Gizakienak ez diren begiradak

Mabel Palacin artistak bi proiektu ondu ditu Multiverso bekari esker: 'Ibilbidea' eta 'The Track'. Irailaren 17ra bitarte egongo dira biak ikusgai, Bilboko Arte Ederren Museoan

The Track bideo instalazioko une bat. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bitxia da irudia: Nintendoko Sims-ak balira bezala, alde batetik bestera dabiltza pertsonaiak pantailan. Hexagono itxurako sinbolo bat du bakoitzak buruaren gainean, eta kamerak mugimenduren bat identifikatzen duen aldiro, kolorezko grafiko batzuk tartekatzen dira pantailan: karratuak, triangeluak, zirkuluak... Are bitxiagoa da, ordea, erabili duten grabazio sistema. Ez dago pertsonarik kameren atzealdean: adimen artifiziala erabiliz grabatuta daude irudi guztiak. Multiverso bekari esker ondu du proiektua Mabel Palacin artistak (Bartzelona, 1965). Bi bideo instalazio sortu ditu, eta irailaren 17ra arte bisitatu ahal izango da, Bilboko Arte Ederren Museoko 4. aretoan.

Eztanda teknologikoak gizakien bizimoduan eragin dituen aldaketak aztertu nahi izan ditu artistak bi proiekzio horien bitartez. «Gidaririk gabeko ibilgailu baten prototipo erreal bat erabili dut, kamera sistema batekin. Ez dago pertsonarik kameren atzealdean», azaldu du. Ibilgailuaren softwareak sentsoreak eta irudiak prozesatu ditu, eta adimen artifizialeko sistema bati esker, pertsonak zein objektuak koloreen bitartez identifikatu ditu. Pertsonaien aurpegiak maskara batekin estalita agertzen direnean, ordea, softwareak ez ditu antzematen, eta, ondorioz, ez dira koloreztatzen.

Artistak 4K-ko bereizmena duten bederatzi kamera erabili ditu denera, eta adierazi du XX. mendeko zinemagintzako formulak txertatzen ahalegindu dela: «Lekua berbera da proiekzio osoan zehar, baina hainbat ikuspuntu tartekatzen dira». Hala ere, aitortu du bitxia izan dela grabazio prozesua: «Adimen artifiziala zeharo ari da eraldatzen eguneroko bizimodua, baina elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu: orain arte narrazioa izan da giza begiradaren ezaugarririk bereizgarrienetako bat, eta, orain, irudi automatizatuen etengabeko sorkuntza da abiapuntua». Metafora bat erabiliz azaldu du egoera jarraian: «Mundua zein gure bizimodua aldatzeko gai da kamera bat, autoa bezala. Egungo gizartearen funtsezko teknologiak dira biak ala biak».

Zehazki, 2018. urtean ekin zion lanari, eta 2019ra arte aritu zen horretan. Material asko bildu zuen, eta, dena mantentze aldera, bi ikus-entzunezko ontzea erabaki zuen azkenean: Ibilbidea, batetik; eta The Track, bestetik. Bi piezak desberdinak dira elkarren artean, baina badago bi horiek batzen dituen hari bat: eztanda teknologikoaren inguruan hausnarketa egitea.

Zuri-beltzeko irudiak erabili ditu artistak Ibilbidea osatzeko, baina horietan, koloreak ere ageri dira tarteka: «Autoaren adimen artifizialaren sistemari esker agertzen dira koloreak: pertsonaiak eta objektuak identifikatzen ditu, eta horiek grafikoki erakusten ditu, koloretan».

The Track egiteko, berriz, bestelako formatu bat erabili du artistak. «Kamerak grabatutako irudiak ezabatu, eta irudi grafikoak bakarrik utzi ditut. Hau da, koloreak bakarrik ageri dira», kontatu du. Hala ere, ikusleak erraz identifikatuko du errealitatea, artistaren hitzetan: «Mundu abstraktu bat ageri da, baina ezagutzen dugun errealitatearekin lotura fisikoa du».

Guztira, 33 minutu eta 44 minutu irauten ditu ikus-entzunezko bakoitzak, hurrenez hurren. Lleidako (Herrialde Katalanak) La Panera arte zentroan aurkeztu zuen emaitza, eta orain lehenengoz erakutsi du Euskal Herrian.

Uda ostean gehiago

Arte historialaria da Palacin, eta, bereziki, argazkilaritza, bideogintza eta instalazioak aztertzen ditu. 1980ko hamarkadaren amaieran ekin zion ibilbideari, eta, zehazki, 2001. urtetik aurrera hasi zen film baten ekoizpenaren antza duten proiektuak lantzen. Ordutik, hainbatetan jo izan du euskarri horretara. Irudia eta harekin duen harremana lantzen ditu nagusiki.

Multiverso bekarekin egindako lanak dira Ibilbidea eta The Track. BBVA Fundazioak eta museoak elkarlanean sortutako egitasmoa da, eta bideo artea eta arte digitala sustatzea du xede. 2018an, beka horietarako deialdi ireki bat antolatu zuten, baina pandemiak proiektuak geldiaraztea eragin zuen.

Antoni Abaden Belarri gorrak izan zen museoan aurkeztu zuten lehenengo proiektua, joan den martxoan. Haren ondotik, Toni Serra artistaren Asemanastan. Zeruetako lurra bideo instalazioa jarri zuten ikusgai maiatzean. Uda ondoren erakutsiko dituzte falta diren hiru lanak: Nadia Hotaiten Unseasonal Autumn, Manu Arregiren Zahartzaro-harmoniak eta Pedro G. Romeroren Flamenkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.