Gizakiaren dimisioa, soluzio

Juan Luis Zabalak 'Dimisioa' izeneko ipuin liburua idatzi du. Hamabost kontakizun biltzen ditu lanak, autonomoak guztiak. Gizakiak adimen artifizialaren esku utziko du aginte osoa

Juan Luis Zabala idazlea Dimisioa liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2023ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Gizakiak dira liburu honetan dimititu dutenak. Mundua eta euren burua gobernatzetik, gizarte antolaketari buruzko erabakiak hartzetik, dimititu dute, eta AGK Agintaritza Global Konputarizatua deitzen den adimen artifizialaren esku utzi dute aginte osoa. Klima krisia, gerrak, pandemiak eta abarrez betetako mundua gobernatu ezinda, horiei aurre egiteko akordioak ezin lortuta, erabakiak makina batek hartzea hobe dela erabakiko dute munduko agintariek». Halaxe laburbildu du Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak Juan Luis Zabala idazlearen azken lana: Dimisioa ipuin liburua. Egungo munduaren arriskuetatik eta politikaren argi-ilunetatik abiatuta, «etorkizuneko agertoki posibleak» irudikatu ditu idazleak.

Hamabost ipuinez osatuta dago liburua. Bakoitza luzera ezberdinekoa eta autonomoa da, nahiz eta denak agintea makina batek duen mundu batean kokatuta egon. Zientzia fikziora egindako hurbilpen bat da lana: «Gure mundutik abiatu, eta etorkizun hurbil batean gertatzen dira ipuinak, XXI. mendeko momentu ezberdinetan. Mundu bat eraiki du Zabalak, gure munduaren oso antzekoa, sakoneko arazo bertsuak dituzten pertsonekin, baina berritasunekin. Adibidez, BKS Banakako Konexio Sistema, IZE Ilargiko Zerbitzu Estazioa, LBG Lurraren Behaketarako Sateliteak... Eta batez ere, mundua antolatzeko eta bizitzeko beste modu bat topatuko du irakurleak hemen».

Louis Aragonen aipu batekin hasten da liburua: «Bada tragikotasun bat modernitatean: biraka dabilen eta inongo eskuk zuzentzen ez duen bolante handi baten moduko zerbait da». Aipu bera erabili zuen Zabalak, hain zuzen, duela berrogei urte idatzi zuen lehen liburuan. Hala azaldu du: «Banuen sentsazio edo beldur hori, nork gidatzen ote duen mundu hau, nork daukan munduaren norabidea markatzen duen bolantea, edo zein dagoen bolante horretatik gertu. Ez dauka inork oso garbi, eta gaur egun, erreferenteen atomizazioarekin, zailagoa da jakitea benetan zer gertatzen ari den. Hemen irudikatzen dudan munduan badakigu bolantea zeinen eskuetan dagoen. Hori da liburu honetan agertzen den utopia».

Zabalak «ulergarriagoa eta argigarriagoa» den mundu bat planteatzen du liburuan, eta giza eskubideen inguruko irizpideak txertatzen dizkio makinari, haren jarduera eta erabakiak horren araberakoak izan daitezen. «Hori da nik asmatu dudan utopia. Bolantean makina nahiko jatorra duen mundu bat. Utopia bat da, baina utopia tristea da, gizakia nolabait konturatu delako ezin duela bere kabuz gobernatu. Gainera, erabat monitorizatuta, kontrolatuta, eta kasik-kasik gidatuta bizi da. Ez du askatasun handirik, muga estu batzuen barruan eta tirania baten menpean bizitzera behartuta dago, eta, gainera, tiranoa ez da pertsona bat, makina bat baizik».

Idazleak liburuko errealitatea utopia triste gisa katalogatu duen arren, ez luke esango distopikoa denik, fikziozko mundu horretan konponduta daudelako gaur egungo hainbat arazo; besteak beste, ez dago gerrarik, eta dagoeneko ez da existitzen klima aldaketaren problema.

Galdera bota du Zabalak: desiragarria litzateke hau? Jarraian eman du erantzuna: «Batetik, bai; bestetik, ez. Ikusita munduaren martxa, ez dakit, ez da helduleku txarra pentsatzea makinek salbatuko gaituztela, sinesteko kapazak baldin bagina. Literaturan, behintzat, sinesgarri egiten saiatu naiz».

Hainbat kontu eta egoera gurutzatzen dira ipuinetan; androide poliziak daude, Marteko bizitza eta Euskal Herri independentea, bizikleta gainean hegan egiten duen pertsona bat, birus zahar eta berriak, umeak zituenik ez zekien aita bat, iritzilari neuronala, David Bowieren itzala, futbola mundua salbatzen, bi pertsona ilargian Lurrean etxe bat nola eraisten duten ikusten eta abar.

Zientzia fikzioa, erronka

Zabalarentzat «erronka» izan da zientzia fikzioa idaztea. Hala azaldu du: «Ni beti izan naiz nahiko idazle intimista, oso gauza pertsonalei buruz idatzi dut. Intimismo eta pertsonalismo horretatik ihes egiteko, zientzia fikzioa egitea pentsatu nuen». Hasieratik zuen liburu bat eredutzat hartuta: Mikel Alvarezen Euskalia. «Horrelako zerbait egin nahi nuen. Ez da posible izan; beste mota bateko literatura egin dut. Gauza batzuetan bat datoz, bietan dago euskara homogeneo eta zapaltzaile baten fikzio utopikoa. Baina oso liburu diferenteak dira».

Hamabost ipuinen gaztelaniazko itzulpena eginda duela azaldu du idazleak. Prest du, beraz, gaztelaniazko bertsioa ere, nahiz eta zail ikusten duen berau argitaratzea. Zabalak azpimarratu du autoitzulpena lagungarria egin zaiola euskarazkoari zuzenketa batzuk egiteko: «Argitaratu ondorengo autoitzulpena askoz zailagoa eta gogorrago irudituko litzaidake. Iruditzen zait autoitzulpena ondo dagoela argitaratu arte, gerokoa oso nekagarria da idazlearentzat».

1985ean argitaratu zuen bere lehen liburua Zabalak, Zigarrokin ziztrin baten azken keak, eta makina bat lan ondu du ordutik: Gertaerei begira, Galdu arte, Hautsia natza, Inon izatekotan, Txistu eta biok, Ospa... Genero guztietan idatzi du, eta idazmakinatik gertu jarraituko du aurrerantzean ere, sortzen: «Dimisioa aurkeztu dut, baina dimititu gabe». Hala esan du, umorez: «Hurrengo pauso logikoa zein izango litzateke? Seguru asko hurrengo liburua ChatGPTaren laguntzaz idaztea. Egia esan, proba egin dut, baina nik solaskide izatea lortu dudan ChatGPTak ez dit batere lagundu; gainera, euskarazko erantzunak oso traketsak dira, eta ulertu ere ez dit oso ondo ulertzen. Seguruenik adimen artifizialaren laguntzarik gabe idatziko dut hurrengo liburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.