Artea

Gizakiaren hauskortasuna, oihalen bidez

Tabakalerak 'Eremu magnetiko lehor bat' erakusketa aurkeztu du. Santiago F Mosteyrin artistaren zortzi obra dauzka, eta Garazi Pascual eta Ivan Gomez izan dira komisarioak

Santiago F Mosteyrin artista, eta Garazi Pascual eta Ivan Gomez komisarioak obretako baten aurrean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Santiago F Mosteyrin artista, eta Garazi Pascual eta Ivan Gomez komisarioak, obretako baten aurrean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko urtarrilaren 28a
04:05
Entzun

Erakusketa gelako atea zabaldu, eta oihal arruntak diruditen piezak ikusten dira sabaitik zintzilik. Bi pauso aurrera egin, eta berehala ikusten da, ordea, oihal horiek zer ezkutatzen duten. Hain zuzen, oihalen eta margoaren bitartez osatu dute Eremu magnetiko lehor bat erakusketa Donostiako Tabakaleran. Santiago F Mosteyrin artistaren (Madril, 1982) zortzi obrak osatzen dute erakusketa, eta, museoko arduradunen hitzetan, «giza hauskortasunari buruzko gogoeta artistiko bat» bistaratzen da horietan guztietan. Komisario lanak, berriz, Garazi Pascualek (Bilbo, 1987) eta Ivan Gomezek (Irun, Gipuzkoa, 1984) egin dituzte. Tabakalerako bigarren aretoan egongo da ikusgai, martxoaren 30era bitartean.

Komisariotza proiektu bat garatzeko asmoz Tabakalerak duela hamar urte abiatutako programaren babesean prestatu dute Mosteyrinen bilduma. Zehazki, egonaldiak dira programa horren funtsa, eta haien helburua da tokiko eszena artistikoa sustatzea eta komisarioei eta artistei laguntzea. Aldiro, egonaldi horien emaitza artistikoak Tabakaleraren urteko erakusketa-programazioan sartzen dituzte. Hala egin dute Pascualen eta Gomezen proposamenarekin ere, eta, hain justu ere, haiena da Tabakalerak aurten estreinatu duen lehen erakusketa.

Giza existentziaren zaurgarritasuna aztertzen du Mosteyrinek erakusketan. Hartan, zentzumenetatik, tekniketatik eta landutako gaietatik abiatzen da hauskortasunaren inguruan zer ikuskera duen erakusteko. Hala, «irudi anbiguoen eta teknika sotilen» bitartez, hutsuneetan murgiltzera gonbidatzen ditu ikusleak.

Elkarlanean egindakoak

Elkarlanean egindako proiektua da Eremu magnetiko lehor baterakusketa. Hala azpimarratu dute artistak eta bi komisarioek. Proposamena komisarioen ezaugarrietatik abiatzen da. Izan ere, praktika artistikotik dator Gomez, eta filosofiatik, berriz, Pascual. Bien jakintza batu, eta hauskortasunaren kontzeptua jarri dute erdigunean, terminoan sakondu nahian. «Egonaldian zehar hauskortasunaren terminoan sakondu genuen arlo teorikoari dagokionez. Eta, era berean, Santiagorekin [Mosteyrin] lanean hasi ginen, terminoak berak haren lana nola zeharkatzen duen ikusteko», nabarmendu du Gomezek.

Bi komisarioek ordurako ondo ezagutzen zituzten Mosteyrinen obrak eta lan egiteko modua, eta horregatik egin zioten proposamena. Hori dela eta, komisarioen eta artistaren arteko harremana «konfiantzan eta askatasunean» oinarritu dela azpimarratu du Pascualek: «Gure harremana konfiantzazkoa izan da; erabateko konfiantza eta askatasuna eman genizkion bere lana garatu zezan». Artistari emandako askatasuna zortzi laneko erakusketa bilakatu da, azkenerako. Aurrez egindako bi lan hartu, eta propio erakusketarako egindako beste sei gehitu dizkio Mosteyrinek.

Oihal urratuak

Oihalak dira erakusketako protagonistak, eta artistak urradura teknika erabiltzen du haietan. «Eremu magnetikoak osatzen dituzten hariek erradiaziotik babesten gaituzte. Hortaz, hari horiek hausteak gure suntsipena dakar». Metafora horretatik abiatzen da F Mosteyrin, erakusketaren bitartez gizakiaren ahultasuna erakusteko. Horregatik, oihalak gastatzen eta eraldatzen dituzten «higadura eta igurtzien ondorioak entzutera eta sentitzera» animatzen ditu ikusleak, haietan «zauritutako formak» ikus ditzaten. «Marrazkiaren eta eskulturaren arteko erdibideko puntua da oihalen teknika. Aldi berean, materiala higatzen du, eta hari eraso egiten dio, baina zainketa aldetik badu kontrapuntua ere. Suntsipenaren eta eraikuntzaren arteko polaritate horretan, sormen ekintza errealagoa bihurtzen dela uste dut», azaldu du Mosteyrinek.

'Eremu magnetiko lehor bat' erakusketako bi artelan. FOKU
Tabakalerako 'Eremu magnetiko lehor bat' erakusketako bi artelan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Azkenerako, erakusketa bere lanaren erakusgarri dela adierazi du Mosteyrinek, «gaiei zein teknikei dagokienez». Hala ere, sortze prozesua luzea izan dela nabarmendu du. Hauskortasunaren terminoa proposatu zioten Pascualek eta Gomezek, eta termino horretara bere «praktikan» oinarrituta hurbiltzen ahalegindu zen Mosteyrin. «Landu ditudan materialen presentzia aldatzen saiatu naiz, pieza bakoitzetik ikus daitekeena erortzen hasi arte». Era berean, ikuslearen erreakzioa lortzen ere saiatu da madrildarra: «Ikusi nahi izan dugu nola erreakzionatzen dugun aurrean dugunaren pertzepzioa erortzen denean. Eta aurrean dugun objektuaren gaineko nolabaiteko enpatia ezartzea ere bilatu dugu».

Finean, oihalak protagonistatzat hartuta, zortzi laneko erakusketan gorputzen eta paisaien bitartez erakutsi nahi izan du zaurgarritasuna artistak. «Gorputzak paisaiarekin dituen harremanak jorratzen dituzte pieza guztiek; beste gorputzekin nahasten diren gorputzak edo paisaian bat egiten dutenak. Munduaren eta gure artean oztoporik ez dagoela azpimarratzen dute, zaurgarritasunak zer eragiten duen erakutsiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.