Elkarren artean harremanik eta zerikusirik ez daukaten bi artista elkartu, eta bakoitzari erakusketa baterako obrak sortzeko eskatu. Horixe egin du Rita Unzurrunzagak, Donostiako Ekain Arte Lanak galeriako arduradunak. Barbara Stammel margolaria (Stanberg, Alemania, 1960) eta Ramon Ruiz Cabestany eskultorea (Donostia, 1960) elkartu ditu galeriak oraingoan, udako erakusketa kolektiborako. Zabalik da jada, eta irailaren 24ra arte egongo dira ikusgai bi sortzaileen piezak.
Stammelen hamahiru koadrok eta egurrean urrezko ogia erabilita sortutako erretratu ikoniko batek, eta Ruiz Cabestanyren 33 piezak osatzen dute erakusketa. «Nahiz eta bi artistei elkarlan honek beldur pixka bat eman, nire begiek hasieratik ondo ikusten zuten erakusketa kolektibo hau. Orain, lanak zintzilikatuta daudela, harmonia bat dagoela ikusten da, eta bata zein bestea oso gustura daude emaitzarekin», azaldu du Unzurrunzagak.
Stammelek bere erretratuetarako erabiltzen dituen olioak antzina egiten zuten modu berean prestatzen ditu: pigmentuekin. Berak sortutako materialak erabiltzen ditu, eta oihal gainean egiten du lan normalean, lihozkoak diren mihiseetan batez ere.
Margolariak ibilbide oparoa du, batez ere emakumeen erretratuak margotzen, baina Donostiako erakusketan berrikuntza bat antzeman daiteke: andreez gain, umeak ere erretratatu ditu oraingoan. Gainera, haur afrikarren erretratuak ere ikus daitezke. Unzurrunzagaren ustez, haur afrikarren irudiekin leku bakoitzean bizitzeak zer ondorio dituen erakutsi nahi izan du margolariak. Tamaina ertainekoak edo txikikoak dira Stammelek ikusgai jarritako lan gehienak.
Ruiz Cabestanyren piezek inprobisazioa dute ardatz, eta berezkoa duen lengoaiaz sortu ditu. Azaldu duenez, bere proposamenak Stammelenarekin talka egingo ote zuen beldur izan zen hasieran, eta, horregatik, bere obrak ez daude gai jakin bati lotuak. Zeramika erabiltzen du gehienbat, etabuztin erregogorra erabili du erakusketako piezak sortzeko.
«Formei dagokienez, nik eskultura monumental baina oso txikiak eta jasangarriak egiten ditut. Badakit kontraesankor samarra dela, giza irudi batek handia izateko bokazioa duelako, baina ni konforme nago tamaina honekin», azaldu du Ruiz Cabestanyk. «Aurrekontu txikiarekin eta ekoizpen lan gutxirekin tamaina handiko irudiak gogora ekar daitezkeela uste dut».
Gaineratu duenez, bere piezek momentua irudikatzen dute, gertaera bat, kontakizun bat; normalean, oreka edo arriskuren bat adierazten dute. Hala, piezak sortzeko garaian memoriaz baliatzen da batez ere eskultorea, bizipenez, telebistan ikusi duen gertaera batez... eta gizakiaren zailtasunak izaten dira normalean bere ardatza. Egoera horiek hartu, eta piezetan islatzen saiatzen da.
Bestalde, adierazi du pieza baten tamainak eta sortze prozesuan eskaini dizkion lan orduek ez dutela zertan harremanik izan ; hasieran oso sinplea dirudien obra batekin denbora asko egon daitekeela lanean, eta, aitzitik, oso konplexua dela dirudien beste bat sortzeko prozesua azkarra izan daitekeela. Funtsean, garrantzitsuena emaitza dela uste du eskultoreak: «Azkenean, piezen balioak erlazio estuagoa dauka emaitzarekin edo bakoitzaren gogobetetzearekin, lanari eskaini diozun denborarekin eta ordu kopuruarekin baino».
Bere bizipenen artetik, zer pentsatu handia eman dion une bat ekarri du gogora artistak: 1980ko hamarkadan, nerabea zela, Aurrezki Kutxa Munizipalean erakusketa bat jarri zuen, eta bere piezetako bat saldu egin zen. Egun hartatik 32 urte igaro dira, eta haren lagun batek pieza hura Emausen denda batean aurkitu zuen salgai, bost euroan. Kolpe bat zuen aldeetako batean, eta konpontzea erabaki zuten. «Pieza bakoitzak izan duen historian pentsarazten didate halako egoerek; non ote dauden nire piezak, nora ote doazen, asko bidaiatu ote duten... Piezak, urteekin, ondo edo gaizki mantenduta egon daitezke, eta horretan asko pentsatzen dut. Hasieran buztin zati bat zen pieza hura non ote dago orain?».
Giza irudia, margoz eta buztinez
Barbara Stammel margolariak eta Ramon Ruiz Cabestany eskultoreak beren zenbait artelan elkarren ondoan jarri dituzte Donostiako Ekain Arte Lanak galerian. Irailaren 24ra bitartean egongo da zabalik erakusketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu