Ismael Manterola
Begiz

Gizaki izatearen garrantzia

2025eko martxoaren 25a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

L’Art de ser humans (Gizaki izatearen artea) David Bueno biologo kataluniarraren liburuak arteen defentsa sutsua egiten du. Neurozientziaren ikuspuntutik arteek jendeari ekarri diezazkioketen abantailak aztertzen ditu era dibulgatibo batean idatzitako liburuan.

Ikerlariak neurozientzia eta heziketa lotu izan ditu bere ibilbidean. Buenorentzat, arte ezberdinen trebatzeak onurak ekartzen dizkio giza burmuinari, batez ere ume eta nerabe garaietan. Ikasketa prozesu etengabean bizi garen animalia bakarrak garenez, arteek laguntza ezinbestekoa ematen digute bizitza osoa izateko. Bide batez, gustatu zait zoriontasunaren eta bizitza oso baten artean Buenok egiten duen bereizketa.

Egileak arteak berezkoak ditugula azpimarratu du liburuan, ez direla ikasitako zerbait besterik gabe. Gure burua arteentzat prestatuta dago, eta garrantzi handikoa da alderdi horiek garatzea eta bultzatzea pertsona osoak izateko. Ideia hori egiaztatzeko ume garaira jotzen du, eta esperimentu batzuen bidez azaltzen du artea egitea instintiboa dela, homo sapiens-ak berezko duen zerbait. Guztiok kantatzen dugu edo erritmoa eramaten dugu umetan, edo zirrimarrak egiten ditugu arkatza eskuan hartuz gero. Gauza bera gertatzen da antzerkiarekin edo forma eta koloreekin. Agian ikasitako arte bakarra idazkerarekin eta irakurmenarekin lotutakoa izango litzateke, eta horrek ere berezkoa dugun beste zerbaitekin harremana izango luke, hots, hizkuntzarekin.

Hala ere, liburuan aurkeztutako ideia harrigarriena zientzia eta filosofia arteen atalean sailkatzea da. Buenorentzat, gizaki zientifikoak eta filosofikoak gara berez; ezer ikasi gabe modu instintibo batean zientziarako eta filosofiarako joera izango genuke, eta horregatik arteei buruz hitz egiten duenean zientzia eta filosofia bertan sartzen ditu. Arrazionalismotik zetorren eta Entziklopediak egindako bereizketa historikoari aurre egiten dion ideia honek klasikoengana hurbiltzen gaitu, greziarrek-erromatarrek arteei buruz hitz egiten zutenean, gure artea, artisautza eta teknikak zaku berean sartzen baitzituzten, eta noski, Buenok egiten duen bezala, arteei buruz hitz egiten zuten, eta ez arteari buruz, guk egiten dugun bezala.

Beraz, sarritan kontrajarrita aurkezten zaizkigun jakintza esparruak uste baino hurbilago daudela esatera dator ikerlari katalana. Askotan behartuta ikusi dugu geure burua zientzien eta letren artean aukeratzera; gaur egungo nerabeei, gainera, hirugarren aukera eskaini zaie: artea. Eta heziketa integrala eman beharrean gazteek egin beharreko aukerak alderdi neuronal baten kastrazioa eragiten badu? Hezkuntza arduradunei pentsatzeko gaia jarri die David Buenoren liburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.