«Nire lan egiteko modua da, hari bat hartu, eta tira egin ea zer ateratzen den. Hemen, inoiz baino gehiago: amaraunaren haritik egin dut tira, helburu garbi bat izan gabe». Tira egitea ikasketa modu «poliedriko» bat delako egiten du tiraka lan Santos Bregañak (Iruñea, 1965). Kasu honetan, gizakiaren iruditerian amaraunen munduak zein forma hartzen duen aztertu du, eta leihoetatik eta alanbre hesietatik jasotako hamasei amarauna jarri ditu ikusgai Kristinaeneko Ingurumen Baliabideen Etxean, Donostian. Maiatzaren 20ra bitartean izango da zabalik erakusketa, eta jarduera programa batekin osatuko dute.
Lehen begi kolpean, erakusketa soila da Amarauna, «distribuzio pausatukoa». Zortzi sare daude ezker horman, armiarma klase bakoitzeko bat; eta beste hainbeste eskuinekoan. Haietako bat Kanaria uharteetatik (Espainia) ekarria da, eta gainontzekoak Donostian hartuak dira, Igeldon. «Tindatuta daude, eta itsasgarri batekin jarrita paperean», azaldu du Bregañak. Baina garrantzia kendu dio teknikari: «Ez zait interesgarria iruditzen». Koadroez gain, hurrengo elementu nagusia zutik dagoen argi panel bat da, zeinetan 28 armiarma familiaren begiak irudikatu dituen artistak, familia bakoitzaren hatz markaizango balira bezala.
Oro har, erakusketaren gaineko bi interpretazio iradoki ditu Bregañak. Oinarrian eta begi bistan dagoena bat: sareen bilduma bera. «Amaraunak ingeniaritza lan eta naturako diseinuzko artefaktu modura ulertuta, betiere. Tranpa hartu eta paperera eramatea», zehaztu du. Bigarren interpretazio «metaforiko-sinbolikoaren barruan», berriz, interpretazio amaigabeak utzi ditu zabalik artistak.
Hiriaren egitura tranpa
Armiarma sarearen egituratik abiatuta, Bregañak hiriarekiko lotura egin du lehenengo. 1888ko Gasteizko plano bat jarri du erakusketa sarreran, hiriaren egitura amaraun batena lakoa izan daitekeela erakutsiz. Forman bakarrik ez, baita sakoneko zentzuan ere: «Hiriak, artefaktu alienagarrigisa, ikaragarrizko antzekotasuna du amaraunarekin, distantziatik baino ikusi ezin badugu ere. Horrek pizten du lehen interpretazioa; nola harrapatzen gaituen hiri batek, nola inorentzen gaituen».
Emakume iruleen historiara eta mitoetara ere iritsi da Bregaña, amaraun haritik tiraka jarraituta. «Iruditeria kolektiboan emakume iruleek duten lekua interpretatzea eta mundu horri fokua jartzea beste asmo bat izan da», azaldu du, eta kultura ugaritan agertzen den figura dela nabarmendu: eslaviarrean, germanikoan, japoniarrean, greziarrean... Baita Euskal Herrikoan ere: «Marik ere patua iruten du urrezko harizpia erabilita».
Denbora irutearen zentzu horrek erakarri du gehien Bregaña amaraunen gainean egindako azterketatik: «Amaraunak harrapatzearen zentzua du, tranpa bat da, eta hori mozteak denboraz libratzearen esanahia du niretzat. Orainaldi jarraituan sinesten dut, eta zorian sinetsi nahi dut. Norbanakoa amaraunak sinbolizatzen duen denboratik eta patutik libratzeko gai dela sinetsi nahi dut».
Arakne mitoaren aipamena ere jasotzen du erakusketak. Baita beste sinesmen bat ere: tarantula europarraren ziztadak tarantismoa eragiten zuela uste zen garai batean, eta tarantella dantzatzea zela zegoen sendagai bakarra. «Italia hegoaldean eroen pare egiten zuten dantza, euli batek armiarma saretik libratzeko egiten duen gisara», dio Brugañak.
Lan denak lan berbera dira
Bregañaren sortzaile izaeran bi adar bereizten ditu Bregañak berak: diseinatzailea eta artista. Alor askotan lan eginez osatu du bere bidea, baina, funtsean, «lan denak lan berbera» direla uste du. «Denak dute kontakizun bat eta kontakizun paralelo bat; bigarrena hartzailearengana iritsiko den konfiantza izaten dut beti».
Kasu guztietan, ordea, natura du lehengaia. «Nik egiten dudan aldarria da artistak ez duela beste inspirazio iturririk natura bera baizik. Nolabait, armiarmak hartzen ditu etengabe. Kasu honetan, literalki, baina beti dira naturaren kapturak». Are gehiago,artista bigarren planoan geratzeari keinu eginda, erakusketako piezen egilea ez dela bera aipatu du, armiarmak eurak baizik.
«Kanibalismoa, parrizidioa, ziztadak, zortzi begi, pozoia... Zaila da armiarmak begiko izatea. Baina eurak libratzen gaituzte beste zomorroetatik, eta, beraz, badago akordio bat», nabarmendudu. Hala, natura eta kultura gurutzatzean lortzen den ezagutzarekin geratzen da bera. Aztergaia zein den, gutxienekoa da Bregañarentzat: «Amaraun bati begira gure mundu guztia hasten da irteten. Baina, egiazki, edozein gauzarekin gertatzen da berdin; sagar bat hartzen baduzu ere, dena ateratzen da. Polita, ez? Gauza bakoitzak dena barnebil lezake».
Gizakiaren denbora ehunak
Santos Bregaña artistak 'Amarauna' erakusketa ireki du Donostiako Kristinaenea fundazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu