XVII. mendean agertu zen interes ekonomikoaren kontzeptua azpimarratu zuen lehenik. Ordutik hasitako bidetik, Aiestaranen esanetan, «merkatuaren esku ikusezin erraldoiak» itotzen du jendea egun, eta esku horrek politika klasikoa ere suntsitu du, benetako erabakiak korporazio handien eta finantza botereen esku ikusezinetan utziz. Sarrionandiaren hitzak ekarri zituen gogora, «Syriza, Podemos, Bildu eta halakoetan badago injustiziaren kontzientzia bat, eta badago gogo iraultzaile bat». Baina ez dago horretarako estrategiarik, pedagogiarik, baldintzarik. «Sarrik deskribaturiko ezker europarraren porrotak korrelazioa dauka Azurmendiren azterketekin», hizlariaren iritziz. «Kapitalari aurre egiten ez dion ezker berriaren populismo postmodernoa kritikatzera heldu da Azurmendi. Subalternitate posmodernoa eta aniztasun populista desegiten dituenean, bat nator harekin».

FEMINISMOAREKIN

Idurre Eskisabelen ustez, gizartea eraldatzeko eta herrigintzan sakontzeko bide gisa, «gehiago pentsatu behar lirateke feminismoa eta naziogintza elkarrekintzan». Zenbat ez ote da pentsatu eta idatzi azken hamarkadetan, esaterako, marxismoaren eta nazioaren arteko harremanez? Feminismoarekin elkarrekintzan, aldiz, oso gutxi. Gaur egun aldatu egin da egoera, baina, Eskisabelen ustez.

«Gaur egun saihetsezina zaigu ikustea patriarkatuak eta hartatik eratorritako menderakuntzek den-dena zeharkatzen dutela. Hasi maitasun intimotik, segi aberria bera pentsatzeraino». Nazioaz feminismoarekin elkarrizketan pentsatzea ezinbestekoa den bezalaxe, erantsi zuenez, feminismoak ere ezinbestekoa du nazio auziaz pentsatzea, ideologia eta praxi politiko emantzipatzaile orohartzailea garatzea bokazio duenez. Errealitatea asko aldatzen ari den testuinguru orokor baten barruan, «errealitate berri hori naziogintzatik pentsatzeko feminismoak tresna oso interesgarriak» eman ditzakeela erantsi zuen. «Elkarrizketa oso interesgarria gerta daiteke Judith Butlerren gizakiaren eraikitze performatiboaren eta Joxe Azurmendiren gizaberearen artean, esate baterako».

DISTOPIA KOOPERATIBOA

Distopia bat proposatu zuen Beñat Irasuegi kooperatibistak. «Egun modan dago distopia, eta ez naiz batere zalea». 2034. urterako jauzia egitea proposatu zuen, hala ere. «2034an, sumisioa eta emantzipazioaren arteko talkan, jendea aukera egiten ari da». Emantzipazioaren aldeko irlak sortuz, alegia. Eraldaketa horretarako bidean, gaurtik ekiteko, Azurmendi «erreferente handi» gisa azaldu zuen, kooperatibismoari buruz egindako lanagatik. «Kooperatibismoa eraldaketarako etengabeko tresna da. Eta etengabeko tresna delako, komunitateak sortzeko tresna ere bada. Egiten duguna gara, eta egiten ari gara gero eta jende gehiago. Eta egiten dugun horretatik pentsatu behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.